Mendiko bizikleta

Laminen eta itsaslaminen itzulia

Urdaibaiko antzinako aztarna eta behatoki ederrenetatik mendiko bizikletarekin eginiko ibilbidea.

Santa Katalina ermita, Mundakan. IVAN RUIZ ROTAETXE
Santa Katalina ermita, Mundakan; gotorleku izan zen behin, eta horren testigu dira inguruko harresiak. IVAN RUIZ ROTAETXE
BTTko ibilbidea. Urdaibai itsaslamin
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Bermeo, Katillotxu, Tribisburuko nekropoli erromatarra, Sollube, San Pelaio, Matxitxako lurmuturra
  • Distantzia: 40 km (1.000 m+)
  • Iraupena: 3 ordu eta 20 minutu
  • Ingurunea: Urdaibai
  • Estekak: Ibilbidea
Ivan Ruiz.
2026ko martxoaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urdaibai bike reserve markaren babespean, bizikleta zaleontzako helmuga gisa aurkeztu dute haien ingurua Urdaibaiko turismo eragile nagusienek. 18 ibilbide guztira, familian, errepideko bizikletarekin edo mendikoarekin egitekoak; gustu guztietarako adina. Eta haien artean interesgarrienetako bat hauxe dugu: Laminen eta itsaslaminen itzulia, eskaintzen dituen irudiengatik zein historiaz betetako txokoengatik. Bermeo, Mundaka, Katillotxu, Sollube eta Matxitxako lotzen ditu ibilbideak, Gaztelugatxeko San Juanen ikuspegi ederrena eskaintzen duela ahaztu gabe.

Bermeoko futbol zelaiaren inguruan du hasiera gure abenturak. Alde zaharreko kale estuak zeharkatu eta portura jaitsiko gara lehenik eta behin, herri honek itsasoarekin duen lotura gure baitan sentituz. Ondoren, BI-2235 errepideari jarraituko diogu, Bermeo atzean utzita eta Kantauri itsasoa bidelagun, Mundakara iristeko. Kale artean murgilduko gara Santa Katalina baseliza famatua bisitatzeko; segur aski, Urdaibaiko santutegirik erretratatuena. Jarraian, itsas ondotik paseoan, Mundakako portua eta herriko hondartza ikusiko ditugu, Laidatxu. Kresal usainak eta herriko giroak bertan gelditzera gonbidatuko gaituzte.

Asfaltozko aldapa gogor bati aurre eginez, Goitiz auzora igo eta, PR-BI 176 ibilbideari jarraituz, Katillotxu mendira (336 metro) iritsiko gara. Han, izen bereko I eta V trikuharriak daude, eta ikuspegi aparta izango dugu handik: Sollube mendia, Laida hondartza eta Ogoño leku ezagunak.

Mendilerroari hegoalderantz jarraituko diogu, eta Arribietako gainean Katillotxu II tumulua ikusteko aukera izango dugu. Gero, aldapan behera abiatu, eta Urkiobera iritsiko gara. Han, Zabala auzora daraman pista hartuko dugu. Auzoko baserriak atzean uztean, pista laga, eta Tribisburu nekropoli erromatarrera daraman bideari segituko diogu, aldapa gora. Errausketa nekropoli bat da Munarrinagusi gailurretik hurbil dagoen hau.

Ondoren, Sollube mendia ipar magaletik inguratzen du ibilbideak, gailurrera daraman errepidearekin bat eginez azkeneko kilometroan. %11ko maldari aurre egin beharko diogu deiadar mendiaren gailurrera iristeko (684 metro). Ia Bizkaia osoaren ikuspegi aparta izango dugu handik; ulertzekoa da gailur hau Batzar Nagusietarako deia zabaltzeko erabili izana iraganean.

Asfaltozko pistak Sollubeko mendateraino (385 metro) eramango gaitu aldapa behera. Hemen Mañu auzoko pista hartuko dugu, eta mendilerroan iparrerantz joko dugu, legar eta lurrezko bideetatik Garbola eta Burgoa mendiak inguratzeko. Aznabarra mendiaren mendebaldeko magaletik behera, Erdi Aroko San Pelaio - Doneperai ermitara daraman bidea erabiliko dugu kostaldera bueltatzeko.

Hilerriko bideak Bi-3101 errepidearekin bat egiten du, Gaztelugatxeko San Juanera daraman pistaren sarrera dagoen bidegurutzean, hain zuzen. Hura hartuko dugu, eta baseliza famatuaren ikuspegiaz gozatuz joango gara tarte batez. Gaurkoan ez dugu santutegia bisitatzeko erreserba egin, beraz, sarrera postua atzean utzi, eta Nestor Basterretxeak Euskadiko Gudontzidiari eginiko omenezko eskultura bisitatuko dugu. Bide honen amaieran Lurgorri atsedenlekua dago; eta metro batzuk aurrerago Matxitxakoko itsasargira daraman bidea topatuko dugu. Bide hori xenda jostagarri bihurtzen da gero.

Azkenik, Bermeora bueltatzeko, Bi-4203 errepide lasaia izango dugu bidelagun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA