Bitxia da Zabozeko gailurra (1.177 m). Igoko garen aldean, Olhatzarreko sakanaren aldean, gordean dago mendia, pagadiak ezkutatuta: zuhaitzen gainetik ageri den mutur harritsu bat besterik ez da ikusten. Ordokiko larreetatik gailurrerainoko tartean ez dago bidezidor argirik, eta, beraz, gure orientazioari segitu beharko diogu. Gailur-gailurreko harrietara iristeko, katuka ibili behar da pixka batean, baina ez da zaila.
Biduzeren uren ondotik
Donaixti-Ibarren abiatuta, Biduzeren sorburura joateko jarraibideei segituko diegu; ondoan merendero bat duen aparkaleku txiki batera iritsiko gara, Arlan. Eskuineko bidezidorra hartuko dugu, Biduzeren sorbururako bidean seinalatuta dagoena. Aurrera egingo dugu ondoan Biduzeko urak ditugula, sakanetik atereak, eta ibaia zeharkatzen duen zubi bateraino joango gara. Zubitik beste aldera pasatuko gara, tarte batzuetan oso harritsua den bide estu batetik.
Zuhaitzez betetako magal batetik igota, ibaia baino gorago joango gara. Magalean zehar ibiliko gara, eta harrizko borobil moduko batera hurbilduko: han ezkutatzen den haitzulotik sortua da Biduze ibaia. Sakanaren azkeneko partea zeharkatuko dugu, ur jauzi eta errekasto ugari igarota. Behin baino gehiagotan jiratu ondotik, bidea bitan banatuko da, eta ezkerretara egingo dugu, beste aldean utzirik seinale horiak dituen bidea, sorburura daramana.
Etxekorteko mazelek mugatzen dute sakanaren alde hori, eta hortxe hasiko gara goraka. Bidezidor sigi-sagatsuari segika, basoan gora joango gara, Biduzeren sorburua dagoen zoko harritsua behean utzita. Lurra hezea dagoenean, kontuz ibili behar da, lokatza irristakorra baita. Koskaz betetako bide batetik igo, eta, luze gabe, errotulu argigarri batzuk dituen bidegurutze batera iritsiko gara. Ezkerreko bidea Naphaleko muinora doa, baina guk eskuinekoa hartuko dugu, seinale gorriak dituena, Ahüzki aldera.
Orientatzeko lagungarri
Hala, Biduze ezkutatzen duten pendizen gainetik, pago lerro bat pasatu, ur biltegi batera iritsi, eta bat egingo dugu bide zabal harritsu batekin. Hortik berrogei bat metro aurrera egin, eta Eltzarreko belardira iritsiko gara. Pista bat agertuko zaigu: eskuin aldetik segitzen badiogu, artzain borda batzuetaraino joango gara; 30 bat metro aurrera egin eta eskuinetik ateraz gero, berriz, belardia zeharkatuko dugu, aipatutako borda horien saihetsalderaino. Ze bide komeni den erabakitzeko, kontuan hartuko dugu artzainak lanean ari diren borden inguruan.
Edozein moduz, borden atzealdeko zuhaizti txikian, seinale laranja batzuk aurkitu behar ditugu, bidezidor bat markatzen baitute. Hortik gora eta gora eginda, basoa zeharkatuko dugu, eta zuhaitzik gabeko mendi hegal bat aurkituko dugu, harri handiz josia. Seinaleei kasu eginez, mendi hegala zeharkatuko dugu goraka joatearekin batera, eta goiko pagadiaren atarian egongo gara: handik, Eltzarreko belardia begiztatuko dugu.
Bidexkari jarraituko diogu pagadian barrena: zuhaitz erorien enborrak hantxe daude, eta nahiko harritsua da; ez da bide erraz-erraza. Mazelaren goiko aldera iritsiko gara: han hasiko da basorik sarriena, eta han bukatuko dira seinale laranjak. Hortik aurrera, intuizioari segitu beharko diogu igotzeko. Lehen zatian, eskuinaldera jotzen duen diagonal bat egin beharko dugu, eta, gero, ahalik eta zuzenen jo gora. Ez da erraza izango, zuhaitz eroriak, haitzak eta orbela egoten dira eta.
Goraino iristean, basotik irten eta harkaitz solteak dauzkan inguru batera iritsiko gara, kasko harritsu baten beheko aldean. Harkaitzak pasatu, eta kasko harritsuaren hormaren ertzetik joko dugu, ezkerretik, azaldu garen tokiaren beste alderaino iritsi arte. Hor, mugarri bat ikusiko dugu, gailurrera iristen ari garela adierazten duena. Katuka pixka batean ibili, eta, harri tartean dagoen pendiz txiki bat gaindituta, gailurrean izango gara. Harrizko hiru mugarri handi daude Zaboze gainean.