Mendi Film Bizkaia Ternua beka, martxan

Mendi Film jaialdiak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ternuak Mendi Film Bizkaia Ternua bekaren 4. aldia aurkeztu dute. Mendiko kulturarekin lotutako zinemagintza eta ikus-entzunezkoen ekoizpen munduan zuzendari gazteak eta zuzendari berriak sustatzeko helburua du.

ramon olasagasti
2023ko otsailaren 27a
12:13
Entzun

2024ko Mendi Film Bizkaia Ternua beka aurkeztu dute gaur goizean Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Alberto Iñurrategi Ternua Groupeko mendi taldearen eta ekitaldien koordinatzaileak eta Jabier Baraiazarra Mendi Film elkarteko presidenteak. Hautatutako proiektua garatzeko 10.000 euroko diru laguntza eta aholkularitza programa bat emango ditu bekak.

Beka jasotzeko aukera izango dute Espainian bizi diren 18 eta 35 urte bitarteko gazteek eta, adina beste bat izanik ere, beren lehen lana aurkezten duten zinemagileek. BBK Mendi Film Bilbo Bizkaia mendi zinemaldiaren 17. aldian plazaratuko da sortzen den filma, 2024ko abenduan.

Proiektuak aurkezteko deialdia 2023ko otsailaren 27an zabaldu eta 2023ko maiatzaren 31n itxiko da. Oinarriak eta izena emateko inprimakia www.mendifilmfestival.com webgunean daude. Sortze prozesuan edo hastapenetan dauden proiektuak onartuko dira, ez amaituta daudenak.

Proiektuak aztertzeko, bost laguneko lantaldea izango da. Lara Izagirre zinemagilea, Alberto Iñurrategi mendizalea, Itziar Garcia zine ekoizlea, Aitor Gisasola zinemagilea eta ikus-entzunezko irakaslea eta Jabier Baraiazarra Mendi Filmeko zuzendaria izango dira lantalde horretako kide.

Bekarako, mendiko kulturaren esparruan, mendian egin edo garatu daitezkeen hainbat jarduera bil daitezke: alpinismoa, eskalada, eskia, beste era bateko mendiko kirol jarduerak, abentura, esplorazioa, jarduera kulturalak, linguistikoak, artistikoak, ekonomikoak…

Jarduera horien eragile aktiboak dira bekaren babesleak: Bizkaiko Foru Aldundia, Ternua Group outdoor enpresa eta Mendi Film elkartea, BBK Mendi Film Bilbo Bizkaia nazioarteko mendi zinemaldiaren antolatzailea.

Laugarren aldia

2020an egin zen Mendi Film Bizkaia Ternua bekaren lehen deialdia. Harrezkero, bi film estreinatu dira Mendi Filmen, eta hirugarren bat lanketa bidean da. Tamara Lucarini zuzendari euskaldunaren Txango filma izan zen lehen fruitua, 2021eko Mendi Filmen estreinatu zena. Marina Garcia Andreu zuzendari kataluniarrak jaso zuen laguntza bekaren bigarren deialdian,Lobos proiektuarekin. Pelikula 2022ko Mendi Filmen estreinatu zen. Asturiasen landa giroko herrixketan otsoaren presentziak sortzen duen egonezina eta sineskeriak ditu ardatz.

Txango eta Lobos Mendi Tour zirkuituan ikus daitezke, Mendi Filmeko filma onenekin batera osatutako programazioetan. Urtarriletik azarora bitartean, Espainia osoko 50 bat herri edo hiritara iristen da Mendi Tourra.

Bekaren hirugarren deialdiko proiektu irabazlea lanketa prozesuan dago orain. Leire Egaña zuzendari euskaldunak hartu du lekukoa, Bost bide pelikularen egitasmoarekin. Mendizaletasunaren oinarri nagusietakoa jorratuko du bertan: bidea partekatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.