Izarraizko mendikatea Kontserbazio Bereziko Eremua izendapena duen kareharrizko mendigunea da. Mendia eta natura atsegin dugunontzat, ugari dira mendigune honek eskaintzen dituen aukerak: zeharkaldiak, tontorretara igoerak eta mendiarekin zerikusia duten beste kirol jarduera batzuk. Haur, gazte zein helduentzat hamaika aukera eskaintzeaz gain, bere tontorretan Urola bailarako ikuspegi ederrez gozatzeko begiratoki apartak aurkituko ditugu.
Ibilbide honetan, mendiguneko ingurune bisitatuena ezagutzeko parada izango dugu, erraza, edonork egiteko modukoa: Xoxoteko parajeak. Gainditu beharreko desnibela ez da oso gogorra, aldapa nahikoa mailakatua baita. Zorrozpeko aparkalekuan utziko dugu ibilgailua eta bertatik ateratzen den bidetik gora egingo dugu pista zabalarekin bat egin arte. Basoan zehar, altuera poliki irabazten hasiko gara eta erraz iritsiko gara Izkiturrira. Lehen zati honetan, alertze-baso bat zeharkatuko dugu, Azpeititik datorren pistarekin bat egin arte. Hemendik aurrera paisaia aldatu egiten da, larre-eremu batean sartuko gara.
Basoa atzean utzita, Zamaleku lepora heldu eta bertatik gorantz jarraituko dugu harrizko pista zabaletik. Tarteka hau utzi eta bide laburrak hartuko ditugu berriro pistarekin bat eginez. Honen bukaeran Eskortako antenak daude eta gertu gailur desitxuratua, baina tontor hau ez da gure helburua, beheraxeago, Erlo tontorretik zabaltzen den gandor karstikoaren beste aldean dagoen Erlokurutzekoa baizik. Gurutzearen ondotik gertu zein urrutiko mendien eta haranen ikuspegi bikainak izango ditugu.
Atsedenaren ostean, tontorretik beherantz egingo dugu gertu ikusiko dugun Xoxoteko gailurrerantz. Lehenik Putzuandi baltsaren ondotik pasatu, aldapa txiki bat igo eta Xoxoteko tontorrera igoko gara. Izen bera duen aterpearen gainean dagoen tontor xume honetan Azpeitiko Lagun Onak Mendi Taldeak jarritako buzoia aurkituko dugu. Metro batzuk beherago dagoen Xoxoteko aterpe ezagunera jaitsiko gara segidan edo, hala nahi izanez gero, gertu dagoen eta Azketako neberie izenez ezaguna den elur-zulora jaitsi gaitezke. Gipuzkoan hobekien kontserbatzen den elur-zulotik ere xenda batek aterperaino eramango gaitu. Aukeran!
Aterpetik oso gertu dagoen Loiolako Inazio Deunaren estatua erraldoia bisitatu dezakegu, eta bertatik, Iraurgiko ibarraren ikuspegi ederraz gozatu ahal izango dugu. Gipuzkoa eta Bizkaiko patroiaren estatua duela ia 69 urte jarri zuten eta 1956ko uztailaren 15ean inauguratu zuten, Loiolako santuaren heriotzaren 400. urteurrenean. Mendi- eta erlijio-ekimena izan zen. Ekimena Bilboko Luisen kongregazioko Aldatz-Gora mendi taldeak abiatu zuen, Gipuzkoan eta Bizkaian Loiola epizentro zela ospatzen zen Inaziotar urteari ekarpena egiteko.
Aterpea atzean utzi eta xenda nabarmena segituz, Zamaleku lepora itzuli eta igotzeko erabili dugun bidearekin bat egingo dugu bertatik abiapuntura iristeko. Aparkalekura iristean, bost minutu beharko ditugu aurrez aurre ikusiko dugun Aittolako gurutzera igotzeko. Bertatik, egin dugun ibilbideren ikuspegi ia osoa edukiko dugu.