Sara eta Ainhoa herri xarmantetan ibiliko gara, hango zelaietan, basoetan eta ibaietan barrena, denak ere Larhunen (900 m) ekialdeko magaletan eta Errebi eta Mondarraingo hegaletan hedatuak. Joan-etorria bide beretik egingo dugu; beraz, egun erdia beharko dugu, osatu beharreko distantzia ez baita laburra izango. Nolanahi ere, ibilbidea oso erraza denez, oso paseo atsegina emango dugu, eta paisaia erakargarria izango zaigu oso.
Saratik abiatuta
Sarako plaza nagusitik abiatuko gara, bertako eliza zurixkako kanpandorrea atzean dugula, eta turismo bulegoa eskuinera. Galtzada erromatarrarekin batzen den kalean aurrera egingo dugu, Lehenbizkai auzorako bidean behera; auzo horren gainean, Arxuria mendiaren silueta paregabea ageri da, eta eskuinera, berriz, Larhun dugu. Harrizko zubitxoa gurutzatu, larre eta etxe handi batzuen artean segitu, otoizleku bat pasatu, eta galtzadako mailetan gora egingo dugu.
Galtzada bukatzean, Fusildegiko bidegurutzera iritsiko gara, ezkerrera jo, eta errepidetik segituko dugu, Sara ezkerrean utzita. Auzoa zeharkatuko dugu zehar-ohol gorri-berdeak dituzten etxe zuri galant batzuen artean, bide harritsu batetik behera jo —edo, bestela, paralelo dagoen bidetik—, aurrera segitu, iturri baten ondotik pasatu, eta errepide batera jaitsiko gara. Metro batzuetan errepide horri segituko diogu, eskuinetik, eta ezkerreko zubia gurutzatuko dugu Errotako Bidearen aldera.
Errota zaharreko erretenaren ondoko etxe handiak pasatu, eta gora egingo dugu auzo errepide batetik; GR 10 bideko seinaleei segika —haiek izango baititugu gidari bide guztian—, eskuinera egingo dugu. Bide asfaltatu batetik aurrera egingo dugu, zuhaizti eta larre artean, Bordaldeetako etxeetara iritsi arte. Ukuilu baten ondotik igaroko gara; gora egingo dugu aldapa txiki batzuetan, eta, gero, lauan ibiliko gara zelai batzuetan, gaztainondo eta haritz lerro batzuk pasaturik han eta hemen.
Landazabalean ibilki
Baserri batzuk dauden gain bat pasatuko dugu, Arxuria begiztatzen dugun bitartean; eskuinera joko dugu, behera egin pixka batean, eta ezkerreko bide harritsutik sartuko gara. Aurreraxeago, beste baserri batzuen artean pasatuko gara. Hala, Garatekobordako bidegurutzera iritsiko gara, eta, zuzen segituta, beheraka egingo dugu zuhaiztian barneratzen den bidezidorrean.
Landako bidexka horretatik aurrera egingo dugu gaztainondo batzuen itzalean; bazkaleku handi uhintsu batera atera, eta ekialdera joko dugu: hantxe agertuko zaizkigu Mondarrain (749 m) eta Artzamendi (926 m). Zelaietan zuzen segitu, eskuinera egin, eta beheraka egingo dugu bat-batean; horrela, ezkerrean utziko dugu etxe handi bakartu bat, eta bat egingo dugu zenbait erreka dituen harizti bateko bidezidorrarekin.
Tarte honetan, oso basarte atseginean ibiliko gara, naturaren erdi-erdian, inguruan etxerik eta auzo biderik ez dugula. Ibaiaren ondotik doan bidexkatik egingo dugu ibilbidearen parte bat; pista batetik atera, eta beste batetik sartuko gara, eskuinera. Ezkerrean Urdazuri ibaia izango dugu, eta eskualde errepide batera iritsiko gara.
Errepidea gurutzatuta, Lur Berriko basoan barneratuko gara, haritz, gaztainondo eta hurritz artean; zubi batetik ibaia zeharkatu, eta eskuinean utziko dugu presa moduko bat. Bidexka batetik ibarbide oihantsu batean gora joko dugu, eta auzo bide batera aterako gara, eskuinera; hari segika, Ainhoa herri ederreko kaleetara iritsiko gara, Karrika auzora iritsi aurreko belardietan barrena.