Galarreta eta Zalduondo herrietako basoetan jaun eta jabe dira ametzak (Quercus pyrenaica). Hala ere, ametzok osaturiko itsaso adarkatuan beste espezie batek ere hartzen du lekua, lur silizeoa arras gustuko baitu: haritz kandugabea da (Quercus petraea). Aurreko bidelagunak baino handixeagoa da hau, eta adaburu biribila bezain hostotsua du. Milpiribil eta Askiola mendien hegoaldeko mazelan barrena ibilita, haritz sendo horietako batzuk ikusteko parada dugu, Mindutxa eta Beorlatzako erraldoiak, besteak beste.
Galarreta herrian (Araba) hasiko gara ibilian. Bistan da herriko elizak itxura bitxia duela. Tenpluaren ganga lurrera etorri zen XX. mendearen erdialdean, eta, monumentuari zor zitzaion arreta eta laguntza ez baitziren garaiz iritsi, herriko ikono bihurtutako dorre garaiak lurra jo zuen 2014ko uztailean. Gaur egun, ordea, bestelako harrera egiten du herriak: artelanak eta hala behialako nola egungo lanbideei loturiko elementu esanguratsu ugari jarri dituzte kale nagusian zehar.
Ibilian hasteaz batera, landa bideak Arantzazuko mendilerroari begira jarriko gaitu. Estibarriko sakana eskuinaldean dugula eta Arriturri ezkerrekoan, hegiz hegi jarraituko dugu, norabidea aldatu gabe. San Pablo inguruan aparkaleku xume bat dago. Galarreta-Zalduondoko zidorraren azalpena dakarren mapa bat ikusiko dugu han. Nekazari bidea ixten duen langa bat zeharkatu, eta eskuinetik segituko dugu. Gero, ezkerretik jarraituko dugu bide seinaleei men eginez, eta, errekara jaitsi gabe, pinudira iritsiko gara.
Basoan gaindi ibiliko gara orain, goxo-goxo. Pinudiak hariztiari bidea emango dio, eta Otxarango etxolara iritsiko gara bizkor-bizkor. Txabolaren albotik igaro, eta iparralderantz segituko dugu. gezi batek ohartaraziko digu 300 metro falta direla Mindutxako haritz tantai handira iristeko. Basabidea bitan banatzean, Beorlatzako parajera doana laga eta zuzen egingo dugu. Galarretako haritz garrazta itzela segituan ikusiko dugu, basabidearen eskuinaldean goratzen den terraza batean. Gozatzeko tartea izanik, behar beste denbora hartuko dugu han, haritz zangoan. Izan ere, gordeak dituen haritz bizipenak adeitasun arduratsuz aditzeko parada izango dugu.
Beorlatzako haritzak
Beorlatzako haritz handia bisitatzeko, aurreko bidebanatzera itzuli eta ezkerrera egingo dugu. Mindutxako sakaneko errekastoa igaro, eta, gora jo gabe, eskuinetik doan zidorrari jaramon egingo diogu. Ondoren, pagadia zeharkatuta, Basakaitz errekara helduko gara. Ur emaria gurutzatu eta Zalduondorako bidea bazter utzita, aldats pikoari aurre egingo diogu. Aldapa atzean laga ostean, lau bideko elkargune batean izango gara. Zuzen segituko dugu orduan, gora edo behera egin gabe. Aurrerago, ezkerreko bidea bazter utzi ostean, Askiolako lepotik amiltzen den errekastoa gurutzatuko dugu. Aldats xumea amaituta, topo egingo dugu basabide batekin. Ezkerrera hartu, eta Beorlatzako haritz babestuaren albora helduko gara.
Haritza ezkerrean utzi, eta basabidean aurrera egingo dugu. Arteahuarburuko bihurgunea igaro, eta Zalduondo aldera egingo ditugu urratsak. Hari elektrikoaren azpitik igaro berritan, Malpasoko aparkalekura doan bidea utzi eta Zalduondorako bideari oratuko diogu. Posten Errege Bidea batuko zaigu Santa Polonia inguruan. Adi ibiliko gara han; izan ere, Galarretara hurreratuko bagara, eskuinera hartu beharko dugu laster. Berokiako gurutzearen kopia atzemango dugu behialako harbidearen ondoan. Korrosparri eta Perretano muinoen artetik igarota, bidezidorrak ibarrean behera gidatuko gaitu, eta, azkenik, Zubibarri zubia gurutzatuta, amaiera emango diogu ibilbideari Galarreta herrian.