150 urte beteko dira bihar Parisko eta Frantziako gizartea altxatu eta 72 egunez gobernu alternatibo bat sortu zutenetik: Parisko Komuna. 1871. urteko martxoaren 18tik maiatzaren 28ra arte iraun zuen komunak, eta historian izan zen lehen gobernu iraultzaile eta sozialista erradikala izan zen. Berehala setiatu zuten, eta komuna oso gogor zapalduta egon zen. 60 egunez gobernatu zuen, eta denbora horretan zenbait lege iraultzaile aldarrikatu zituen.
Gerra ondorengo egoera latza zen Parisen eta Frantzian, orokorrean. Napoleon III.a enperadoreak 1870eko irailean izan zuen porrotaren ostean, Frantziako Bigarren Inperioaren gainbehera etorri zen, eta Prusiarekin gerran zegoen Frantziako Hirugarren Errepublika eratu zen. Prusiak hilabeteko setioa egin zion Parisi. Paris langile klasearen gune garrantzitsua zen orduan, eta hiriaren defentsa Frantziako Guardia Nazionalaren esku zegoen, Frantziako armadaren esku egon beharrean. 1871n, Adolphe Thiers Frantziako gobernu nazionalaren buru berriak armistizioa sinatu zuen Prusiarekin, eta armada armagabetu, baina ez Guardia Nazionala.
Hainbat herritar ospakizunetan.
Frantziako Gobernua tropak bidaltzen saiatu zen, Parisko Guardia Nazionalaren kanoia berreskuratzeko, herriaren eskuetan eror ez zedin. Soldaduek uko egin zioten jendetzari tiro egiteari, eta armak ofizialei apuntatu zizkieten. Martxoaren 18an hasi zen; Parisko Komuna sortu zen.
Guardia Nazionala barrikada batean, 1871ko martxoaren 18an.
Parisko Guardia Nazionalak deitutako hauteskunde libreetan, jacobinoen eta errepublikanoen gehiengo batek eta gutxiengo sozialista batek osatutako kontseilu bat aukeratu zuten herritarrek. Kontseiluak Parisen autonomia aldarrikatu zuen, eta Frantzia komunen konfederazio gisa birsortu nahi zuen. Martxoaren 28an eratu zen ofizialki komuna.
Lehen neurriak
Komunak, indarrean iraun zuen 60 egunetan, hainbat lege progresista onartu zituen: errentak jaistea, Parisko ehunka okindegitan gaueko lana abolitzea, gillotina abolitzea, zerbitzuan hildako Guardia Nazionaleko kideen alargunentzako eta seme-alabentzako pentsioak sortzea, abandonatutako lantegien autogestioa, haurtzaindegien sorrera, estatuaren laikotasuna, elizek bizilagunen batzarrak hartzeko eta gizarte lanekin bat egiteko duten betebeharra, ordaindu gabeko alokairuen igorpena eta zorren interesen abolizioa. Neurri horietako askok gerrak eragindako pobrezia orokorra arintzeko beharrari erantzuten zioten.
Adolphe Tiersen gobernuak, ordea, hasiera-hasieratik ez zuen begi onez ikusi komuna sortzea, eta apirilaren 2an komunaren aurkako setioa abiatu zuen. Hiria gupidagabe bonbardatu zuten, eta errepresioa izugarria izan zen. Komunaren iraupena bihurtu zen helburu bakarra. Nazioartetik asmo oneko mezuak iritsi ziren komunara, baina Thiersek eta Versaillesko haren ministroek informazioa zabaltzea eragotzi zuten. Paristik kanporako mugimenduak bertan behera geratu ziren.
Maiatzaren 21ean, Parisko harresien ate bat apurtu zuten, eta Versaillesko tropak hiria birkonkistatzen hasi ziren. Globalki planeatutako defentsa bat egin ordez, auzo bakoitza bere iraupenaren alde borrokatu zen, eta, horrela, pixkanaka-pixkanaka, auzo guztiak garaitu zituzten.
1830eko eta 1848ko iraultzek ohartaraziak zituzten agintariak. 1871n Parisko Komunaren iraultza piztu zenean, hiriaren trazadura ez zen 1830eko eta 1848ko iraultzetako berbera. 1830ean eta 1848an auzo proletarioetan eraikitako barrikadak menderaezin bihurtu zituzten kale estuak jada ez ziren existitzen. Bulebar handi, eder eta zabalez ordeztuak izan ziren. Hain zabalak zirenez, ia ezinezkoa zen barrikadekin blokeatzea, eta errazagoa izan zen armadarentzat auzoak garaitzea.
Barrikada bat Rue Voltairen, Aste Odoltsuan armadak bereganatu ustean.
Erresistentziarik gogorrena ekialdeko langileen auzoetan izan zen: zortzi eguneko borroka gogorra egon zen han. Azkenean, maiatzaren 28an, Belleville eta Ménilmontanteko azken erresistentzia puntuak erori ziren.
Tuilerietako jauregia, sutearen ondotik.
Martxoaren 23an, armadari aurre egiteko gaitasunik ez zutela ikusita, gobernuaren sinbolo ziren eraikinak erretzen hasi ziren komunako kideak. Tuilerietako jauregia, ordura arte errege etxearen sinbolo zena, erre egin zuten komunako kideek, eta baita Napoleon III.arekin estuki lotutako hainbat familiaren eraikinak ere. Bertze hainbat gaztelu eta karrika ere erre zituzten, eta martxoaren 24an Parisko udaletxeari su eman zioten.
Errepresioa
Gobernuak komunako kideen kontrako errepresioa abiatu zuen. Komunari laguntzea krimen izendatu zuten, eta milaka lagun akusatu zituzten. Horietako anitz fusilatu egin zituzten; bertze anitz, berriz, Versaillesera eraman zituzten, epaituak izateko. Versaillesko karrikak kartzela inprobisatu bihurtu ziren. Kartzela horietara eramandako anitz fusilatu egin zituzten; bertze anitz bortxazko lanak egitera zigortu zituzten, eta bertzeak erbestera bidali zituzten, Pazifikoko uharte bakartuetara. Hainbat kalkuluren arabera, Aste Odoltsuan 50.000 pertsona inguru hil zituzten Parisen. Paris salbuespen egoeran egon zen bortz urtez.
Parisko Komunan parte hartzeagatik fusilatu zituztenetako batzuk. EGILEA / AGENTZIA
Komunaren eragin kultural eta filosofikoak
Hainbatetan aztertu izan da Parisko Komuna, bai izan zenagatik eta bai izan zitekeenagatik ere. Ezkerreko hainbat mugimenduk demokrazia parte hartzailean oinarritutako gizarte liberal baten oinarri gisa ikusi izan dute komuna. Marxek, Engelsek eta Bakuninek, eta ondotik baita Leninek eta Trotskyk ere, bertako esperientziatik lezio teorikoak atera zituzten, batez ere estatu hitzari eta haren dimentsio politiko eta sozialari buruz. Marxek, erraterako larritzat jo zuen Komunak «momentu baliotsuak galtzea» hauteskunde demokratikoak antolatzen, Versaillesen aurka erasora jo beharrean.
Parisko Komunan hildakoen omenezko plaka bat. EGILEA / AGENTZIA
Egungo historialari gehienek, baita eskuinekoek ere, Komunaren hainbat erreformaren balioa onartu dute, eta hura zapaltzeko era basatia gaitzetsi dute.