Ordunte mendilerroko ekialdeko muturrean dago, eta, Gorbeia, Ganekogorta, Oiz eta Solluberekin batera, deiadar mendietako bat da Kolitza mendia. XIX. mendean, Bizkaiko Batzar Nagusietara dei egiteko erabiltzen ziren gailurrak ziren, su seinaleen bitartez edo deiadar eginez. Enkarterriko behatoki aparta dugu, eta, Mimetiz abiapuntu hartuta, Larrea, Zipar eta Garbea gailurrak lotuko ditugu, tartean Abellanedako Batzar Etxean geldiunea eginez. Porlan eta legarrezko pistak izango dira nagusi; ez da ibilbide batere teknikoa, baina aldapa luzeei aurre egiteko indarrak ondo neurtu beharra dago.
Herri lasaia da Mimetiz (98 m). Lehenengo metroetan, Euskadi plazara abiatuko gara, eta, Jose Etxezarraga kaleari jarraituz, San Kristobal errekaren pistarekin egingo dugu topo. Mendian gora eginez, Madalena auzora darama pista honek; bertan, XVIII. mendeko ermita aurkituko dugu. Bide nagusiari so eginez, Azollako baserrira iritsiko gara; orduan, mendilerroa ekialdera segituz, Larreako gailurraren bila abiatuko gara lehenengo. Azken metroetan aldapa bat dago, eta bizikletari bultzatu beharko zaio, baina Grumeran mendilerroaren bista ederrak eskaintzen ditu (632 m).
Ondoren, atzera bueltatuz, Las Llanas de Ubieta izeneko zelaiak zeharkatu eta, hango antena gidari dugula, Ubieta edo Zipar mendia igoko dugu (631 m). Goian, hegazkin itxurako postontzi bat topatuko dugu, isatsan sorgin bat itsatsia duena. Jarraian, Azollara bueltatu, eta aurrean dugun mendia ipar magaletik inguratuko dugu, Abellanedako Batzar Etxera ziztu bizian iritsiz (270 m). Eraikin eder horretan biltzen ziren Enkarterriko udalbatza eta ibarretako ordezkariak, eta gaur egun Enkarterriko Museoa dago bertan.
Porlanezko pista lasai batek Bezira garamatza. Han, San Kosme eta San Damian eliza bereizgarria dago, eta BI-3611 errepidea gurutzatuta, bizikleta konpondu eta garbitzeko postua.
Errepidean behera egingo dugu La Herbosara iristeko (305 m), eta han Garbea mendira daraman igoera luzeari emango diogu hasiera. Gailurrean (718 m), antena batekin egingo dugu topo beste behin. Ordunteko mendilerroa ipar-mendebaldera jarraituz, Pelayos dugu hurrengo gailurra, Kolitzaren ikuspegi ederra duena. Pico del Mojon mendiaren bizkarra zeharkatzea izango da hurrengo pausoa, eta xenda dibertigarri batek Porqueriza aisiagunera eramango gaitu.
Guinea mendia ere zeharkatuko dugu, La Torquilla lepora heldu (570 m), eta handik Kolitzaren igoerari ekiteko. Neberako lepoan, aterpea eta nebera aurkituko ditugu, aurrean malda gogor bat faltan besterik ez dugu izango Kolitzako San Sebastian eta San Roke ermitara iristeko (883 m).
Pandozales auzoa zeharkatu, eta Balmasedara daraman jaitsierak amaigabea ematen du. Alde zaharretik pedalka goazela (146 m) zubi zaharra bisitatzeko aukera izango dugu. Herria atzean utzi eta La Mella bidegorria hartuko dugu, Cadagua ibaiari jarraitzen dio eta ur kanal bat du ondoan. Hari segituta, Andra Mariaren Jasokunderen eta San Antonio Paduakoaren elizara eta Urrutia jauregiaren aztarnetara iritsiko gara.
La Herreran beste bidegorri bat hartuko dugu, Bolunburura daramana; Santa Ana ermita, Bolunburuko dorrea eta burdinolaren aztarnak bisitatuko ditugu bertan. Azkenik, Cadagua ibaiari jarraituz, Mimetizera bueltatuko gara, txoko paregabez beteriko ibilbide honi amaiera emanez.