Ibilbide erraza da, eroso osatzeko modukoa, baina distantzia ez da laburra. Arteagako gaztelutik Atxarreko Done Petri baselizara joango gara; Urdaibaiko bokaleko paduren eta zapalda hareatsuen ertzetik abiatu, eta gero goitik ikusiko dugu estuarioa. Ikuspegi ederra izango dugu Matxitxakoko lurmuturretik Ogoñokora arteko kostaldea begiztatzeko. Beraz, bide luzea egingo dugu, baina erraza, lasai eta eroso ibiltzeko modukoa.
Arteagatik Atxarrera
Arteagako gazteluaren ondoko parketik abiatuko gara —gaur egun, hotel bat da—. GR 123 ibilbidearekin bat egingo dugu, Ozollo eta Isla auzoetarako bidean, eta auzo bide batetik jaitsiko gara gaztelua inguratzeaz batera. Belardietan aurrera egingo dugu, eskuinetara utzita Arteagaren gainetik altxatzen diren muino oihantsuak, eta Ozolloko etxaldeetara joko dugu. Auzo txikitxo hori pasatu, eta itsasadarreko paduretatik jaitsiko gara.
Errota zahar bat baino lehenago dagoen ubidea pasatu, eta errotaren lursailaren ertzetik doan bidetik joango gara; beste ubide pare bat gurutzatu, eta Done Laurendi baselizaraino eta haren inguruko baserri sakabanatuetaraino igoko gara. Baserri horietako bat inguratu eta gero, GR 123 ibilbideko seinaleei segika beti, bidezidor batean sartuko gara: beste bide batekin bat egin, eta Isla auzora iritsiko gara. Bidegurutzean, eskuinetik errepideraino igo, eta ezkerreko oinezkoen bide paralelotik segituko dugu.
Tarteka leiho moduko bat zabalduko zaigu zuhaitzen artean, eta itsasadarra ikusteko modua eman. Aurrerago, Kanala auzoko etxeetara iritsiko gara, eliza dagoen plazaren ondotik igaro, eta errepidera jaitsiko gara ostera. Errepidea gurutzatu, eta PR BI 161 ibilbidean sartuko gara, San Martin eta Atxarre baselizetarako bidean. Arte, haritz eta baserri arteko bide batetik igoko gara. Bidea bitan banatzen denean, eskuinera jo, eta San Martin baselizaren ondotik igaroko gara; aurrerago, goiko basoan barrenduko gara bidezidor batetik.
Artadian gora joango gara, gutxika-gutxika, Marua mendiaren magaletik. Ezkerrera jotzen duen bide bat ikusi, eta handik joko dugu: artadi trinkoan zabaldu duten pasabidetik joan, harrizko maila batzuk igo, eta Atxarreko Done Petri ermitaraino iritsiko gara. Zoragarria da hango ikuspegia: gelditu, eta ederki gozatuko gara ibaiari eta kostaldeari begira.
Laidatik itzuliko gara
Atxarre baino lehenago dagoen bidegurutzera itzuli, eta, PR eta GR seinaleei segika, pinudi batetik jaitsi, eta belardi batera iritsiko gara, Akorda auzo txikira. Plazan, Elantxoberako GR ibilbidea eskuinera utziko dugu, eta PR ibilbidetik segituko dugu, Laida aldera. Hala, beste bide batekin bat egin, eta basoalde bat gurutzatuko dugu; handik aterata, Ogoño lurmuturreko itsaslabarrak ikusten dira, eta Bermeo eta Matxitxako inguruko kostaraino.
Arte, haritz eta eukalipto artean, Gametxo auzoan barrena ibiliko gara, eta Izaro uhartea begiztatuko dugu. Auzo bide batetik jaitsi, Antzora auzoan sartu gabe, eta ezkerreko lerrotik behera segituta, Laidara iritsiko gara; hor izango dugu bertako hondartza zoragarria, orain handiago eta orain txikiago, marearen arabera. Auzo bidean aurrera egingo dugu, itsasadarrari segika, kanpin batera iritsi arte. Han, errepidea gurutzatu, eta Kanala auzora doan PR ibilbideari jarraituko diogu, harrizko bidezidor batetik. Pare bat arrapalatatik igo, baso batean sartu, eta San Martin ermitaren ondoko bidegurutzera itzuliko gara. Handik Arteagara bueltatuko gara, joateko erabili dugun bide beretik.