360º

Kartxela, Belaguako haranaren ipar-mendebaldeko zelataria

Belaguako harana zaintzen du alde batera, eta Zuberoako goiko larreak eta arroilak bestera. Yeguaceros ingurutik ibilbide samur samarra egingo dugu, GR12 zidorrari jarraituz.

Kartxela mendia
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Yeguaceros, Urdaite, Prado de los Gigantes, Binbaletako lepoa, Kartxela
  • Distantzia: 9,2 km (654 m+)
  • Iraupena: 3 ordu eta 55 minutu
  • Ingurunea: Belagua, Erronkari
  • Estekak: Ibilbidea
2026ko uztailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kartxela mendiguneak Belaguako haranaren ipar-mendebaldearen zelataria dirudi. 2.000 metroko garaierara iritsi gabe, Keleta mendiarekin osatzen duen mendilerroan eta Otsogorrigaña aldera zabaltzen den zirkuan dagoen gailurrik altuena da Kartxela bera.

Inguruko gain nagusia den arren, Kartxela mendiaren tontorra ez da ikusten Belaguako mendatera doan errepidetik. Izan ere, Keleta mendiaren eta biak lotzen dituen mendilerroaren atzean dago, erdi ezkutuan.

Ekialdetik begiratuta, Kartxela mendi irisgarria da, batez ere modua dagoelako mendateko errepide ondoko gune garaietatik abiatzeko. Sarrera nagusiak Venta de Juan Pito, militarren egoitza izandakoa eta Yeguaceros ingurua dira. Hala ere, desnibel handiagoei aurre egin nahi izanez gero, Belaguako haranetik bertatik abiatzen diren ibilbideak aukeratu daitezke.

Jarraian ikusgai dagoen ibilbidea Yeguaceros inguruko aparkalekutik abiatzen da, Belaguako harana baino 400 metro gorago. Bideak GR12 bidezidorrari jarraitzen dio,erraza da, eta ez da malda handirik gainditu behar. Ibilbidean hartu beharreko mendi bide gehienak lurrezko bidezidor erosoetatik igarotzen dira, belardi eta mendi mazela belartsuen artean.

Gainera, bideak aukera paregabea eskaintzen du Keletan hasten den mendikatea eta Prado de los Gigantes delako belardi bitxia gertutik ikusteko.

Yeguaceros – Urdaite

Yeguaceros inguruko aparkaleku txiki eta zolatu gabean utziko dugu ibilgailua, ipar-mendebalderantz abiatzeko asmoarekin. Abereentzako itxituraren ondotik igaro, eta ondo markatutako lurrezko bidezidor batean sartuko gara. Bideari jarraitzen hasi eta minutu gutxiren buruan, lautada txiki batera iritsiko gara. Iturri bat ikusiko dugu eskuinaldean. Hor, gure bideak bat egiten du Belaguako aterpetik datorren GR12 bidearekin.

Bide ondoko arroka eta zurezko zutoinetan dauden marra gorri eta zuriei jarraituz egingo dugu aurrera. Kortelaplanako lepo bertikalaren azpian iparrerantz jo, eta Uturrotx inguruan ibilbideko lehen erreka zeharkatuko dugu.

Errekara iritsi baino metro batzuk lehenago, ekialderantz jaisten den bidezidor bat hasten da. Bide nagusia lokaztuta dagoenean edo errekak ur gehiegi dakarrenean, Ardibidegaina izenez ezagutzen den bidezidor hau aukera ona izan daiteke Urdaitera igarotzeko.

Kortelaplana mendiaren hegoaldeko mazelan aurrera jarraituko dugu, zuhaitzen muga lerroaren azpitik, ipar-mendebalderantz. 500 metro inguru egin, eta, iparralderantz doan bihurgune txiki baten ondoren, bigarren errekastoa topatuko dugu. Mendebalderantz, Kortelaplanako magalaren ingerada bihurgunetsuari jarraituz, Urdaite edo Arrakogoiti lepora iritsiko gara nahiko azkar.

Prado de los Gigantes belardi bitxia

Urdaiteko lepoaren ondotik igaroko gara, seinaleztaturiko bideari jarraituz. Binbaleta mendiaren oinera gerturatu ahala, aldapa areagotzen hasten da oinaren aurrean kokatu arte. Mendi bideak Binbaletaren hego magala inguratzen du, eta Prado de Los Gigantes izenarekin ezagutzen den belardiraino iristen da.

Binbaletako gailurraren azpitik igaro ondoren, belardiko lehen harkaitz formazioetara iritsiko gara. Uhar txiki bat zeharkatu, eta emeki-emeki mendebal-hego-mendebalderantz biratzen hasiko gara. Aldapa handiagoko eremua izan arren, bidea erosoa eta egonkorra da.

Oro har, belardiaren harkaitz formazioak gure ezkerraldean utziko ditugu. Bestalde, erreferentzia nagusi gisa, Keleta mendian hasten den lerroaren bukaerako ezproia hartuko dugu, haren oinaren eskuinaldean baitago Binbaletako lepoa.

Belardiaren gehieneko makurdura gainditu, eta argi eta garbi ikusiko dugu Binbaletako leporako sarbidea. Azken harkaitz zerrenda ezkerretara utzi eta azken aldapa gainditu ondoren, lepora iritsiko gara.

Azken malda gogorra

Lepoan, GR bidea utzi, eta hego-mendebalderantz igotzen dena hartuko dugu. Kartxela mendiaren parterik gogorrena dugu hori, malda handiko 100 metro baino gehiagoko mendi hegala alegia. Hori nahikoa ez, eta ez du atsedenerako inolako tarterik gailurretik metro gutxira dagoen gunera iritsi arte.

Bidea lurrezkoa da han ere, baina, gorantz egin ahala, igarotzeko zailtasunik gabeko harmaila edo maila itxurako azaleratze harritsuak ikusiko ditugu-. Lurzoru guztietan bezala, ur edo lokatz asko izanez gero, labaindu eta lurrera erortzeko arriskua handiagoa da; beraz, jaitsierari begira, aurrera egiteko abiadura eta inertzia bera kontrolpean eduki beharko dira tarte honetan.

Lepotik abiatu eta lehenengo metroetan hego-mendebalderantz egingo dugu, goranzko diagonal bati jarraituz. Harkaitz zerrenda nabarmen batek mugatzen du diagonal horren bukaera. Zerrenda horretara iristean, norabidea aldatuko dugu eta Z zabal bat egin, oraingoan hego-hego-ekialderantz, irtengunearen oinari jarraituz. Erpinera iritsi eta hasierako norabidea berreskuratuko dugu, aipatutako oztopoaren gainetik jarraitu ahal izateko.

Azkenik, Kartxela eta Keleta mendiak lotzen dituen lerroaren azkeneko muinoaren ondotik igaroko gara. Hor gaudela, tontorretik oso gertu, lehen aldiz ikusiko dugu ibilbideko punturik garaiena.

Muinoa ezkerretara utzi, eta inguratzeari ekingo diogu malda bera apaltzen den heinean. Bideak bira zabal bat egiten du hego-hego-mendebalderantz, ertzeko sarbidea bilatu nahian. Pasartea irtengune txiki bat besterik ez da, harrien arteko arrakala batek mugatzen duena. Bertatik igo eta ertzean dagoen belarrezko zelai txiki bakarrera iritsiko gara.

Kartxela mendiaren gailurrerako bidea ibilaldi labur bat da orain, ertzaren gainetik doana eta aparteko ikuspegia duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!