Mendiko bizikleta

Lizarrako behatokiak

Lizarrako behatokiak.
Lizarrako behatokiak.
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Lizarra, Montejurra, Deioko gaztelua, Sorkunde Garbiaren ermita, Zubielki, Belastegi
  • Distantzia: 49,5 km
  • Iraupena: 5 ordu
  • Estekak: Ibilbidea
Ivan Ruiz.
2023ko ekainaren 13a
00:00

Lizarra mahasti eta upeltegien lurra da zalantzarik gabe, baina zerbaitengatik garrantzitsua bada, Donejakue bidearen geraleku estrategiko izateagatik da. Aymeric Picaud monje beneditarrak horren berri eman zuen XII. mendean, eta honela esan zuen: «Lizarra ogi on, ardo bikain, makina bat haragi eta arrain eta mota guztietako zorionaren hiria da». Donejakue bidearen lehenengo gidaren ustezko egileak esan zuela jakinik, kontuan hartzekoa da hitz horien balioa.

Ibilbideari herriko kiroldegian emango diogu hasiera. Los Llanos parkea zeharkatu, eta Ega ibaia gurutzatuko dugu; horrela, Nafarroako Erregeen Jauregira (XII. mendea) gerturatuko gara. Ondoren, kale zaharren artean ekialdera jota, Hilobi Sainduaren eliza ikusgarriaren ondotik pasatuko gara, Ega ibaiari jarraituz.

Lizarra kanpina atzean utzita, Lizarrerriko BTT Eremuaren 5C eta 7C ibilbideez baliatuko gara, errepide zahar batera iritsi, eta berau 300 metroz hegoalderantz jarraitzeko. Orduan topatuko dugu Donejakue bidearen xenda, NA-122 errepidea egurrezko zubi baten laguntzaz zeharkatu ostean, Montejurra mendiaren ipar magaleko mahastien artean lehenengo eta artadian barrena ondoren gidatuko gaituena.

Ibilbidearen 9. kilometroan Montejurrako erpinera daraman pistarekin gurutzatuko gara; beraz, igoera gogorrari ekin, eta hego-mendebaldeko gailurreraino iristeko aukera izango dugu (1,044 m), gailur nagusiaren eta Lizarrerriko ikuspegi ezin hobearekin.

Mendilerroari jarraituko diogu, hego-mendebalderantz, eta altuera galduz joango gara. Nicandroren kortaren aztarnetara iritsitakoan, eskumako xendatik jarraituko dugu; jaitsiera tekniko honek Villamayor de Monjardinera daraman pistan utziko gaitu. Bi biribilguneetan zuzen jota, herria zeharkatu, eta Deioko gaztelura daraman pistan gora egingo dugu ondoren. Monjardin mendiaren gailurrean (894 m), gotorlekuaren barnean Antso I. Gartzez erregearen ustezko hilobia dagoen ermita topatuko dugu.

PR-NA 186 bidearen seinaleei jarraituko diegu aldapa behera geroago, San Salvador iturritik igaro eta Labeagara gerturatzeko asmoz. Herrira iritsi baino lehen, ekialderantz Iguzkitzara daraman pistan jarraituko dugu. Herrigunea mendebaldetik ekialdera zeharkatuta, elizaren ondoan ezkerreko porlanezko pista hartuko dugu, ondoren eskumara Sorkunde Garbiaren ermitara (XVII. mendea) eramango gaituzten xendei jarraitzeko.

Mendiaren hego-ekialdean Donejakue bidera batuko gara beste behin, Lizarrako noranzkoan. Iratxeko kanpinaren lursailarekin topo egitean, ezkerrera dugun pista hartuko dugu, geroago mahastien artean iparrerantz doan xenda bihurtuko dena. Hurrengo bidegurutzean zuzen jarraituta, Ostaita mendiaren mendebaleko magala zeharkatzen duen singletrack jostagarrian aurrera egingo dugu.

Ega ibaia zeharkatuko dugu Arbeitzan, Zubielkira iritsi eta haren hilerrira daraman pista bilatzeko. Bide horrek porlanezko beste pista batekin egiten du bat, eta aurrerago, bidegurutzean, Eultz herrira daramana hartuko dugu eskumara. Eultzeko elizaren atzean eguneko azken erronka topatuko dugu, Belastegi mendiko gailurrera daraman pista. Goian (790 m).

Bidean atzera eginez, 580 metroko altueran gaudela, gure eskuman Belastegi mendiaren ipar magala mendebaldetik ekialdera zeharkatzen duen xenda hartuko dugu. Azken metroak Urederra ibaiaren alboan pedalka eginez, Lizarran bueltan izango gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.