Eskalada

Peña Karria, hego-ekialdeko gandorretik

Ertz honen zeharkaldia zail-zaila ez bada ere (IV+ gehienez) etengabe du amildegi pikoa alde batera eta bestera. Euskal Herriko ertz ikusgarrienetakoa da, ikusgarriena ez bada.

Peña Karria mendiaren ertza
Peña Karriaren ertza. XABIER MUJIKA 'SMITHY'
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Oso zaila
  • Tontor eta leku izenak: Arroyo de San Zadornil (Burgos), Peña Karria
  • Ingurunea: Valderejo Natur Parkea (Araba eta Burgos arteko mugaldea)
  • Estekak: Ibilbidea
Xabier Mujika.
2025eko maiatzaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Peña Karria Arabako Valderejo parke naturalean dagoen mendi ikusgarria da, Burgos eta Araba arteko mugaldean. Burgosko Arroyo de San Zadornil abiapuntu hartuta, igotzen garen lekutik igota ere eskuak erabili beharko ditugu haren gailurreko ikusmira zoragarriaz gozatzeko. Hego-ekialdeko gandorrari dagokionez, ertzaren zeharkaldia edo eskalada zaila ez bada ere, etengabe izango dugu amildegi pikoa bi aldeetara. Izan ere, Euskal Herrian eskalatu daitezken gandorren artean ikusgarrienetakoa da Peña Karriakoa, ikusgarriena ez bada.

Gandorrari ekiteko, gehienez III zailtasuneko zatiak dituen hainbat punta eskalatuko ditugu. Metro hauetan gandorra pixkanaka zorroztuz doa, baita amildegia ere. Zati horren ondoren, gandorraren zatirik ikusgarrienari ekingo diogu. Gandorra erabat estutzen da, eta gero eta nabarmenagoa da amildegi ertzean gaudela. Zati honen amaieran, gandorraren pasagunerik zailena topatuko dugu: IV+ zailtasuneko arraila bat duen horma bertikal bat, iltze zahar batzuekin segurtatuta dagoena.

Peña Karria mendiaren ertza
Ertzaren pasarteetako bat. XABIER MUJIKA 'SMITHY'

Pasagune zaila atzean utzita, III zailtasuneko tarte bat eskalatzen jarraitu dugu, kate eta parabolt batez segurtatutako 4-5 metroko rappel motz bat egingo dugu, eta III zailtasunera iritsiko ez den tximinia bat eskalatuz gailurrera iritsiko gara, bertaraino iristen den ohiko bidetik autora itzultzeko.

Gandorrak autobabeserako aukera handiak ematen ditu, eta nahikoa izango dugu 30 metroko soka bat, dozena erdi bat espres zinta, zinta-uztai batzuk eta friend gutxi batzuekin. Pasagunerik zailenaren oinean bilgune bat muntatzeko aukera ematen duten bi iltze topatuko ditugu, pasagune hori luze bat eginez eskalatu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.