Eskalada

Kopako harria: ‘Urdaburu ertz herrikoia’

Kopako harria Nafarroako Endara haranaren gainetik gailentzen den granitozko gailur eder eta bakarti bat da. Hainbat eskalada bidek zeharkatzen dute mendiaren horma; hemen deskribatutakoa da horietako bat.

Endarako urtegia Kopako harritik
Endarako urtegia Kopako harria mendiaren magaletik. XABIER MUJIKA 'SMITHY'
Eskalada. Ertz herrikoia, Kopakoarri
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Kopako Harria
  • Distantzia: 100 metro
  • Iraupena: 1 ordu
  • Ingurunea: Aiako Harria, Endara harana
  • Estekak: Ibilbidea
Xabier Mujika.
2025eko ekainaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Geologikoki, Aiako Harriarekin gertatzen den moduan, Euskal Herriko mendirik zaharrena da Kopako harria. Hango hormetan dauden eskalada bideetako bat da Urdaburu ertz herrikoia (100 m, V+), nahiz eta ez den gailurrean amaitzen.

Ertz honen inguruko lehen artikulua 2025eko ekainaren 25ean argitaratu genuen, baina gerora, bidean aldaketa batzuk egin dituztela jakin genuen. Argitaratutako artikulua irakurri ondoren, ohartu ginen idatzitakoa eta gerora aldatutako bidea ez zetozela bat. Hori dela eta, inor nahas ez zedin, bidea berriro eskalatu genuen artikulua eguneratzeko. Hona hemen eskalada horren emaitza eta bidearen deskribapen eguneratua.

Bidearen datu batzuk

Luzera: 120 metro.
Luze kopurua: 4.
Nork irekia: Sonia Rodriguez eta Txingu Arrieta 2012an. Jatorrizko lehen bi luzeak Txingu Arrietak berreskuratu eta ekipatu zituen berriro 2024an.
Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1.L: V (20 m), 2.L: V (30 m), 3.L: V+ (30 m), 4.L: IV (30 m).
Orientazioa: Hegoaldea.
Ura: Ola Berri jatetxean hartu daiteke.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15 minutu.
Jaitsiera: Bidearen amaieratik ezkerretara dugun kanal belartsura zuzenduko gara eta bide belartsu horretatik jaitsiko gara (tartean soka finkoz babestutako bi puntu daude) igoerako bidearekin bat eginez.
Eramandako materiala: Hainbat luzeratako 6 express zinta eta zinta batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke, bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren hegazti eta animaliei ez trabarik sortzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete eta berrogeita hamar minutu.

Nafarroan dagoen Endara urtegiaren ekialdean dago Ola Berri jatetxea. Hara doan bidegurutzea hartu, jatetxea eskuinean utzi eta aldapan gora doan porlanezko pistari jarraituko diogu San Anton lepora arte. Han utziko dugu autoa. Bertatik iparraldera doan mendi bidea hartu, aldapatxo bat igo, eta, haritz batzuetara iritsitakoan, bide nagusia alde batera utziko dugu. Ezkerrera (mendebaldera) beste bidexka bat abiatzen da; ez da oso nabaria, baina huraxe hartuko dugu. Pinudi bat ertzetik zeharkatuz hormara iritsiko gara.

Deskribapena

- Lehen luzea (V), 20 metro . Sabai txiki bat lehen metrotan eta horma inklinatu bat gero. Jarraian, erlaitz zabal batera iristen da (IV), eskuinetik oinez jaitsi daitekeena. Horma tente bat eskalatuz jarraituko dugu (IV+/V) eta seigarren paraboltetik eskuinetara joko dugu gainean dugun sabaia inguratuz, erlaitz batera igo arte (IV).

- Bigarren luzea (V), 30 metro. Horma makurtu bat eskalatuko dugu (V), eta bigarren paraboltera iritsitakoan eskuin aldera zeharkaldi motz bat egingo dugu gandorraren puntara igotzeko (III+). Metro batzutan oinez jarraituko dugu, parean dugun gandorrera igoko gara (IV) eta amaiera arte jarraituko dugu bilgunera iristeko (III).

Hirugarren luzera iristeko, bilgunean lotuta dagoen soka baten laguntzaz jaitsi eta oinez 15 metro inguru ibiliko gara.

- Hirugarren luzea (V+), 30 metro, . Orratzaren eskuineko ertzaren laguntzarekin eskalatzen hasiko gara (V+) eta ertz horretatik jarraituko dugu orratzaren gainera igo arte (V). Orratzaren beste aldean dagoen horma goiko ertzetik eskuin aldera eskalatuko dugu (IV+) eta parean dugun beste orratz batera pasako gara, amaiera arte eskalatzeko (IV). Orratz horrek eta atzeko hormak osatzen duten lepotxoan, uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiko gara.

- Laugarren luzea (IV), 30 metro. Luzeak pixkanaka etzaten doan horma bati jarraitzen dio. Hasierako metroak tenteak dira (IV), baina bigarren paraboltetik gora horma etzaten doa, erlaitz belartsu batera arte (III). Erlaitzaren gainetik horma zertxobait tentetzen da berriro ere baina heldulekuek onak izaten jarraitzen dute (IV).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.