Eskalada

Larrunarri, 'Arrastrakulos' kanaletik

Mendia elurtzen denean, sortzen diren aukeren artean errazenetakoa da. Nolanahi ere, badira pare bat tarte nahiko tente, eta Erlabeltzeko puntatik gailurrerako tartea ere tentuz egin behar da elurra izanez gero.

Larrunarri edo Txindoki mendiko 'Arrastrakulos' kanalaren neguko eskalada
Azaroko elurtean, kanala eskalatzen. XABIER MUJIKA, 'SMITHY'
Eskalada. Arrastrakulos, Larrunarri
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Larrunarri
  • Distantzia: 200 metro, Erlabeltzeko puntara arte.
  • Iraupena: Inguratzea ordubete pasatxo. Ondoren, eskalada eta jaitsiera.
  • Ingurunea: Aralar
  • Estekak: Ibilbidea
Xabier Mujika.
2025eko abenduaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Neguko lehen elur malutek etxe ondoko mendiak zuritzen dituztenean, azaroaren hondarrean gertatu zen bezala, grina pizten da armairuan gordetako piolet eta kranpoiei hautsa kentzeko. Lehen elurte horietan, mendizale askok Aizkorriko kanalak izaten dituzte jomuga. Baina Aizkorrin botatako elurra ongi egonkortu bitartean, badira beste aukera interesgarri batzuk ondoko mendietan kanalak eskalatzeko gosea asetzeko; kronika honetan proposatutako ibilbidea, adibidez.

Larrunarrin elurra azkar eraldatzen da, altueragatik eta eskalatu daitezkeen kanalen orientazioagatik. Izan ere, ipar horman debekatuta dago eskalatzea. Larrunarrik dituen aukeren artean, kronika honetako kanala izan daiteke errazena. Gainera, zatirik teknikoenak belarrez estaliak daude, eta, beraz, pioletak lur izoztuan tinko sartzeko aukera dago. Ez da eskalada luzea, baina inguruaren edertasunak eta bakardadeak modua emango digute goiz-pasa joan eta gozatzeko.

Arrastrakulos Larrunarriko eskalada bideetatik jaisteko jarraitu izan den kanal belartsu bat da berez: ez da oso bertikala, baina badira pare bat tarte nahiko tente. Negu giroan elurrezko kanal ederra bihurtzen da, teknikoki ez oso zaila, baina bai arreta jartzea eskatuko diguna.

Arrastrakulos bideak, berez, hiru kanal eskaintzen dizkigu bata bestearen ondoan. Hirurak berdintsuak dira zailtasunaren aldetik, baina igoerarik ohikoena erdiko kanalekoa izaten da. Bertan, 65 gradu inguruko bi irtengune interesgarri topatuko ditugu, eta, kanalaren amaieran, belarrez estalitako horma tente bat, eskuinetik erraz saihestu daitekeena.

Horma belartsu hori eskalatu ondoren, harkaitz plaka etzan eta luze bat igo beharko dugu, bertako zimur eta zuloetan pioleten eta kranpoien puntak ongi bermatuz. Plakaren amaieran, zeruertzean, Erlabeltzeko puntaren metalezko gurutze handiarekin topo egingo dugu.

Larrunarriko gailurrera iristeko, Erlabeltzeko puntaren eta Larrunarri gailurraren arteko gandorrari jarraitu beharko diogu, tarteka orekari eutsiz Abaltzisketaraino erortzen den amildegiaren ertzean. Tarte horrek, elurrik gabe, ez du zailtasun handirik, baina elurtuta dagoenean kontu handiz ibili beharko dugu, batez ere elurra biguna badago. Elur asko dagoenean gomendagarriagoa eta seguruagoa da Larrunarriren ipar hormarantz jotzea, eta gailurrerako tartea aurpegi horretatik egitea.

Bidearen datu batzuk

Luzera: 200 metro, Erlabeltzeko puntaraino.
Zailtasuna: PD/M3/III.
Orientazioa: Hego-mendebaldea.
Ura: Larraitzen hartu daiteke, baita Larrunarriko ohiko bidean dagoen Oria iturrian ere.
Hurbilketa: Larrunarrira doan ohiko bidea hartuko dugu Larraitzen (Abaltzisketa). Langa bat pasatu, ondoko pinudia amaitzen den lekuan ohiko bidea utzi, eta zelaian gora hasiko gara, hormarantz. Autoa uzten den lekutik bidearen oinera joateko, ordu eta laurden inguru beharko dugu. Beste aukera bat da Tximista esaten zaion bidetik igotzea, eta, luzeagoa den arren, bidean arrastoa zabalduta badago gutxiago nekatuko gara.
Jaitsiera: Larrunarrirako ohiko edozein bidetatik. Negu giroan, biderik erosoena eta azkarrena Tximista delakoa izaten da.
Materiala: Bi piolet, kranpoiak eta kaskoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.