Mendiko bizikleta

Munhoa, Uhakietako zirkuaren itzulia

Nafarroa Behereko hiriburu Donibane Garazi bisitatzeko aitzakia ederra dugu ibilbide honetan, eta itzuli ederra osatuko dugu haren gaineko gandor eta gailur belartsuetan.

Munhoa gailurra
Ikuspegi amaigabeaz gozatzen Munhoako gailurrean. IVAN RUIZ ROTAETXE
BTTko ibilbidea. Munhoa, Nafarroa Beherea
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Nafarroa Beherea
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Donibane Garazi, Espillako borda, Munhoa, Ahartza lepoa, Anhauze
  • Distantzia: 31,2 km
  • Iraupena: 2 ordu eta 30 minutu
  • Ingurunea: Donibane Garazi
  • Estekak: Munhoa.GPX
Ivan Ruiz.
2024ko martxoaren 20a
05:00

Munhoako gandor belartsuak Uhakietako zirkua osatzen du, Oilarandoirekin batera. Hortik datoz Irulegiko ardo ospetsuen mahastiak elikatzen dituzten urak. Bai, Nafarroa Beherera etorri gara oraingoan, eta haren hiriburua izango dugu gure ibilbidearen abiapuntu: Donibane Garazi. Donejakue bidearen abiaguneetariko bat izateagatik da ospetsua hiri harresitu hori, non besteak beste Eiheraberri zubiak eta Done Jakue ateak beretzen duten bisitarien arreta. GR-10a bidelagun, 900 metroko desnibela gainditu beharko dugu Munhoaren gailurrera heldu ahal izateko. Eta hor, Ipar Euskal Herriko panoramika ederrenetako batez gozatuko dugu.

Donibaneko turismo bulegoko aparkalekuan (165 m) hasiko gara pedalari eragiten, Nafarroako Atearen ondoan, hain zuzen. Errobi ibaia zeharkatuko dugu, Andredena Maria zubiaren ikuspegi famatuaz gozatzen dugun bitartean. Ondoren, Uhartera jo eta San Martin elizaren ondoan GR-10a hartu, eta Lasara daraman errepide lasaiari jarraituko diogu. Herrian gaudela, pistan gora jarraituko dugu, margo zuri-gorrien ibilbideari so eginez; Espillako bordara iritsi, eta metro batzuk gorago, Xoxoaenean, asfaltoa utzi, eta mendian gora egingo dugu.

Hor hasten da Munhoaren ipar-ekialdeko magalaren igoera, sakabanatutako haritz zaharren artean sigi-saga eginez gaindituko duguna. Beharriako muinoaren azpian gaudela, mendiaren hego isurialdera igaroko gara, asfaltatutako pistarekin bat egitean. Orduan, aldapa gora jarraitu, eta putreen janleku baten ondotik pasatuko gara, urrunean, gure aurrean, Baztandik banantzen gaituzten mendiak ditugula.

Urdantziako lepora iristear garela, ia 180 gradu biratu, eta aurre egingo diogu Munhoako gailurrera daraman aldapa gogor eta belartsuari. Bihotz taupadek nabarmen egingo digute gora tarte honetan, baina postontzira iritsitakoan (1.021 m) esfortzuak merezi duela ikusiko dugu, paisaia berde eta menditsu amaigabe batek inguratuko gaitu eta.

Munhoa gailurra
Donibane Garazi inguratzen duten gandor belartsuak, Munhoa gailurretik. IVAN RUIZ ROTAETXE

Jaitsiera zirraragarri baten ondoren, lepora bueltatu (869 m), eta GR ibilbidea utziko dugu, eskuinean, behera jarraitzen duen pistari segituz. Bide horrek aurrera egiten du Urdiako harria eta Munhogain mendien ipar isurialdean zehar; putreen janleku bat topatuko dugu bertan, Ahartzako lepora (734 m) iritsi baino lehen.

Oilarandoi mendiaren oinean kokatuko gaitu lepoak; gailurrean ermita bat du. Bi aukera ditugu hor mendia inguratzeko: lehenengoa, ezkerretik zailtasunik gabeko pistatik doana; bigarrena, eskuinetik mendiaren ekialdeko magal bertikaletik doan xenda teknikoa. Azkenekoa izango da gure aukera, emozioz beterikoa.

Mendiaren ipar isurialdean, xenda porlanezko bide bihurtuko da, eta bi aukerak elkartzen diren bidegurutze batera iritsiko gara (552 m). Hor, GR-10ak Baigorri aldera jarraitzen du; baina guk eskuinera joko dugu, eta etxaldeen artean Germietara jaitsi. Frontoiaren aurrean, hego-ekialdera doan pista hartu eta erreka bati segituz, Anhauzerako bidea hartuko dugu. Herria zeharkatuta, D515 errepidetik lehenengo metroak egin eta laster, eskuinera dugun pista hartuko dugu, errepidearen paraleloan doana, Azkaraten horrekin berriro bat egin arte. Kilometro pare bat baino ez zaigu faltako errepideko seinaleei segika Donibanera bueltatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.