Eskalada

Ziordiko ‘Marieta’

Sei luzeko bide hau Antxon Gorrotxategik zabaldu eta ekipatu zuen, Susana Agirre emaztearekin eta Iñaki Gorrotxategi semearekin. V+ zailtasuna du gehienez, baina komeni da gradua ondo finkatua izatea.

Ziordiko 'Marieta' bidea eskalatzen
Bidearen lehen luzean. XABIER MUJIKA, 'SMITHY'
Eskalada. Marieta
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Ziordiko eskalada eskola
  • Distantzia: 210 metro (sei luze)
  • Iraupena: Hurbilketa, 20 minutu. Eskalada, norberaren arabera.
  • Ingurunea: Ziordia, Burunda
  • Estekak: Ibilbidea
Xabier Mujika.
2026ko apirilaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ziordiko eskalada bideek, Eginokoekin alderatuz, kutsu basatiagoa dute. Parabolten arteko tartea luzeagoa izaten da, eta, bidearen zailtasun maila finkatua ez badugu, ongi dator norbere burua babesteko materiala arnesean zintzilik eramatea, estualdiak saihesteko. Hala ere, pasagune zailenetan beti aurkituko dugu lasaitasuna emango digun parabolt bat.

Marieta Antxon Gorrotxategik «familian» ireki eta ekipatutako bide bakarra da, Susana Agirre emaztearekin eta Iñaki Gorrotxategi seme zaharrenarekin ireki baitzuen. Gainera, lehen bi luzeak izan ezik –haiek goitik ekipatu baitzituen–, gainerakoak trepalari estiloan ireki eta ekipatu zituzten, behetik sartuta, zulagailua arnesetik zintzilik zutela. Hori bai, bidea ez zuten azken luzea dagoen tokitik amaitu, eskuinerago dagoen ezproi batetik baizik, bi luzeetan (II/III), erdian bilgune bat ekipatuta utzita. Geroago, Antxonek egungo azken luzea garbitu eta ekipatu zuen. Bidea Javier Krahe handiari eta haren Marieta abesti ederrari eskaini zioten; hortik bidearen izena.

Bidearen datu batzuk

Luzera: 210 metro.
Luze kopurua: 6.
Nork irekia: Antxon eta Iñaki Gorrotxategi eta Susana Agirre 2017an.
Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1L: IV+ (30 m), 2L: V+ (35 m), 3L: II (35 m), 4L: IV+ (40 m), 5L: III (25 m) eta 6L: IV+ (40 m).
Orientazioa: Hegoaldea.
Hurbilketa: autoa uzten den lekutik 20 minutu inguru.
Jaitsiera: bidea amaitzen den lekutik ekialdera doa jaitsiera, harrobiraino puntu gorriz eta mugarriz adierazita dagoen bide batetik. Ziordiko harrobia erditik zeharkatzen denez, bide hau harrobia itxita dagoenean bakarrik eskalatzea komeni da, hau da, jaiegunetan.
Erabilitako materiala: hainbat luzeratako 10 express zinta eta zinta uztaiak bilguneetarako eta harkaitz zubietatik pasatzeko. Norbere burua babesteko materiala ez da derrigorrezkoa, baina ongi etor daiteke, luze batzuetan seguruen arteko tartea luzea baita. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman dauden animalia eta hegaztiei ez trabarik sortzeko.

Deskribapena

- Lehen luzea, 30 metro, IV+. Plaka etzan bat eskalatuko dugu, elkarrengandik urrun dauden bi paraboltek babestua. Bigarren paraboltera iristean, metro bat eskuinera egin eta arrail bat eta 3-4 metroko horma bertikal bat eskalatuko ditugu bilgunera iritsi aurretik.

- Bigarren luzea, 35 metro, V+. Lehenengo paraboltera iristean, 3-4 metroko zeharkaldi horizontala egingo dugu eskuinerantz. Ezkerrerako joerarekin, tentetuz doan plaka bat eskalatuko dugu. Sendoak ez diruditen harkaitz batzuk eskalatu ondoren, harri txikiz betetako erlaitz bat zeharkatu eta bilgunera iritsiko gara.

- Hirugarren luzea, 35 metro, II. Trantsizioko luzea da. Bilgunetik diagonalean eskuinerantz jarraituko dugu, eta gandor batera igoko gara. Hirugarren bilgunea ertzaren amaieran dagoen ur tantadun plaka etzanaren oinean dago, 3-4 metro eskuinera.

- Laugarren luzea, 40 metro, IV+. Ur-tantadun plaka eta horren amaieran dagoen harlauza eskalatuko ditugu. Ezkerrerako joera duen erlaitz estu eta inklinatu bati jarraituko diogu metro batzuetan, eta, ondoren, plaka bertikal batera iritsiko gara. Plaka hori eskalatu ondoren, bilgunera iritsiko gara.

- Bosgarren luzea, 25 metro, III. Bilgunearen gainean dagoen plaka eskalatu, eta lurrean dagoen harkaitz batean jarritako mailoidun parabolt batera iritsiko gara.

Bosgarren “bis” bilgunera iristeko, 40 metro bete beharko ditugu, puntu gorriekin adierazitako bidexka batetik.

- Seigarren luzea, 40 metro, IV+. Eskuinetik ezkerrera doan kanal tximinia ikusgarri eta dotore bat eskalatuko dugu, harkaitz zubi handi batekin muntatutako azken bilgunera iristeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!