Mundua

2011tik aurrera "maila handiko berrarmatzeari" ekingo dio Errusiak

NATOren indarrak Errusiarekin muga egiten duten herrialdeetara zabaltzen ari direla argudiatuta hartu du erabakia Dmitri Medvedev presidenteak.

2009ko martxoaren 17a
17:11
Entzun
Errusiako presidente Dmitri Medvedevek gaur iragarri du 2011tik aurrera "maila handiko berrarmatzeari" ekingo diola Moskuk. Erabaki horren atzetik, besteak beste, NATOren indar eta azpiegiturak Errusiarekin muga egiten duten herrialdeetara zabaltzen ari direla dagoela azaldu du.

"Iaz [armadako] atal eta unitate sorta bat ekipo modernoekin hornitzea lortu genuen, eta 2011tik lurreko nahiz itsasoko armada maila handian berrarmatzen hasiko gara", zehaztu du Medvedevek, Defentsa Ministerioko arduradun nagusiekin biltzean.

Kremlingo buruaren esanetan, NATOk ez ditu bere azpiegitura militarrak Errusiako mugetaraino zabaltzeko bere eginahalak gerarazten. Hala, munduko egoera politiko-militarra aztertuta, Moskuk ikusi du gatazkarako potentzial handia dagoela hainbat eskualdetan.

"Horiei erantsi behar zaizkie tokiko krisiak eta nazioarteko terrorismoa", esan du.

"Horrek guziak gure indar armatuen modernizazio kualitatiboa exijitzen du, baita hauek etorkizunerako ezaugarriak hartzeko ere, eta, horretarako, egun ditugun finantza zailtasunak zailtasun, beharrezko baldintzak esistitzen dira gaur egun".

Horiek hala, Errusiako Federazioko Indar Armatuen borrokarako prestakuntza kualitatiboki areagotzeko eginbeharra proposatzean, lehentasuna eman dio Medvedevek indar nuklear estrategikoei. "Errusiako segurtasun militarra bermatzeko eginkizun guziak osorik betetzeko gai izan behar dute", azaldu du.

Armadaren atal eta unitate guziak, "balizko zeinahi erasoren aurrean uneoro alertan" egoteko beharra ere nabarmendu du.

Iragarri duenez, Errusiako Segurtasun Kontseiluak 2020 urtea arteko segurtasun nazionalerako estrategia erabakiko du aurki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.