Burdinmendi bide berdea, berez, Traslaviñan hasi eta Kobaronen amaitzen da. 1876. urtean Bilbao River Cantabrian Rail konpainiako enpresari ingelesek inauguratutako burdinbidean du oinarria. Burdinaren zein pertsonen garraiorako erabilitako tren hori Babock & Wilcox enpresaren esku gelditu zen Espainiako Gerraren ondoren, eta 1968. urtera arte iraun zuen martxan. Jakina da eskualde honetan burdinak izan zuen garrantzia: inguruko meatzetatik minerala erauzi eta tren bidez kostara eramaten zen, handik, askotan, itsasontziz Ingalaterrara eramateko.
Ibilbide honetan, Mercadillo auzoa abiapuntu hartuta, bide berdearen lehenengo erdia osatuko dugu, hots, Traslaviñatik La Aceñako urmaelera daraman zatia. Zailtasun handirik gabeko ibilbidea da, bizikletan astero ibiltzera ohituta ez daudenekin egiteko aproposa.
Mercadilloko probalekuan emango diogu hasiera ibilbideari (76 m); kalean gora eginez. Andre Mariaren elizaren aurrean San Martin de Carral auzora daraman errepidearekin bat egingo dugu. Hemendik zihoan Balmaseda eta Castro Urdiales lotzen zituen galtzada; bide horren lekuko dugu oraindik zutik dirauen La Puente dorretxea (XVI. mendea). San Martinera iristerakoan, bidegurutzean, Beziko mendatearen errepideari jarraituko diogu. Batez besteko %6ko maldari egingo diogu aurre lau kilometro eskasean. Lasai hartuta, lan erraza da edozeinentzat. Longuitas mendiari bizkarra ematen goazela, San Kosme eta San Damian piramide formako elizak mendatearen amaierara iritsi garela adieraziko digu (337 m). Bizipunto bat dago bertan, Traslaviñako geralekura jaisteko erabiliko dugun pistaren hasieran. Tren geltokian dago bide berdearen "0" kilometroa.
Pare bat tunel eta Kolitza ibaiaren gaineko zubia zeharkatu ondoren, Olabarrietako kargalekura iritsiko gara, eta ondoren garbitokira. Burdinaren ustiaketa prozesua hobeto ulertzen lagunduko digute eraikin horiek. Bide berdean aurrera segituz, aldapatxo bat gaindituko dugu Lazilla harrobitik gertu. Behera egiten du pistak ondoren, eta gertu dugun bidegurutzean, ezkerrera, El Castaño auzora daraman bideari jarraituko diogu (120 m).
Autokarabana gunera iritsita, Saldamando errekaren ondotik El Alisal auzora daraman pista hartuko dugu. Tunel bat zeharkatu ondoren, bidegurutzean eskuinera jo eta errekaren kontrako isurialdetik atzera bueltatuko gara. Hala, Katalina meatzeko labeetara iritsiko gara, 1956. eta 1961. bitarteko tximinia erraldoiak.
Lokaztu egin ohi den xendak bide berdera bueltan eramango gaitu. Sopuertako abentura parkerako norabidean jarraituko dugu martxan. Parkean, tximinoak balira bezala zuhaitzetan jolasean dabil jendea, tirolinen artean. El Arenao auzoan egurrezko zubi polit bat zeharkatuko dugu, eta, ondoren, Geltoki jatetxera iristeko, aldapa gogor bati egingo diogu aurre. Hemendik, bideak La Aceña edo Atxuriagako urmaelera gidatuko gaitu, erretoki eta aisia gune artean.
Bide berdearen atala amaituta, errepidetik itzuliko gara. La Rampa (aldapa) auzora iristeko, izenari ohore egiten dion aldapari aurre egin beharko diogu. Aurrerago, errepideak behera segitzen du, eta La Sotako errepidea seinalea duen bidegurutzera arte jarraituko dugu. Seinale horri kasu eginez, Mercadillora bueltatuko gara azkenik, asfaltozko pista lasaiari jarraituz.