Xoldoko gaina inguratzen duen ibilbidea mendi kaskotik pasatzen da, eta begien gozagarri da inondik ere, kontuan hartuta handik nola ikusten diren hala Bidasoa ibaiaren meandroak, Aiako Harria eta Larhun, nola Txingudiko badia eta Lapurdiko kostaldea. Gainera, bai luzeraz eta bai desnibelez, ibiltari gehien-gehienentzako moduko ibilbidea da. Eremu hagitz erosoa da oinez ibiltzeko, urteko edozein sasoitan, gainera.
Bidasoaren gainetik
Aparkalekutik abiatu, eta malda goiti joanen gara, Biriaturen gaineko mendien aldera. Jorge Semprun politikari espainiarraren omenezko oroigarriaren berri ematen duen kartelaren ondotik pasatu, aitzinxeago kanposantua ezkerrean utzi, eta bidegurutze batera ailegatuko gara; han, berriz, eskuinera doan bidea hartuko du, Xoldoko gainaren eta Osingo lepoaren aldera. Hurrengo bidegurutzean ere, eskuinera eginen dugu, eta etxe handi bateraino igo. Orduan, eskuineko bide harritsua hartu, eta GR-10 ibilbidearekin bat eginen dugu.
Bide bihurgunetsu horretan goiti joanen gara, ataka bat pasatu eta haritzen artean aitzinera egin, harik eta leku zelaixeago batera agertzen garen arte. Xoldoko gaineko kontrahormak parez pare ditugula, goi tentsioko linearen azpitik pasatuko gara, eta, hain zuzen, bidea banatzen da hor: guk eskuinaldera joko dugu. Behean, Bidasoa ibaia ikusiko dugu, eta, haren bertzaldean, berriz, Aiako Harriko hiru kaskoetarainoko mendi mazela berde bertikalak.
Xoldoko gainaren mendebaldeko mendi mazelan barna eginen dugu aitzinera, tarte batez lasai, orain soilguneetan barna, orain arboladiek gerizaturik. Poliki-poliki eginen dugu goiti, gibelean ikuspegi bikaina dugula: Txingudiko badia osoa eta Jaizkibelgo gainak. Hala, luzaz zeharka ibili beharreko gune batera ailegatuko gara; tarte horretan, altuerari eutsiko diogu, eta noizbait pixka bat jaitsi ere bai, gehien-gehienean arbolaz inguraturik.
Luzaz zeharka ibili ondotik Lantzetaerrekako bidegurutzean agertu, eta ezkerreko bigarren bidea hartuko dugu, hau da, eskuinaldeko sakanaren gainetik doan goitiranzko bidea. Edozein modutan, arestiko bidegurutzean bezala, GR-10 ibilbidearen seinaleei segituko diegu, eta, hala, mendi mazelan goiti egin harkaitzen eta arboladien artean. Hondarrean, arbolen artean sigi-saga ibili ondotik, Pitareko lepora ailegatuko gara.
Xoldoko gaineko soroko ikuspegi zabala
Parez pare, Larhun mendiaren (901 m) alde bat ikusiko dugu, zut-zuta, eta lehenbiziko planoan, eskuinaldean, Manddale; ezkerraldean, berriz, Xoldoiko gaineko kaskorantz daraman mazela etzana. Beraz, luzamendutan ibili gabe GR-10 bidea alde batera utzi, ezkerrera biratu, eta mendi bizkar horietan goiti joanen gara, Osingo leporaino lehenbiziko. Han eskuinera egin, malda pasatu, gero ezkerrera biratu, eta Xoldoko gaineko gailur zabalean sartuko gara.
Leku pribilegiatu horretatik, aukera izanen dugu ikusteko itsasbazterra nola hedatzen den iparralderantz, itsas lainoaren pean begi bistatik galtzen den lerro amaigabe bat balitz bezala. Gero, mendi kaskoko mugarritik abiatzen den bidea hartuko dugu, ailegatzeko egindako bidea gibelean utzita, kostaldera joan nahiko bagenu bezala. Eroen Bidetik jautsi bitartean, Txingudiko badiatik Gaskoiniako Landetarainoko ikuspegiaz gozatu ahal izanen dugu.
Bidegurutze batera ailegatzean, ezkerrerantz segituko dugu, eta beheiti egin bide piko eta harritsu batean barna. Bide horri segituz, iraleku bat zeharkatu, Perdrix haitzaren bazterretik pasatu, mendi hegalean barna aitzinera egin, eta goi tentsioko linearen azpiko bidegurutzera ailegatuko gara, begien bistan dugula Bidasoaren inguru guziaren ikuspegi izugarri eder bat. Handik Biriatura bueltatzeko bidea ezaguna dugu: eskuineko bidea hartu, eta GR-10ari segituko diogu.