Eskalada

‘Rösti’ bidea, ibilaldi alpinoen oroimenez

Antxon Gorrotxategik Ziordiko ezproiaren inguruetan zabaldutako eskalada lerroak bost luze ditu (200 m, 5b+), eta bosgarrenak bi aldaera eskaintzen ditu.

Ziordiko 'Rösti' bidea. 'Asfodelo' ezproia
Bidearen bosgarren luzeko aldaeretako bat: 'Asfodelo' ezproia. X. MUJIKA 'SMITHY'
Eskalada. Ziordia, Rosti bidea
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Ziordiko ezproia
  • Distantzia: Bost luze (200 m)
  • Iraupena: -
  • Ingurunea: Ziordia-Egino
  • Estekak: Ibilbidea
Xabier Mujika.
2026ko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Rösti eskalada bideak argi agertzen du zer den, sarri, horma batean lerro bat zabaltzea: paretaren ahuleziak bilatu, aurkitu eta aprobetxatzen jakitea. Arte modu bat da hori ere. Bidea Antxon Gorrotxategik ireki zuen 2022ko udazkenean, hainbat urtetan bizitako ibilaldi alpinoen nostalgiak bultzatuta. Izan ere, patata oinarri duen Suitzako janari tipiko bat da Rösti.

Bidearen datu batzuk

Luzera: 200 metro.

Luze kopurua: Bost. Bosgarren luzea bi modura eskalatu daiteke.

Nork irekia: Antxon Gorrotxategik, 2022ko urrian eta azaroan.

Zailtasuna: V/V+. Luzez luze: 1L: IV+ (45 m), 2L: V (35 m), 3L: V (35 m), 4L: IV+ (30 m) eta 5L (aukera erraza): IV+ (50 m) edo 5L (aukera zaila): V/V+ (55 m).

Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.

Ura: Ziordia herriko iturrian har daiteke.

Hurbilketa: Ziordiko ezproira hurbildu ahala, ezkerrean utziko dugu ezproi hori, eta harritza handi batera iritsiko gara. Harritza zeharkatu ondoren baso batean sartuko gara. Bidexka bati jarraituz basoaren erdian dagoen horma bertikal batekin topo egingo dugu. Bidea horma bertikal horren oinean hasten da. Hasiera Rösti izena duen plakatxo batekin adierazita dago.

Jaitsiera: Bidearen amaieratik ekialdera joko dugu hormaren ertzetik gertu mantenduz. Ziordiko ezproiaren parera iritsitakoan, oso nabaria ez den xenda bati jarraituko diogu Irati bidearen amaiera arte. Hortik aurrera jaisteko bidea puntu gorriz adierazita dago.

Materiala: 60 metroko bi soka, luzera ezberdineko 14 espres zinta, friend sorta bat aukeran eta zenbait luzeratako zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, eta hormako animalia eta hegaztiei trabarik ez sortzeko, luze batzuk oso luzeak baitira.

Eskalada. Ziordia, Rosti bidea
Eskalada. Ziordia, Rosti bidea

Deskribapena

Lehenengo luzea, 45 metro, IV+. Horma bertikala eskalatuko dugu (IV+); Friend-ekin aseguratzeko aukera onak eskaintzen ditu. Ezker alderako joerarekin erdi oinez jarraituko dugu horma inklinatu batera arte. Horma hori eskalatu (III) eta lurrez betetako aldapa bat igo ondoren, parean dagoen hormaren ezker aldean bilgunea aurkituko dugu.

Bigarren luzea, 35 metro, V. Horma bertikal bat eskalatuko dugu hasieran, Z moduko trazadura bat eginez (V). Hormaren irteeran iltze bat aurkituko dugu. Iltzetik gora hormak tente jarraitzen du, V zailtasunaren inguruan. Bilgunera iritsi aurretik horma bertikalago bihurtzen da (V). Pareta hori eskalatuta, bilgunea tximinia estu baten oinean aurkituko dugu.

Hirugarren luzea, 35 metro, V. Tximinia estu eta bertikal bat eskalatuko dugu (V). Erlaitz batetik horizontalean eskuinera jarraituz, harlauza erraldoi batek osatzen duen arrail bertikal bat topatuko dugu gero. Arraila eskalatu (IV+) eta erlaitz beretik eskuinerantz jarraituz zuhaitz artean dagoen bilgunera iritsiko gara.

Laugarren luzea, 30 metro, IV+. Eskuin alderako joerarekin eskalatzen jarraituko dugu, eta parabolt batera helduko gara (III+). Eskuinerantz zeharkaldi horizontal bat eginez jarraituko dugu erlaitz batera igo arte (IV-). Erlaitzetik gora, horma bertikal bat eskalatzen jarraituko dugu (IV+), hormaren amaieran dagoen moko itxurako harkaitz berezi baten ezkerretik pasatuko gara (IV) eta metro batzuk gorago bilgunea aurkituko dugu.

Bosgarren luzera iristeko, bilgunetik oinez zuzenean goraka irtengo gara hasieran mugarriz eta ondoren puntu gorriz adierazitako bideari jarraituz. Bidearen amaieran dagoen bilgunea irteera zuzenarena da; horren eskuineko aldean dagoen bilgunea, berriz, Asfodelo ezproiarena.

‘Asfodelo’ ezproia, 50 metro, IV+. Kanaltxo bat eskalatu ondoren (IV), eskuinerantz zeharkaldi bat egin eta ezproiaren ertzera igoko gara. Hortik aurrera ezproia eskalatzea besterik ez zaigu geratuko (IV+), batzuetan eskuinetik, bestetan ezkerretik eta beste batzuetan ertzetik bertatik. Ezproiaren irteeran bi paraboltez osatutako bilgunea aurkituko dugu.

Irteera zuzena, 55 metro, 5b+. Bilgunetik gora zuzen eskalatzen hasiko gara, eta harkaitz-zubi batetik pasatutako kordel batera helduko gara (IV+). Hortik, ezkerrerako joerarekin eskalatzen jarraituko dugu, ezker aldera diagonalean doan kanal antzeko batean sartzeko (IV+). Kanalaren amaieran (V-) ur-tantadun plaka motz eta bertikal bat eskalatu (V) eta goian ikusten dugun arrail batera iritsi beharko dugu (5b+). Arrail horrek gaineko sabaiaren eskuinean dagoen tximinia bertikalera eramango gaitu. Lau metro inguruko eskalada bertikal eta ikusgarriaren ondoren (5b+), tximiniaren ezker hormara pasatuko gara, eta sabaiaren gainera aterako. Hortik gora, parabolt batera iritsitakoan eskuin aldera zeharkaldi motz bat egingo dugu, bilgunea muntatuta dagoen kanaltxora irteteko (V-).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA