Forbesek jakinarazi du 2011. urtean mila milioi dolarretik gora dituztenen aberatsen zerrenda. 1.210 dira mundu osoan, inoiz baino gehiago. Gainera, aurreko urtean guztien artean 3,6 bilioi dolar zituzten, eta aurten 4,5 bilioi dolar dituzte. "Gure zerrendan aberatsen kopuru horren handitzeak erakusten du zer ari den gertatzen munduko ekonomian: enpresari sentimendua handitzen ari da, planeta osoan aberastasuna handitzen ari da", argitaratu du Forbes aldizkariak.
Aurten ere, bigarren urtez jarraian, Carlos Slim telekomunikazioen magnate mexikarra agertzen da zerrendaren buru. 52.000 milioi euro ditu Forbesen arabera, iaz baino 3.000 gehiago. Modu horretan, 2010. urtera arte lehen bi postuetan zeudenekiko aldea handitu du; Bill Gates Microsofteko jabea eta Warren Buffet inbertsorea zeuden lehen bi postuetan, biak ere AEBetakoak. Hurrenez hurren, 40.000 milioi euro eta 35.000 milioi euro dituzte.
Hamar aberatsenen zerrendan bi europar daude: Bernard Arnault LVHMko presidentea —Louis Vuitton marka daramate—, eta Amancio Ortega Zarako jabea. Bi indiar daude, gainera, lehen hamar horien artean. Zerrenda osoan AEBetakoak dira aberats gehienak (413), baina aurten sartu diren 214 kidetatik gehienak txinarrak (115) eta errusiarrak (101) dira.