Mendi ibilaldia

Ozentzio ermita

Errenteria eta Goizueta arteko bide zaharrean dago herri arkitekturan oinarritutako XIX. mendeko eraikin xume hau. Oiartzungo Iturriotz auzoko beste altxor batzuk ere ezagutuko ditugu txango honetan.

Ozentzio ermita, Errenteria eta Goizueta arteko bide zaharrean
Ozentzio ermita bigarren karlistadan eraiki zuten. MIKEL ARRIZABALAGA
Gipuzkoako ibilbidea. Ozentzio
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Iturriotz dorrea (Oiartzun), Garaño iturria, Elorrietako kaskoa, Sorondo, Ozentzio ermita, Ozentzio iturria
  • Distantzia: 8,5 km (351 m)
  • Iraupena: 2 ordu eta 20 minutu
  • Ingurunea: Oiartzualdea
  • Estekak: Ozentzio ermita
mikel arrizabalaga
2026ko martxoaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oiartzungo Iturriotz auzotik abiatzen den ibilbide erraz eta polit honetan, auzoan bertan altxatzen den Erdi Aroko dorrea ikusi, Elorrietako kaskotik dagoen ikuspegi ederraz gozatu eta herri arkitekturan oinarritutako Ozentzioko ermita berezia ikusteko aukera izango dugu.

Abiatu aurretik arreta berezia jarriko dugu abiapuntuan, bertan dagoen Iturriotz dorrean, hain zuzen ere. Domingo Sarastik eraikiarazi zuen. Sarastiren leinuaren aberastasunak siderurgian, abelazkuntzan, nekazaritzan eta baso jardueretan oinarritzen ziren. Dorreak 140 metro koadroko oinplano angeluzuzena du, eta 12 metroko garaiera; beheko solairuaz gain, beste bi ere badauzka. Hormek metro bateko lodiera dute eta kareharrizko harlanduz eginak dira. Dorre itxura izan arren, ez zen defentsarako sortu; beraz, gotorleku itxurako ezaugarri horiek jabearen gustu eta ideologiarekin dute zerikusia.

Lekuko historiko honi bizkarra eman, eta auzoa zeharkatuko dugu Zirauki kalean zehar. Kilometro erdi egin eta gero, bidegurutze batean dagoen Garañoko iturri eta garbitokiaren ondora helduko gara. Ezkerretik zabaltzen den porlanezko pista hartuko dugu. Bide horrek Erretegi Haundi landetxeraino eramango gaitu, baina, azken bihurgunera ailegatzean, bide zabala utzi, eta eskuinetik ateratzen den mendi bidea hartuko dugu. Kilometro erdi pasatxo egin, eta Sorondoko bidera aterako gara, Altza Txiki eta Matxillanda baserrien ondora.

Pistatik aurrera egin, eta bidegurutze batera iritsiko gara laster; ezkerreko bidea aukeratuko dugu. Hemendik aurrera SL GI-1004 bideko marra zuri eta berdeak izango ditugu lagun. Aiako Harriko parke naturalaren lurretan murgilduko gara. Atakaren bat edo beste igaro, eta Lanberri mendixkaren magalean hedatzen den pista zabaletik erraz egingo dugu hurrengo tartea, basoan sartuta. Bide seinaleek erakutsiko digute Elorrietako kaskora igotzeko hartu beharko dugun norabidea. Aldapa piko eta motza gainditu ostean, tontorrean dagoen mairu baratzera igoko gara. J. Argomanizek 1986an aurkitu zuen monumentu megalitiko hau ez da induskatu. Harrespil tumularra 3,20 metroko diametroa du, eta 0,30 eta 0,25 arteko altuera; 14 harrik osatzen dute.

Oarsoaldeko herriak eta Jaizkibel mendilerroa ikusteko talaia paregabe hau atzean utzi, eta Sorondo aldera jaisten den pistatik abiatuko gara. Bidegurutzera ailegatzean, marra zuri eta berdeei jarraituko diegu eskuineko bidetik. Bide lau eta eroso honek Ozentzioko ermitaren ondora eramango gaitu. Herri arkitekturan oinarritutako eraikuntza da, landa lurretan kokatua. Orduko erretore Manuel Gabino Sein jaunaren aginduz eraiki zuten, bigarren karlistadan, gudate denboran zaila baitzen eliz parrokian elizkizunak egitea. Esan dugun bezala, herri arkitekturan oinarritutako eraikuntza da, hargin lan interesgarriaz egindakoa. Denbora gutxiz erabili zuten, eta ondoren guztiz ahaztua egon zen orain gutxi arte; herrikoek, bertakoen laguntzaz, berritu zuten arte. Ermita eta baserria atzean utzi eta berehala iritsiko gara Ozentzioko iturri eta garbitokiaren ondora.

Iturrian zintzurra freskatu, eta bide lauari jarraituko diogu, baliza gehiagorik ikusten ez dugun arte. Orduan bat egingo dugu joaneko bidearekin. Bide hori hartuta iritsiko gara Iturriotz auzora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA