Jerusalemdik Tel Avivera doa 443 errepidea, eta Zisjordaniako zati batetik igarotzen da, baina palestinarrek 2002tik debekatuta izan dute errepidea erabiltzea. Bigarren Intifadaren hasieran israeldarren ibilgailuen kontra egin zituzten hainbat eraso "oso arriskutsuak" zirela-eta erabaki zuen Israelgo Gobernuak palestinarrei bidea ixtea. Orain Israelgo Auzitegi Nazionalak erabaki du "neurriz kanpokoa" dela neurria, eta palestinarrek eskubidea dutela hura erabiltzeko. Dena den, hainbat muga jarri dituzte "arriskua saihestearren", eta Israelgo Eskubide Zibilen Elkartea kexu da Auzitegi Gorenaren erabakiari muzin egin diolako armadak. "Azken hamarkadako injustizia larria desegin beharrean, armadak hutsune legalak erabiltzen jarraitzen du status quoa mantentzeko".
Israelgo talde horrek, eta giza eskubideen aldeko beste hainbat taldek askotan egin dute protesta errepidea ixtearen kontra, eurek diotenez, 443a lurralde palestinarrean "apartheidaren errepidea" bilakatu dutelako. Palestinarrek debekatuta zuten ibilgailuz edo oinez igarotzea handik, eta hesi handi batzuek debekatzen zieten hara sartzea.
Gaurtik, berriz, errepidea erabil dezakete, baina ez zuzenean Ramalara heltzeko, Israelgo armadak horma berri bat jarri duelako palestinarren hiri administratiboan. Errepidera sartzeko bi leku izango dituzte soilik, eta ateratzeko lau.
mundua