Santa Graziko ibarraren erdian, bada aparkaleku bat Kakuetako arroilara doazen bisitarientzat; zehazki, bi daude: bat handia eta bertzea txiki samarra, handienetik 50 bat metrora. Bietako edozeinetatik abia gaitezke. Aparkaleku txikitik abiatuz gero, errepidea gurutzatu beharko dugu Kakuetako arroilarako sarbidearen parean, eta eskuinera biratu; errepide bazterretik joanen gara bigarren aparkalekuraino: hagitzez handiagoa da bertzea baino. Bi aparkalekuen artean, Infernuko Zubirako sarbidea aurkituko dugu. Beheitiranzko bide bat da, Lojibarrera eta Murusketara darama, eta GR 10 ibilbideko seinaleak ditu.
Murusketara GR 10ean barna
Ibaia zeharkatuko dugu zubitik igarota; gero, sei bat metro gora egin, eta ezkerreko bidexka hartuko dugu: seinale horiak ditu, Arroilen Itzuliari dagozkionak. Aldi berean, GR 10aren ibilbideari segituko diogu. Hurritz hostotsuz osatutako arboladi batean barna goiti egin, etxalde batzuetako soroetara atera, eta auzo bidea hartuko dugu, ezkerraldetik; hala, goiti eginen dugu poliki-poliki. Hurrengo bidegurutzean ezkerrera jo, tarte batean zelaian ibili, baserrien eta soro berdeen artean berriz goraka hasi, eta bide horri segituko diogu bi etxeren aurrera ailegatu arte, han bukatzen baita.
Bide hori amaitzen den tokian, arbolaz betetako bidexka bat hasten da: GR 10eko seinaleak ditu, erreka bat du tartean, eta mehartuz-mehartuz doa inguruko soroen artean goiti egin ahala, ingurutik gordea dagoen pasabide bat nola. Hurritz eta gorosti lerroen artetik, zerradura pasatzeko bide baten aitzinera agertuko gara; hura igarota, baso eremu berezi horretatik atera, eta xenda batera ailegatuko gara: ezkerretik jarraituko diogu bide horri, Kakuetako arroilaren gainetik. Ehun bat metro egin ondotik eskuineko bidexka hartu, azpian sakan txiki bat dugula mendi hegalean barna ibili, eta sakanaren barreneraino ailegatuko gara; hortik, mendiaren bertze hegalean goiti abiatuko gara.
Behin mendi mazelaren parte hori eta hango belaia pasatuta, pista batera aterako gara. Orduan, horiz markatutako bidea utziko dugu, baina GR 10ean barna segitu. Hala, zuzen-zuzen igoko dugu mendi mazela; pista bi aldiz agertuko zaigu tartean, eta, hain zuzen, GR 10ari dagokion pibote bat ikusiko dugu, Murusketa izeneko parajera iritsi garen seinale. Eskuineko bideari jarraitu, eta goraka eginen dugu, desbideratze bat eskuinean utzita. Halako batean, aitzinera eginen dugu Sarimendiren mazela zabaletan barna, eta ohartuko gara mazela horiek teilakatu egiten direla tontor horren senide txikiagoarenekin, Izeitorenekin alegia.
Izeitoren mazeletan
Goian gailurrak ditugula eta beheitian baso sarriko amildegi sakon bat, aitzinera eginen dugu asfaltozko bide monotono batean barna, mendi bizkar soilduen eta arditegiz eta soroz inguratutako borden artean, mendi mazeletan sigi-saga. Azkenean, Anhauko lepora iritsiko gara: leku estrategikoa da, eta, ezkerrean, Binbaleta eta haren ingurua ikusiko ditugu, Keleta eta Kartxela ondoan. Anhaun eskuinera joko dugu, GR 10 ibilbidea alde batera utzi, eta Izeitoren mazela etzanetan barna aitzinera egin.
Mazela horretako belarretan bide eginez Arrestelietako lepora iritsi, eta handik Sarimendiko kaskora joanen gara, ahaleginik egin beharrik gabe ia. Behin goitik ikus daitekeen bista zabalaz gozatu ondotik, gibelera eginen dugu Arrestelietako leporaino, baina Anhaukoa alde batera utzi. Hala, ezkerrerantz jo, Izeitoko ipar mazelan ibili, eta jaitsi eginen gara poliki-poliki, baina ez beheitiko soroetako arboladiraino.
Pagadia baino ehun bat metro goitiago ibiliko gara, izkin eginen diogu tolestura bat zeharkatzen duen ur laster txikiari —urtaroaren arabera agertu ohi da—, eta Izeitoko ekialdeko mazelara iritsiko gara, behean dugula abiatu garen tokia, hau da, Santa Graziko ibarra. Gero, ezkerrera biratu eta mendi mazela jaisten hasiko gara zuzen-zuzen, ezkerreko pagadiaren bazterretik, harik eta goitirakoan Murusketan hartutako bidearekin topo egiten dugun arte. Handik aitzinera berriz GR 10ari jarraitu, eta Kakuetako arroilaren sarrerara itzuliko gara.