Eskalada

Sakonaundi, Aizkorriko kanaletatik ahaztuena

Aitxuriko iparraldeko horma bertikalaren ikuspegi ederra dago kanal honetan, beste inondik begietsi ezin daitekeena. Gainerakoan, ez du aparteko zailtasun teknikorik.

Aizkorriko Sakonaundi kanala
Eskalatzaile bat Aizkorriko Sakonaundi kanalean. XABIER MUJIKA, 'SMITHY'
Eskalada. Sakonaundi kanala
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Aitxuri
  • Distantzia: 7,5 km (940 m+)
  • Iraupena: 4 ordu
  • Ingurunea: Aizkorri
  • Estekak: Ibilbidea
Xabier Mujika.
2026ko otsailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Askok galdetzen didate zein den Aizkorriko kanalik errazena. «Sakonaundi, dudarik gabe», erantzuten diet. Sakonaundi, Iralarrainardea kanalaren eskuinaldean dagoen kanal zabal bat da, nabarmena eta ahaztua. Eta ahaztua diot, Iralarrainardearen —BERRIAn badago kanal honen inguruko artikulu bat— ospearen itzalpean dagoelako. Ez da kanal teknikoa, eta ez da tontor batean amaitzen. Orduan, zergatik idatzi artikulu bat kanal honi buruz? Bi arrazoi nagusirengatik: batetik, Couloir —BERRIAn argitaratuta dago irteera honen inguruko artikulu bat— irteerara sartzeko atea delako, eta irteera hori Aizkorriko Gurutzearen eta Aitxuriren sektoreko ederrena delako. Bestetik, kanal horretatik Aitxuriko iparraldeko horma bertikalaren ikuspegi izugarria dagoelako, aho zabalik utzi eta inurri bat bezain txiki sentiarazten zaituzten horietakoa. Eta ikuspegi hori kanal honetatik bakarrik ikus daiteke.

Sarrera honekin amaitzeko, kontuan hartzekoa da kanal hau goiz igotzea komeni dela, egun eguzkitsuetan elur jausiak izaten baitira, Aizkorriko beste kanal nagusietan gertatzen den bezala. Hurbilekoak eta ezagunak izanagatik, etxe ondoko mendiak ezin ditugu gutxietsi elurtuak daudenean.

Ibilbidearen datu batzuk

Luzera: 7,5 kilometro inguru.
Punturik baxuena: Buenabista baserria, 575 metro inguru.
Punturik altuena: Aitxuri, 1.508 metro.
Goranzko desnibel metatua: 940 metro inguru.
Igotako mendiak: 1.
Ura: Zegaman har daiteke.
Zailtasuna: F.
Materiala: Kaskoa, kranpoiak eta piolet bat.
Ibilbidea egiteko behar dugun denbora: Oso poliki joanda eta atseden hartzeko denbora kontuan hartuta, lau ordu inguru.

Eskalada. Sakonaundi kanala
Sakonaundi kanala.

Zegamako Iruetxeta auzoko Buenabista baserritik hasiko dugu ibilbidea, eta Iralarrainardea kanalera doan ibilbideari jarraituko diogu —aurretik BERRIAren artikulu batean azaldua—, kanal horri izena ematen dion Iralarrain gurutzeraino. Handik zeharkaldi horizontal bat egingo dugu mendebalderantz, pagadi nabarmen bat zeharkatuz, Sakonaundi kanalaren hasierarekin topo egin arte.

Kanala zuzen igoko dugu, eta ez dugu zailtasun handirik topatuko, 45 gradurainoko bi irtengune baino ez. Kanala zabaltzen hasten denean, eskuinera egingo dugu, kanalaren adar nagusiari jarraituz eta Aitxuriko iparraldeko horma ikusgarria ezkerretara utzita. Kanala Aitxuri eta Artxabal mendien arteko lepoan amaitzen da. Elur gosez geratu bagara, Aitxuriko tontorrean amaitu dezakegu ibilbidea, lepoan zehar doan ohiko bideari jarraituz.

Jaisteko aukerarik errazena eta gomendagarriena igoerako bide bera hartzea da, batez ere Aizkorriko kanaletatik igo garen lehen aldia bada edo kranpoi eta pioletekin ibiltzen garen lehen aldia bada. Puntu bakar batean jarri beharko dugu arreta berezia: Aitxuriko jaitsieran, hain zuzen, batez ere kranpoiekin ibiltzeko ohiturarik ez badugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA