Makaluko igoeraren nondik norakoak azaldu dituzte Uxue Murolasek eta Ignacio Barriok

Bi alpinista iruindarrek Makalu (8.485 m) tontorra zapaldu zuten maiatzaren 10ean, botilatutako oxigenorik gabe eta xerpen laguntzarik gabe. Gaur eman dituzte igoerari buruzko xehetasunak.

Ignacio Barrio eta Uxue Murolas gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ignacio Barrio eta Uxue Murolas gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ane Etxandi.
Iruñea
2025eko maiatzaren 29a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Uxue Murolasek eta Ignacio Barriok Makalu mendia igo zuten iragan den maiatzaren 10ean. 8.485 metro ditu Makaluk, eta munduko bosgarren mendirik altuena da; bikote iruindarrak oxigenorik eta xerparik gabe egin zuen igoera. Miguel Indurain Fundazioaren laguntzarekin egin dute bidaia.

Manaslu (8.163) eta Lhotse (8.516) gailurrak igoak zituzten aurretik, eta Barriok Cho Oyu (8.188) ere igoa zuen. Hirugarren zortzimilako horren ostean, Murolas da Nafarroan zortzimilako gehien igo dituen emakumea.

Gaur goizean Iruñean egin duten prentsaurrekoan kontatu dutenez, Makalura igotzeko ohikoa den plana aldatzea erabaki zuten. Bestelako trekking bat egin zuten, luzeagoa eta gogorragoa. Mera Peak-eko trekkinga egin zuten: bide horretan askoz turista gutxiago ibiltzen da, eta basatiagoa da. Hortaz, Makalu igo aurretik, ia 6.500 metro dituen Mera Peak tontorra igo zuten. Horrez gain, 6.000 metrotik gora dauden mendi lepoetatik igaro behar izan zuten. Barriok adierazi du altuerara «girotzen» lagundu ziela horrek, behin Makalura iritsita dena «azkarragoa eta errazagoa» izan zedin.

«Jaitsiera gogorra»

Murolasek kontatu du nahiko nekatuta iritsi zirela kanpaleku nagusira, trekkinga uste baino gogorragoa izan zelako. Horregatik, lasaiago ibiltzeko, hiru egunez atseden hartzea erabaki zuten. Altuerako kanpalekuak muntatu zituzten, eta, girotzea amaituta, azken igoerari ekin zioten. Igoeraren egunean, gaueko 22:00ak aldera abiatu ziren, eta, maiatzaren 10eko egunsentian, 8.000 metrora zeuden dagoeneko. Hala ere, aitortu dute dezente kostatu zitzaiela desnibeleko azken 400 metro horiek igotzea. Hamabi orduz ibili eta gero heldu ziren tontorrera: «Oso polita izan zen», adierazi du Barriok. Murolasek ere poztasun handiz gogoratzen du une hura: «Oso berezia izan zen. Eguraldi ikaragarria egin zuen, gainera. Isiltasun eta isolamendu sentsazio hori, eta mendi horiek guztiak zure azpian ikustea izugarria da».

Baina argi utzi dute gailurrera iristen zarenean asko geratzen zaizula arrakasta lortzeko. Jaitsiera da ibilaldiaren parterik arriskutsuena, beherakoan gertatzen baitira istripu gehienak. «Sei ordu kostatu zitzaigun azken kanpalekura jaistea, eta oso gogorra izan zen. Elurra oso sakona zen, eta oinatza egin behar genuen. Gainera, haize bolada handiak izan genituen», adierazi du Murolasek.

Oxigenorik gabe joateak beste zailtasun bat eransten dio igoerari, baina mendizaleek esan dute ez dutela alpinismoa beste modu batera planteatzen. Murolasen ustean, oxigeno botilatua erabiltzen duenak ez du zortzimilako bat igotzen; «tontorrera irits daiteke, baina ez daki benetan zer esfortzu eskatzen duen».

Dagoeneko etorkizunerako erronketan pentsatzen ari da bikote iruindarra, eta horietako bat Kanchenjunga mendiko tontorrera iristea da. Iaz egin zuten ahalegina mendi horretan, eta buelta eman behar izan zuten gailurretik 200 metrora. Ziurtatu dute mendi horretara itzuliko direla, datorren urtean edo bi urte barru, eta tontorrera iristeko asmoa dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.