Koronabirusa munduan

Obamacarek hamar urte, AEBen osasun sistema atakan dagoela

AEBetako 11 estatuk osasun babesa ireki dute herritar gehiagok osasun asegurua izan dezaten. Asegururik gabekoen kopurua nabarmen murriztu da azken hamarkadan

Osasun langileen talde bat koronabirusaren azterketa probak egiteko postu batean, Washingtonen. JIM LO SCALZO / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Aste honetan hamar urte bete dira Barack Obama AEBetako presidente ohiak herrialdeko osasun sistema erreformatu zuenetik. Osasun Eskuragarriaren Legea jarri zion izena, eta 2010eko martxoaren 23an sinatu zuen. Ordutik, 60 alditan baino gehiagotan bozkatu ditu AEBetako Kongresuak legea indargabetzeko proposamenak, eta hirutan heldu dira haren kontrako salaketak Auzitegi Gorenera. Obamaren agintaldiko ikur bihurtu zena jomuga nagusi izan du Donald Trump AEBetako presidenteak 2016ko hauteskunde kanpainaz geroztik. Behin eta berriz errepikatu du legea bertan behera uzteko promesa. Orain, ordea, koronabirusaren krisiak larrialdi egoera deklaratzera behartu duenean, Etxe Zuria aztertzen ari da Obamacare esaten dioten babes programa zabaltzea.

Obamacarek ez zuen bermatu osasun arreta unibertsala, eta hori da ezkerretik egin zaion kritika nagusia, baina nabarmen murriztu zuen osasun asegururik gabe zeuden AEBetako herritarren kopurua. 2010ean, 18 eta 64 urte bitartekoen %22,3 zeuden inolako babesik gabe. Aldiz, 2018an, %8,5 ziren asegururik ez zutenak. Kopuru absolutuetan, hogei milioi herritar gehiagok dute oinarrizko osasun aseguru bat osasun erreformari esker.

Hala ere, gaur egun, 27 milioi herritar daude osasun asegururik gabe AEBetan, eta koronabirusaren mehatxuak oso egoera zaila ekarriko du horientzat. Kaiser Family fundazioak egindako azterketa baten arabera, koronabirusaren aurkako tratamenduak 9.000 euro inguruko kostua izango du osasun aseguru bat duten herritarrentzat. Kostu hori 18.000 euro ingurukoa izango da gaixoari osasun arazoak areagotzen bazaizkio. Inolako asegururik ez duenak, berriz, 32.000 euro baino gehiago ordaindu beharko ditu tratamenduarengatik.

Herritar askok enpleguaren bidez eskuratzen dute osasun aseguru bat, baina koronabirusak kalteak eragin ditu AEBetako ekonomian ere, eta langile ugarik galdu dute lana; ondorioz, osasun babesik gabe gelditu dira.

AEBetako Kongresuak ez du onartu oraindik koronabirusaren tratamendurako edo probetarako laguntza neurririk. Alderdi Demokrata eta Alderdi Errepublikanoa bi bilioi dolarreko inbertsiora hel daitekeen neurri ekonomiko sorta bat negoziatzen ari dira.

Zenbait estatuk, baina, Obamacaren izena emateko aukera zabaldu dute. Beren lana berriki galdu duten beharginek osasun asegurua eskuratu ahal izango dute AEBetako 11 estatutan, eta aurten asegururik kontratatu ez dutenei aseguru bat erosteko aukera eskainiko zaie.Trumpen gobernua ere antzeko neurriak aztertzen ari da, osasun babes federala herritar gehiagori irekitzeko.

Pandemiaren epizentroa

Koronabirusaren hedatzea azkartzen ari da AEBetan, eta Europako kutsatze erritmoaren parera hurbiltzen ari da. OME Osasunaren Mundu Erakundearen esanetan, COVID-19 gaitzaren epizentro bihurtzeko arriskuan dira. Azken datuen arabera, AEBetan koronabirusak gaixotutako 25.665 kasu baieztatu dituzte, eta 210 lagun hil dira birusaren ondorioz.

Hala ere,Trumpek «herrialdea irekita» egotea nahi du apirilaren 12rako, kalte ekonomikoak ahalik eta gehien mugatzeko. «Konponbidea ezin da izan gaixotasuna baino okerragoa», adierazi zuen astelehenean.Atzeraldi ekonomiko batek birusak baino jende gehiago hilko lukeela esan zuen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.