Iramendi tontor txiki bat da, Errobiren ibarrean dago, eta Ezterenzubiko etxeen gainean ageri da, hain justu. Bide luze samarra egin beharko dugu, Bihurriko oihanean eta sakanean barna, ahal den neurrian alde batera utzita tontorraren inguruko zenbait bide, hala Eiheralarretik nola Ezterenzubitik abiatzen direnak. Mendi kaskoan, bada harri multzo berezi bat, berdea nagusi den inguru hartan nabarmentzen dena. Eta bistak ere arrazoi ona dira kaskoraino igotzeko, hurbileneko tontor handiagoak ikus baitaitezke handik, tartean Urkulu eta Errozate.
Bihurriko oihanean barna
Ezterenzubi erdigunean, frontoia eskuinaldean utzita, Errobiren parean doan errepidea hartuko dugu, eta Beherobirantz eta Errobiren iturbururantz jo. Azken etxeak igaro ondotik, gibelean utziko dugu eskuinaldeko zubia ere, errekaren bi aldeak elkartzen dituena, eta errepide estuan barna segituko dugu belazeen artean, han-hemenka arbolak ageri direla. Halako batean, bertze zubi bat aurkituko dugu eskuinaldean, Bihurriko bidea markatzen duen seinalearen ondotik. Bada, zubi hori gurutzatu, lehenbiziko etxea gibelean utzi, eta, bigarrenaren parera ailegatzean, ezkerrera joanen gara: erreka baten gainetik pasatu, eta bidearekin bat eginen dugu. Bide horretan barna pauso bakan batzuk eman orduko bidegurutze batera ailegatu, eta eskuinetik segituko dugu, oihanean goiti, gaztainondoen, pagoen eta haritzen artean.
Hala, Bihurriko oihana zeharkatzen duen bide zatiari ekinen diogu: kanpoko bazterretik eginen dugu aitzinera, harik eta Ahantzaldeko mazelara eta hango iraleku trinkora iritsi arte. Errozateren siluetari so egin ondotik, bertze arboladi baterantz joko dugu, baina, eskuinera biratu, eta izkin eginen diogu; hala, Gatarre mendia ikusiko dugu, Ezterenzubiren gainean. Eta orduan bai, orduan pagadian sartuko gara, eta malda bat baino gehiago igaro beharko ditugu bata bertzearen ondotik, itzalpean betiere. Gora egin ahala, Iramendiko kaskoa ikusiko dugu adarren artetik, Bihurriko sakanaren gainean tente.
Orduan, ezkerrerantz jo, eta urrundu eginen gara sakanaren ondoko mendi mazelatik. Gero, malda piko bat pasatu, eta pagaditik aterako gara. Bidexka belartsu batean aitzinera egin, eta gisa bereko bertze batekin eginen dugu topo: eskuinetik helduko diogu, eta goiti eginen dugu borda pare bat eta arditegi bat ikusi arte. Han, bide harritsu bat aurkituko dugu, eta ezkerretik segituko diogu, paseoan, ia ez baitu pendizik. Heia baten ondotik pasatuko gara, baita Bordale bideko seinalearen ondotik ere, harik eta eskuinaldean bide bat agertuko zaigun arte. Harekin bat egin, eta pagoz betetako bertze gune batean sartuko gara.
Tontorrerako igoera panoramikoa
Basoan barna lasai paseatu ahala, poliki-poliki eginen dugu goiti; gero, Sohandi mendiaren bizkarren peko bide zelaietan ibili, eta bira eginen dugu bizkar horietako baten tolesturaren ondotik, eta pixka bat jaitsi. Basotik ateratzean, Iramendiren iparraldeko aldea izanen dugu parean; aitzinera eginen dugu bidebanatze batera ailegatu arte. Ezkerrera hartuko dugu orduan, eta goiti egin Ireiko lepoaren ingurura iristeko falta den tarte txikian. Lepo hori hagitz zabala da, eta bidea bitan banatzen da han. Eskuinerantz joko dugu hogei bat metroz, alde batera utziko dugu eskuinaldeko bordetara sartzeko bidea, eta, bertze dozena bat metro eginda, bat eginen dugu eskuineko zelaigunea zeharkatzen duen xendrarekin.
Hirugarren bordaren eremuko zerraduraraino joanen gara, eta zerradura bazterretik aitzinera egin, mendiaren hegoaldeko aldean goiti egiten duen bidean barna. Soro eta harri tartean ibiliko gara, goraka; irtengune bat pasatuko dugu, malda txiki bat gero, eta Iramendi kaskoko harri multzo sakabanatua ikusiko dugu orduan. Harri guzietan garaienaren gainean jarriko gara. Inguruko bistaz gozatu ondotik, etorritako bide beretik itzuliko gara. Bidea pixka bat laburtu nahi izanez gero, asfaltozko bidearen ezkerreko adarrari segituko diogu Ireiko lepoaren peko bidegurutzean, eta Ezterenzubira bueltatu.