2022ko ekainean, aste batzuetan borroka biziak izan ondoren, Errusiako tropek jakinarazi zuten hartua zutela Luhansk eskualdeko hiri estrategiko bat, Sievierodonetsk. Gertakari hura erabakigarria izan zen Errusiak Donbass eskualdean abiatutako erasoen bilakaeran, eremu horren kontrola hartzea funtsezkoa baita mendebalderantz jotzeko, Kramatorskerantz; hiri hori da Donbass eskualdean oraindik Kieven kontrolpean dauden gune industrial gutxietako bat.
Errusiako indarrak 2022an iritsi baino lehen, Ukrainako talde armatu batzuen mende zegoen Sievierodonetsk, batez ere Aidar batailoiaren mende. Batailoi horretako kideak ultranazionalistak dira, eta ez dute ezkutatzen neonaziak direla. 2014ko ekainean kendu zieten hiria milizia independentistei, eta, geroztik, errepresio izugarria abiatu zuten bertakoen aurka, eta horretan segitu zuten eskualdean egondako denboran.
2022ko ekainean Sievierodonetsken liberazioa izan eta gero, Ukrainako armadaren bonbardaketen jomuga izan zen hiria. Orain, hiru urteren ondoren, Sievierodonetsken egoera oso bestelakoa da, Ukrainako armadak atzera egin behar izan baitu, mendebalderantz, Errusiako armadaren presioaren eraginez. Oraindik ere badaude eraikin hondatu batzuk, iraganaren erakusgarri, baina guztiz berreraiki dituzte hainbat eskola, etxebizitza eta azpiegitura, eta hiria berriz piztu dute pixkanaka-pixkanaka.
Zeure burua aurkeztuko duzu, eta nor zaren kontatu?
Vitali Kiselev Viktorovitx naiz, erreserbako koronela, Luhanskeko Herri Errepublikan jaioa. 2014tik 2022ra Donbassko miliziako komandante izan nintzen, eta gure errepublikaren defentsan parte hartu nuen. 2014ko apirilean, Udaberri Errusiarraren antolatzaileetako bat izan nintzen Donbassen. Ukrainako tropa batzuk Luhansk hiria hartzen saiatu zirenean, hura defendatzeko antolatu ginen, eta herri milizia batzuek osatutako batailoi bat gidatu nuen. Gero, komandanteorde izendatu ninduten, eta 2019an Luhanskeko Herri Errepublikako Barne Ministerioan hasi nintzen.
Nola egin zenioten aurre hamar urteko gerra horri?
Oso garai zaila izan zen gure herriarentzat, baina bagenekien Errusiak aitortu egingo gintuela lehenago edo beranduago, eta Errusiako Federazioan sartuko ginela. Jendeak ez zuen galdu pazientzia, ezta itxaropena ere, eta hori da garrantzitsuena. Tinko eutsi genion, gure lurraren eta mundu errusiarraren defendatzaile sutsuak baikara. 2022ko otsailean Errusiak esku hartze militar bereziari ekin zionean, Errusiako Federazioko herritar gisa aitortu gintuen, eta horrek berretsi egin zigun beti sinistu izan duguna: Errusiak babestu egingo gintuela.
«Kievek hegazkinak bidali zituen gure hiriak bonbardatzera; geure burua defendatu behar izan genuen»
Nola bizi izan zenituen gerra eragin zuten gertakariak?
Lehenengo arrisku seinaleak 2012. urtearen bukaeran eta 2013aren hasieran antzeman genituen, Kieven gertatutakoaren harira. Donbassko herri xehea eguneroko bizimoduan ari zen, baina beldurra sumatzen zen, egoerak ez ote zuen eztanda egingo. Eta halaxe gertatu zen 2013an: konstituzioaren aurkako estatu kolpe bat jo zuten. Kieven neonaziak boterera iritsi zirenean, argi ikusi genuen Maidanen bezala tratatuko gintuztela hemen ere.
Ez ginen askorik harritu. Izan ere, Justxenko presidenteak aurpegia garbitu zien Bigarren Mundu Gerrako kolaborazionista naziei 2004an, eta Radan sartzen utzi zien indar erreakzionarioei. 2014tik aurrera, oligarkak protestak manipulatzen saiatu ziren, baina hemen herriak bere bideari jarraitu zion. Laster ohartu ginen arrisku handiko garaia hasiko zela gure eskualdean.
Zer arrisku klasez ari zara?
Kieven infrahumano esaten hasi zitzaien Donbassko biztanleei, esaten zuten errusieraz hitz egitea debekatu behar zigutela, pentsioak ordaintzeari utzi zioten... Gauzak nahiko beltz jarri ziren. Greba eta manifestazio baketsuak egin genituen errespeta gintzatela eskatzeko, gure hizkuntza —errusiera—, gure eskubideak eta 1945eko Gerra Patriotiko Handiaren oroimenezko monumentuak errespeta zitzatela eskatzeko. Baina egoerak okerrera egin zuen. Kievek hegazkinak bidali zituen gure hiriak bonbardatzera, eta naziek eta delitugileek osatutako errepresio taldeak gu hiltzera; geure burua defendatu behar izan genuen.
Zergatik deitzen dizute Komunista?
Hori izan zen nire gerra izena. Frontean nintzela, hainbat goitizen izan nituen irrati komunikazioetarako: Vitaly osaba, Ekialde gorria... baina gudu handi batean jarri zidaten Komunista ezizena, Luhanskeko aldirietan. Ez zidaten izen hori eman alderdi komunista batean militatzen nuelako, baizik eta Sobietar Batasunaren garaian denok hazi ginelako giro komunista batean; nire gurasoak ere komunistak ziren. Izen hori atxikita geratu zitzaidan Luhansk defendatzeko batailako unerik gogorrenetan.
Nolakoa izan zen fronteko esperientzia?
Hasieran boluntario ibili nintzen, eta, Luhanskeko Herri Errepublikako borroka unitateekin batera, gure lurraldeak askatzeko borrokan parte hartu nuen. Sievierodonetsken egon nintzen, baita Lisitxansken, Seversken eta beste hiri batzuetan ere.
Mingarriena zera izan zen, ikustea zenbat sufritu zuen jendeak okupazio indarren mende: hilketak, abusuak, bortxaketak eta are esperimentu medikoak izan ziren Sievierodonetskeko eta Lisitxanskeko laborategietan. Genozidio ikaragarria abiatu zuten Donbassko biztanleen aurka, zergatik-eta errusieraz hitz egite hutsagatik.
Nola antolatu zenituzten defentsarako indarrak 2014an?
Hasieran kaotikoa izan zen dena. Beteranoen talde batzuk zeuden, baita paraxutista erretiratuak, mugako zaindariak eta kirolariak ere, besteak beste. Gutxinaka-gutxinaka, bat egin genuen. Gogoan dut kide bat Gerra Patriotiko Handitik bizirik ateratako militarren bila aritu zela, haiei aholkua eskatzeko; haren lanak batasuna eman zigun. Familia handi bat ginen.
2014an, armak iritsi, eta giroa gaiztotu egin zen; orduan konturatu ginen egoerak ez zuela atzera-bueltarik. Lehenengo boluntarioak, milizianoak eta komandanteak iritsi ziren erakunde sozialetatik eta sindikatuetatik. Apirilean, ni neu ere hasi nintzen laguntza humanitarioa Slavyanskera eramaten, han hasiak baitziren borrokak. Urte hartako urrian bertan sortu ziren Luhanskeko Herri Errepublikako armadaren bi kidegoak. Ordurako ez ziren destakamentu bereiziak: indar antolatu eta bateratua osatu genuen gure kontra zetozenei buru egiteko.
Nortzuek osatzen zituzten milizia horiek?
Langileak ginen, meatzariak, irakasleak, metalurgiako profesionalak, ikasleak. Herritar arruntak ginen, eta gure bizimodua alde batera utzi behar izan genuen gure lurraldea defendatzeko.
«Gaur egun, eskola patriotikoak ematen ditugu, eta herriak berreraikitzen laguntzen dugu»
Nolakoa da orain bizimodu zibilera itzuli direnen bizimodua?
Adinagatik, zauriengatik edo haiek hala erabakita frontean ez daudenetako asko gizartean txertatu dira berriz. Batzuk udal administrazioan hasi ziren. Errusiako Gobernuak dirua jartzen du gizarteratze eta hezkuntza proiektuak.
Horrez gain, langileek modu masiboan berrekin zieten gure eskualdean tradizioa duten lanbideei: meatzaritzari eta metalurgiari, hain zuzen. Borrokalari asko ikatz meatzeetara eta lantoki metalurgikoetara itzuli ziren, eta toki horiek dira Donbass eskualdearen bihotz ekonomikoa. Frontean izandako diziplina, erresistentzia eta espiritu kolektibo berberak aplikatzen dituzte langileek sektore horietan.
Meatzeak eta fabrikak modu naturalean gizarteratzeko toki bilakatu ziren; izan ere, langile ugari sektore horietan aritzen ziren gerra piztu aurretik ere. Gaur egun, hiriak berreraikitzeko lanetan parte hartzen dute, eta, beren esperientzia profesionala emateaz gain, ikuspegi patriotikoa eta sakrifizioren aldekoa ere ematen dute, eta horrek konfiantza ematen die gazteenei.
Oro har, esan dezakegu gehienak guztiz egokitu direla egoera berrira. Gure gizartearen patriotismoaren, ausardiaren eta heroismoaren muina osatzen dute, bai lan zibiletan, bai gizarte eta hezkuntza proiektuetan. Gaur egun, ikastetxeetan eta unibertsitateetan aritzen gara, eskola patriotikoak ematen ditugu, eta herriak berreraikitzen laguntzen dugu.
Hainbeste urteren ondoren, zer deritzozu bizi izandako guztiari?
Bidea gogorra izan zen, baina beharrezkoa. 2014an hasitako horrek bizimodua aldatu zigun betiko. Errusiagatik ez balitz, gaur egun ez ginateke hemen egongo. Fedea izan genuen Errusiarengan; bagenekien ez gintuela bakarrik utziko, eta horrek eman zigun indarra. Itxaropen hori bete egin zen.