Antxon Gorrotxategik 2009ko San Joseko zubiaren ondoren ekin zion bide hau ekipatzeari. Hala deskribatu izan du Gorrotxategik berak lerroa: «Bidea buriladorez ekipatuta dago, eta niretzat oso ibilbide polita da, Elmer baino errazagoa, sabai gaineko plaka eskuinetik saihesten bada. Plaka horretan, txapak jarri nituen plaka eskalatzeko egon daitezken bi aukeretan pentsatuz: zuzen edo eskuinetik. Goiko bi luzeak oso esker onekoak dira laugarren zailtasunaren mailan». Bide horren istorioa 2024ko abuztuan amaitu zen, Antxonek jatorrizko bideari egindako aldaketa eta aldaera batzuen ondoren. Geroztik, are ederragoa da Udaberria.
Bidearen datu batzuk
- Luzera: 260 metro.
- Luze kopurua: 8.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategik 2009ko udaberrian. Azkeneko aldaketa 2024ko abuztuan egin zuen.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1L: V (40 m); 2L: IV (20 m); 3L: V+ (40 m); 4L: III+ (25 m); 5L: IV (30 m); 6L: V (30 m); 7L: IV (35 m) eta 8L: IV (40 m). Gomendagarria izan daiteke norbera segurtatzeko materiala eramatea, aseguru finko batzuen arteko tartea luzea delako. Azken luzearen aldaera eskalatzen bada, berriz, material hori guztiz beharrezkoa izango da.
- Orientazioa: Hego-mendebaldea.
- Ura: Eginoko iturrian har daiteke.
- Hurbilketa: Hurbilketarik erosoena, luzeena bada ere, Eginoko elizatik ipar aldera jo eta herritik ipar-ekialdera doan pista nabarmenari jarraitzea da. Pista horren amaieran dagoen zelaigune zabal eta lau handitik ipar-mendebaldera mugituz bost-hamar minutuan Larreñigiko haitzetako eskalada bide guztietara iritsiko gara.
- Jaitsiera: Larreñigiko haitzetatik jaisteko ohiko bideetatik. Zenbait espezie babestuk haitz hauetan habiak egiten dituztenez, apirilaren 1etik abuztuaren 31ra debekatuta dago Usoa eta Aztorea bideetatik jaisten den bidetik ibiltzea.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bakarra, zenbait luzeratako 14 espres-zinta eta zinta-uztai pare bat bilguneak muntatzeko. Friend sorta bat eramatea gomendagarria izan daiteke, baita artaka-trabagailuren bat ere, aseguru finko batzuen arteko tartea luzea delako. Azken luzearen aldaera eskalatzen bada, beharrezkoa izango da norbera segurtatzeko materiala. Gomendagarria izan daiteke ere walkie-talkie pare bat eramatea, eskalatzaileen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animalia eta hegaztiei trabarik ez egiteko.
Deskribapena
Lehen luzea, 40 metro, V. Plaka inklinatu bat eskalatuko dugu urrun dagoen lehenengo paraboltera arte. Ondoren, plaka trinko bat ezkerretik eskalatuko dugu erlaitz txiki batera arte. Erlaitz horrek bloke handi baten itxurako formazio bat du gainean. Arrail txikiak, ur tantadun plaka motzak eta zenbait helduleku mota dituen horma bertikala eskalatuko dugu hortik, erlaitz eroso batean dagoen lehenengo bilgunera arte.

Bigarren luzea, 20 metro, IV. Bilgunearen eskuinetik oinez irten, eta, hormak duen ezproi itxurako formazio bat ezkerrera utzita, kanaltxo batetik jarraituko dugu eskalatzen. Arte baten ondotik pasatu ondoren, bilgunera iritsiko gara. Komeni da zinta-uztai luze bat gainean eramatea bilgune hau muntatzeko, bi paraboltak altu baitaude.
Hirugarren luzea, 40 metro, V+. Plakaren ezkerretik irtengo gara. Lehenengo parabolta jarrita dagoen harkaitz-plaka ezkerrera utzita, arrail batetik jarraitu eta goian dagoen sabaira joko dugu. Sabaia eskalatuta, estutuz doan arrail tente batetik jarraituko dugu, zinta zahar bat jarrita duen harkaitz-zubi batera arte. Handik gora hasten dira zailtasun handienak. Bi aukera ditugu: plakatik eskalatzea (zailagoa) edo hormaren eskuin aldera doan arrail batetik jarraitzea, arte estu batera arte. Sabaiaren azpian kokatzen garenean, ezkerraldera zeharkaldi horizontal bat egin eta sabaiaren ezkerraldean kokatuko gara. Amaitzeko, zuzen jarraituko dugu horma bertikal batetik, bilgunera arte.
Laugarren luzea, 25 metro, III+. Bilgunetik irten eta haren gainean dagoen puntara igoko gara. Bigarren punta batera iritsitakoan, ertzaren eskuin aldera pasatuko gara. Zeharkaldi polit bat egingo dugu tarte horretan, eta punta horren atzean dagoen lepoan egongo gara. Zailtasun guztiak amaituta, lepo horretatik oinez ezkerraldera jarraituko dugu, ur tantadun plaka nabarmen bat duen horma baten azpira iritsi arte.
Bosgarren luzea, 30 metro, IV+. Horman dauden bi parabolt lerroetatik, Udaberri bidearena bilgunetik zuzen doana da, eta ezkerrean dagoen ur tantadun plakaren amaiera arte igotzen da. Ur tantadun plakaren amaieran dagoen harkaitz zubitik eskuin aldean dagoen horma amaieraraino eskalatuko dugu. Hormaren gandorrera irteterakoan, bilgunea ezkerrean topatuko dugu, gandorrak punta bat osatzen duen lekuan.
Seigarren luzea, 30 metro. Gandorraren ertzetik jarraituko dugu, arte nabarmen batera arte. Artetik gora parean dugun horma eskalatuko dugu. Horma eskalatuta, bilgunera iritsiko gara.
Azkeneko bi luzeak dauden hormara iristeko, bilgunearen beste aldera jaitsi eta oinez jarraituko dugu parean dugun horma aldera, betiere hormaren eskuin alderantz hartuz, hurritz eta sastraken artetik doan bidexka bat aurkitu arte. Bidexka horrek zazpigarren luzearen oinera eramango gaitu. Bartan, Udaberri izena duen plakatxo bat aurkituko dugu.
Zazpigarren luzea, 35 metro, IV+. Plaka etzan bat eskalatuko dugu urrun dagoen lehen paraboltera iristeko. Laugarren paraboltak sabai txiki bat babesten du, luzearen pasagunerik zailena. Eskuinetik (errazago) edo ezkerretik ere eskalatu daiteke pasagune hori. Ondoren, eskuin aldera diagonalean zeharkaldi bat egingo dugu hormaren eskuinean dauden arteetara zuzenduz. Zeharkaldiaren amaieran bi arrailek goitik behera zeharkatzen duten plaka etzan bat eskalatuko dugu bilgunera iristeko.
Zortzigarren luzea, 40 metro, IV+ (edo V- aldaeratik). Azken luze hau bi modutara eskala dezakegu. Luze originalak plaka etzan batetik jarraitzen du, urrun dagoen lehen paraboltera arte. Plaka tenteago bat eskalatu ondoren, ur tantadun plakatxo batera iritsiko gara. Ur tantadun plaka honetara aldaera batetik irits gaitezke. Jatorrizkoa baino ederragoa da aldaera hori. Horretarako, bilgunearen eskuinean dagoen horma goitik behera erdibitzen duen arrail nabarmena eskalatuko dugu. Arraila eskalatuta, gandor baten itxura duen pasagune batetik jarraituko dugu zeharkaldi bat eginez, eta ur tantadun plakara iritsiko gara. Sabai ñimiño bat edo arrail alderantzikatu bat duen horma bat eskalatu ondoren, bilgunera iritsiko gara.