Mendiko bizikleta

Lasarte-Oria eta Andoain inguruko gailurretatik mendi bizikletan

Gotorlekuak, ermitak, trikuharriak eta bestelako gune interesgarriak izango ditugu ikusgai Oria ibaiaren inguruko mendietan.

Andatza gailurreko gurutzea
Juanasoroko edo Andatzako gurutzea. IVAN RUIZ ROTAETXE
BTTko ibilbidea. Lasarte
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Lasarte-Oria, Santa Barbara-Agerreburu, Buruntzako gurutzea, Andoain, Belkoaingo gurutzea, Ezkeltzu, Andatzako gurutzea
  • Distantzia: 38 km
  • Iraupena: 3 ordu eta 50 minutu
  • Ingurunea: Oria ibaiaren arroa (Lasarte-Oria, Andoain, Aduna...)
  • Estekak: LasarteBTT
Ivan Ruiz.
2025eko azaroaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aizkorriko mendilerroaren ipar-magalean du jatorria Oria ibaiak, eta, Bizkaiko golkorako bidean, Andoain eta Lasarte-Oria zeharkatzen ditu. Altuera apaleko baina desnibel handiko mendiek inguratzen dituzte herriok, eta tontor horietako batzuk Euskal Herriko Mendien Katalogoan ageri dira beren garrantziagatik; esaterako, Buruntza, Belkoain eta Andatza mendiak. Haiek ezagutzeko helburuz, Lasarte-Oria eta Andoain lotu eta ibaiaren bi isurialdeak ezagutuko ditugu.      


Lasarte-Oriako erdigunea (34 m) atzean utziko dugu Buenos Aires aldapatik gora eginez. Jauregi auzotik Agerreburu mendira daraman ohiko bideari jarraituko diogu lehenik eta behin. Bertan, Santa Barbarako gotorlekua eta ermita daude; azken metroetan, aldapa gogor bati aurre egin beharko diogu ermita eta postontzia dauden lekura iristeko, gune harresituan sartu bezain laster hain zuzen. Hainbat gudatan erabilia izan zen arren, Karlistaldien garaiko eredu aparta gisa iraun du Santa Barbarako gotorlekuak. Gailurreko ermita txikiari dagokionez, 1622. urtekoak dira hari buruz mintzo diren lehenengo dokumentuak.



Arrikarteko leporantz  egingo dugu ondoren, behera (122 m). Gertu dago Santa Barbarako eskalada gunea. Elutxeta sagardotegirako bidea hartu eta GI-3832 errepidearekin bat egiterakoan, behera jarraituko dugu. Eskumara aurkituko dugun bigarren bidea baliatuz, Azkorteko Santa Kruz ermitara iritsiko gara: Kristoren XIII. mendeko irudi bat du barruan.

Legarrezko bidean behera, Aizkibel harrobira iritsiko gara, eta, hura zeharkatu ondoren, gora egingo dugu berriro, Derrepente baserrira. Hor hasten da San Roke ermitara daraman xenda. Baseliza txikitik gertu, aterpe bat aurkituko dugu, eta, haren ondoan, Buruntzako gurutzera daraman bidea, eguneko bigarren gailurra (441 m). Azken metroak oinez egin beharra dago, baina merezi du ahalegina egitea Oria ibaiak sortutako haranaren gaineko ikuspegiez gozatzeko. 



Gero, atzera bueltatu, zuzenean Andoainera daraman pistatik jaitsi, eta Buruntzako San Martin elizaren aztarnategia bisitatuko dugu. Andoainen, lastoa jasotzen ari den baserritar baten margolan handiarekin topo egingo dugu San Martin elizarako bidean. Herriko plazan trago bat hartu, Oria ibaia zeharkatu, eta Sorabillako bidetik gora jarraituko dugu baserrien artean. Hala, Elordi lepora iritsiko gara lehenengo, eta, mendi bide aldapatsuan aurrera eginda, Mareagako lepora ondoren. Mendilerroan gaudela, eskumara joko dugu: Belkoaingo gurutzera iritsiko gara (488 m), eta, metro batzuk aurrerago, izen bereko trikuharria ezagutzeko aukera izango dugu. Inguru honetan, Eusko Gudarosteak 35 egunez eutsi zien etsaiaren erasoei.



Ibilbideak mendilerroaren ipar-mendebaldera jarraitzen du ondoren: Txingorrigaina zeharkatuko dugu, eta Zarateko Bentako trikuharrira daraman bidea hartu. Aurrerago, SL-GI 26 bidearekin bat egin, eta Ezkeltzu mendira igoko gara (508 m). Gailur horretatik gertu elur zulo bat dago. Hurbil izango dugu Andatza, eta ekialdetik inguratuko dugu, ondoren gailurrera igotzeko. Bidean, aterpe bat dago piknik gune batean, eta gailurrean bertan (562 m) beste aterpe bat topatuko dugu.



Gero, poliki-poliki txangoa amaitzeko, Juanasoroko edo Andatzako Gurutzera jaitsiko gara bidezidor estu batetik. Argazkia eginda, marka zuri-horiek —tarte teknikoa hauxe— zuzenean gidatuko gaituzte Biribillondo mendiaren magaletik Zubietara jaisten den pistara. Hipodromora iritsita, Oria ibaia azkeneko aldiz zeharkatu eta Lasarte-Oriara bueltatuko gara. Bizikleta garbitzeko gune bat izango dugu eskura, ibilbidea txukun-txukun amaitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.