2007tik garai latzena da Afganistanen

Maiatzean 368 zibil hil dituzte; duela lau urte hildakoak zenbatzen hasi zirenetik, kopuru handiena izan da

Erredakzioa
2011ko ekainaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Afganistango gatazkan hildako biktima zibilak 2007an zenbatzen hasi zen Unama Afganistango Nazio Batuen Erakundeko misioa. Orduz geroztik, joan den maiatza izan da orain arteko hilik odoltsuena, 368 zibil hil baitira, erakundeak jakinarazi duenez. Azken hilean zauritutakoak, berriz, 593 izan direla adierazi du.

Unamak emandako datuen arabera, «gobernuaren aurkako elementuek» eginiko atentatu eta erasoetan 301 zibil hil dira, hau da, kopuru orokorraren %82. «Gobernuaren aldeko indarren» ekintzetan, NATOrenak barne, 45 dira hildakoak. Beste 22 heriotzen errua zeinena den, berriz, ez du argitu Unamak. Misioaren giza eskubideen zaintzarako sailaren buru Georgette Gagnonek zehaztu du matxinatuen bizkar jarritako erasoetan hildako 119 zibil eta zauritutako beste 274 etxean eginiko lehergailuen biktimak izan direla. «Armamentu mota horren erabilera masiboa, nazioarteko gizatasun eskubidearen kontra doa», esan du Gagnonek.

NBEren misioak datorren uztail hasieran plazaratuko ditu urte honetako lehen sei hilabeteetan Afganistango gatazkak eragindako biktima zibilen kopuruak. Orain arte 2010a izan da biktima zibil gehien eduki duen urtea. NBEren datuen arabera, 2.777 zibil hil ziren iaz. Hurrengo abenduan beteko dira hamar urte gerra hasi zenetik.

Pakistan, laguntzeko prest

Bake prozesu bat bideratzeko asmoz, Afganistango agintariek elkarrizketak hasi dituzte taliban batzuekin. Pakistanek bide horretan lagunduko diola ziurtatu du hango lehen ministro Jusuf Raza Gilanik. «Afganistango baketze prozesua sustatu nahi dugu», adierazi zuen Gilanik Hamid Karzai presidente afganiarrarekin kazetarien aurrean eginiko agerraldian, atzo. Pakistango gobernuburuak azaldu du «Afganistan egonkor, baketsu, jori eta burujabe bat auzotzat izatea Pakistanen onurarako» dela.

Azkenaldian, Islamabadi jokabide bikoitza izatea egotzi diote AEBek, batez ere Osama Bin Ladenen hilketaz geroztik. «Terrorismoaren aurkako borrokan» Washingtonekin bat agertu, eta Afganistanen diharduten indar matxinatu batzuei babes ezkutua ematea egotzi diote.

Hiru erasotan, 23 hildako

Afganistanen dauden nazioarteko tropek herrialdeko Polizia eta armadari gero eta eskumen gehiago utzi arren, erasoak ez dute etenik oraingoz. Gutxienez 23 lagun hil zituzten atzo hiru erasotan. Atentaturik gogorrena Kandaharko probintzian gertatu zen. Minibus batean zihoazen hamasei lagun hil zituzten bide saihetsean ezkutatutako lehergailu bat zartarazita. Biktimen artean zortzi adingabeko daude. Khosteko probintzian, berriz, ekintzaile suizida batek polizia etxe bati eraso egin, eta lau agente hil eta bertze 23 lagun zauritu zituen. Ghazniko probintzian, beste ekintzaile suizida batek ume bat hil egin zuen, gainean zeramatzan lehergailuak zartaraztean.

Zibilak ez ezik, atzerriko soldaduak ere hil dira azken erasoetan. Hala, Frantziako armadako bi militar hil ziren ostiralean, Kabul inguruan jazotako bi atentatutan, Frantziako Defentsa ministerioaren arabera.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.