AEB-ak

'Obamacare' bertan behera uzteko eskatu dio Trumpek AEBetako Auzitegi Gorenari

AEBetako Gobernuaren eskariak aurrera egingo balu, justiziak behin betiko baliogabetuko luke 23 milioi herritarri osasun asegurua bermatzen dien programa.

Donald Trump AEBetako presidentea, Etxe Zuriaren kanpoaldean, artxiboko irudi batean. JIM LO SCALZO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 26a
11:48
Entzun

Hamar urte bete zituen joan den martxoan Barack Obama AEBetako presidente ohiaren gobernuak onartu zuen Osasun Eskuragarriaren Legeak, AEBetako 23 milioi herritarri oinarrizko osasun aseguru bat bermatzen diena, Obamacare izenez ezaguna. Donald Trump AEBetako egungo presidenteak haren aurkako jarrera argia erakutsi du, eta 2016ko hauteskundeetan bere kanpainaren ardatzetako bat izan zen lege hura indargabetzeko konpromisoa. Auzibideetan saiatuko da orain legea baliogabetzen. Auzitegi Gorenari eskatu dio bertan behera utz dezala.

Gobernura heldu ondoren, osasun babeserako legea indargabetzen ahalegindu zen Trump, baina errepublikanoek bozketa galdu zuten Kongresuan. Auzitegi Gorenak Obamacare-ren kontrako bi salaketa aztertu ditu aurretik, 2012an eta 2015ean, eta bietan ebatzi du legearen alde.

Oraingoan, Gorenak esku artean duen auzia hogei estatu inguruk bultzatutakoa da —guztiak ere errepublikanoen esku daude—. Salatzaileek adierazi dute legea konstituzioaren aurkakoa dela, 2017an egin zitzaizkion erreforma batzuen ondorioz. 2018an, argudio hori babestu zuen Texaseko epaile federal batek eta orain Gorenak ebatzi beharko du. Demokraten esku dauden estatuek legearen aldeko argudioak aurkeztu dituzte.

Trumpen gobernuak legea defendatzeko eskubideari uko egin dio orain arte, baina beste pauso bat ematea erabaki zuen atzo, eta salatzaileekin bat egitea erabaki du, Gorenari Obamacare baliogabetzeko eskatuta.

Koronabirusak osasun babesa milioika herritarrentzako are beharrezkoagoa egin duen unean eman du urratsa, gainera. AEBetan, osasun aseguru gehienak lanpostuekin lotuta daude, eta COVID-19ak eragin duen krisi ekonomikoak langabeziaren gorakada ekarri du, herrialdeak inoiz izan duen langabezia hazkunderik handiena. Judd Deere Etxe Zuriko bozeramailearen esanetan, «pandemia batek ez du aldatzen estatubatuar guztiek badakitena: Obamacare legez kanpoko porrot bat izan da».

Legea konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi du Texaseko epaile federal batek bezala, baita Gorenaren aurreko instantziako helegite auzitegi batek ere. Biek argudiatu zuten legez aurkakoa dela Obamacare programari lotutako zerga erreforma. Haren bidez, mediku aseguru bat ez erosteagatik aurreikusitako isunak ezabatu zituen Kongresuak. Orduan, errepublikanoek zuten gehiengoa ganberan.

Pandemian eta hauteskunde urtean

Gorenak ez du argitu auziaren ahozko saioak noiz hasiko dituen, baina udazkenean izatea espero da; hain justu, azaroko presidentetza hauteskundeetarako kanpainaurre giro betean. Aurreikusi daiteke, beraz, pandemiak eta Obamacare-ri buruzko auziak eztabaidaren erdigunera eramango dituela osasun politikak hauteskundeen aurreko hilabeteetan.

Demokratek dagoeneko osasun babeserako programa zabaltzeko proposamena eramango dute Kongresura datorren astelehenean. «Krudeltasun mugagabekoa da, koronabirusaren krisiaren erdian, Osasun Eskuragarriaren Legeak jasotzen dituen babes eta onurak indargabetzeko Trump presidentearen eta errepublikanoen kanpaina», adierazi zuen atzo Nancy Pelosi Kongresuko presidente demokratak.

AEBetan, COVID-19 gaitzak kutsatutako 2.367.000 kasu baino gehiago atzeman dituzte, eta 121.600 kasu baino gehiago dira koronabirusagatik hildakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.