Piramide forma berezi hori dela eta, inguruko mendien artean deigarriena dugu Ttutturru, eta horrek nortasun berezia ematen dio. Hain da enblematikoa, ezen Lekunberriko mendi talde ezagunari ere izena eman baitio.
Ttutturruko gaina Malloak mendilerroaren hasierako mendietako bat da, Aralarko ekialdean. Araizko haranera ematen duen isurialdeko bide malkartsuak mendiko hainbat aplikaziotako ibilbide bihurtu dira, eta kilometro bertikaleko probak ere egiten dira gain honetara. Aurkako isurialdetik, ordea, mendiak itxura lasaiagoa hartzen du, eta familian egiteko jardueretarako aproposa da.
Proposatutako ibilbideak Albiko aparkalekuan dauka abiapuntua. Albira iristeko, Lekunberri eta Aralarko santutegia lotzen dituen errepidea hartu beharko dugu. Ibilbide honek, zuzenena izan gabe, gertuago dauzkagun Beloki, Txorrotxeta edota Txameni gailurrak igotzeko aukera ere emango digu, jardunaldia luzatu nahi izanez gero.
Aralarko mendilerroak eskaintzen dizkigun aukera guztien artean, Ttutturru atseginenetako bat da. Inguruko askok ez bezala, eskatzen duen baino gehiago ematen du gailur honek. Malloetako ikuspegirik ederrenetako bat ematen digu Ttutturruko tontorrak. Ez da gutxi. Aralarko mendilerroaren ekialdean, bisita merezi duen gailurra dugu.
Pagoen arteko ibilaldia
Albiko hego-mendebaldera dagoen burdinazko atetik abiatuko gara, Lekunberri eta Aralarko santutegia lotzen duen errepidetik igota, bidearen eskumaldean. Mendebalderantz joko dugu pagadian sartzen den mendi bidetik; gero, 100 metrora, iparralderantz egingo dugu.
Bidea zabala, erosoa eta agerikoa dugu. Harri eta zuhaitzetan gezi eta puntu gorri ugari daude bidea seinaleztatzeko. Aurrera jarraituko dugu ipar-mendebalderantz, gure ezkerrera dagoen sakonunea inguratuz, eta Kapatargo bidegurutzera iritsiko gara. Eskumako bidea hartuko dugu, aurrekoan bezala, ezkerretara dagoen beste sakonune bat inguratzeko eta Migelen Bordara iritsiko gara.
Borda gure eskumara utziko dugu, eta ipar-ekialdeko norabidea hartuko dugu, norabideari eutsiz. Andrapagune inguruan, bideak ipar-mendebalderantz bira egiten du, eta hurrengo kilometro erdian garaiera irabaziko dugu sigi-saga handiak eginez. Gutxinaka, bidea estutuz joango da, baina ibiltzeko erosoa izateari utzi gabe.
Pagaditik irtengo gara ipar-mendebaldeko norabideari jarraituz, orain bai, mendi bidetik. Pinudi baten ondotik igaro, eta harkaitzen arteko pasarte estu bat bilatuko dugu, Bustinzako bordara eramango gaituen larrean ateratzeko. Behin bordan gaudela, bideak ipar-ekialderantz egiten du, Beloki eta Txameni artean dagoen erreka txikiaren eskumaldetik.
Zelaia iparraldeko norabidean igaro, eta ondorengo bidegurutzean, eskumako bidea hartuko dugu ipar-ekialderantz. Belokiren oinean dagoen lepo txiki batera iritsiko gara, eta metro gutxira, aurrez aurre topatuko dugu GR-12 zidorra. Puntu hau erreferentzia izango dugu bueltako bidean.
Bidean gora
Hemendik aurrera, Ttutturrura igotzen diren hainbat bide topatuko ditugu, batzuk ondo zehaztuta, eta beste batzuk lausoago. Gure kasuan, Aitzear mendira igotzen den hegala hartuko dugu, neguan izan ohi diren elur pilaketa handienak alde batera utzi nahian.
Aitzear aldera igotzen den hegoaldeko magala Inguitzi inguruan hartuko dugu, zuloguneak gure eskumara utzita. Garaiera hartu ahala, ipar-ekialderantz joko dugu, mazela alderik alde igarotzen duen mendi bidea behean utzita; izan ere, negu partean elur dezente pilatzen da hor.
Gailurretik metro gutxira, ekialderantz joko dugu. Ondoko lepora jaitsi, eta Ttutturru aurrez aurre agertuko zaigu. Ipar-ekialdeko norabidean jaisten jarraituko dugu Ttutturruko oinera iritsi arte. Gero, ezkerretara joko dugu, ipar-mendebalderantz, Txintxalekuko lepora eramaten duen basoko pasagunea bilatzeko.
Ertzetik
Basoko pasagune hori eremu karstikoa da, orain arteko bidea baino zertxobait deserosoagoa. Iparraldeko norabideari eutsiko diogu, harrien artean sigi-saga, eta zuhaitzak atzean utzi orduko, leporantz doan mendi hegalera aterako gara. Ttutturruko ohiko bidea, isurialde honetatik, harkaizti hori zuzen-zuzen zeharkatzen duen balkoi belartsu batetik doa. Malda handia da tarte honetan, eta bat-batean ateratzen da gailurrera.
Isurialde honetan bezala, Ttutturruko oinetik ekialderantz jotzen badugu, beste bide bat agertuko zaigu Abateko lepotik zuzen egiten duena.
Proposatutako ibilbide honetan, zuhaitzen arteko pasartetik irten bezain laster, ekialderantz joko dugu, malda handiko aldapa zuzen hartuz eta ertzaren gainean jarriko gara. Modu honetan, igoerari amaiera emango diogu sekulako ikuspegia emango digun ertz erosotik gailurreraino.