Euskal Herriko traileko lasterketa handietako bat jokatuko da bihar Zeanurin (Bizkaia): Gorbeia Suzien, 10. aldia aurten. Lasterketa nagusiak 32 kilometro eta 2.400 metroko goranzko desnibela du, Gorbeiako Parke Nazionalean, eta Gorbeia tontorra bera du erreferentzia puntu nagusia. Laburrak, berriz, distantzia eta desnibel erdia: 21 km eta 1.200 m+ desnibel.
Beste behin nazioarteko eliteko korrikalaririk onenetakoak bilduko dira Zeanurin, Skyrunner World Series 2023 zirkuituko hamaikagarren proba ere izango baita Gorbeiakoa, azken aurrekoa. Lasterketako puntuazioa, gainera, bikoitza izango da, eta, beraz, SkyMasterseko oilar gehienak bertan izango dira, orain arteko liderrei, Iris Pessey frantziarrari eta Antonio Martinez espainiarrari, kukurruku ozenena nork egiten duen erakutsi nahian.
Oilarren arteko lehia izango baita Gorbeiakoa: Pessey Skyrunner zirkuituko liderrarekin batera hor izango dira aurtengo trail runningeko munduko txapelduna, Clementine Geoffray, frantsesa hori ere, Marcela Vasinova txekiarra, Anastasia Rubtsova errusiarra, Ikram Rharsalla marokoarra eta beste hainbat. Nola ez, etxeko korrikalariak ere garaipenerako borrokan ibiliko dira: iaz bost segundo eskasengatik bigarren izan zen Onditz Iturbe arantza ateratzeko gogoz arituko da aurten, eta zer esanik ez Oihane Azkorbebeitia abadiñarra. Haiekin batera, Zeanurin izango dira Irati Zubizarreta eta Oihana Zubillaga ere.
Mutiletan ere estua izango da lehia. Zeanurin izango dira Skyrunner World Serieseko sailkapen nagusiko lehen laurak. Aipatutako Antonio Martinez, Manuel Merillas espainiarra eta Frederic Tranchand frantziarra (biak bigarren postuan berdinduta daude), Zaid Ait Malek marokoarra, Alejandro Forcades espainiarra, Sebastien Poesy frantziarra, Gianluca Ghiano italiarra eta Peter Frano eslovakiarra, besteak beste. Euskal korrikalariei dagokienez, aurrekoen artean egoten saiatuko dira Aitor Zunzunegi, Aitor Ajuria eta Markel Urigoitia euskal selekzioko kideak.
Lasterketa 9:00etan abiatuko da Zeanuritik, eta ikusi beharko da azken orduetako euriak zer-nolako eragina duen ibilbidean.
Informazio gehiago, probaren webgunean.
Skyrhune, Azkainen
Gorbeiakoaz gain, goi-mailako beste trail bat ere izango da bihar Euskal Herrian: Skyrhune entzutetsua, Azkainen (Lapurdi), 21 km eta 1.700 metroko goranzko desnibelarekin. Euskal Herriko Kopako zortzigarren eta azken lasterketa izango da, eta, aldi berean, Golden Trail National Series zirkuituko proba ere bai. Euskal Herriko Kopan, orain arteko zazpi proben ondoren, Oihane Zubillaga eta Beñat Katarain dira liderrak.
Aritz Egea, probako aurreko aldi batean. Skyrhune
Azkaineko lasterketan ere ez da faltako oilarrik. Nesken artean, hor izango dira Blandine L’Hirondel frantziarra (hirugarren izan da berriki UTMBn), Mathilde Sagnes iazko irabazlea, Emlie Menuet, Olivia Magnone eta beste hainbat. Euskal korrikalarien artean, aurreko lehia horretan izan daitezke Maud Combarieu eta Ainara Uribarri, besteak beste.
Mutiletan ere izen handiak izango dira Azkainen: Benjamin Roubiol, Frantziako txapeldunordea, Loic Robert iazko irabazlea, Jan Margarit katalana (2021eko irabazlea), Aritz Egea urretxuarra (garaile 2015ean eta hirugarren iaz), Ander Iñarra, Yohan Baujard, Quentin Meyleu, Louisson Coiffet eta Frantziako selekzioko hainbat gazte...
Informazio gehiago, probaren webgunean.