Gutxienez 23 pertsona hil dira Afganistanen, eta bi zauritu, talibanen eta Poliziaren artean izandako borroketan. Talibanek hainbat polizia posturi eraso zieten herrialdearen ekialdean, Nuristan eskualdean.
Eskualde hartako gobernadore Hafiz Abdul Qayum-ek esandakoaren arabera, bi zaurituak poliziak dira. Ziurtatu du, gainera, matxinatuek ez dutela polizia postu bakar bat ere deuseztea lortu. Zabihullah Mujahid bozeramaile talibanak, berriz, esan du erasoaren ondorioz hamar polizia hil direla, eta beste hainbat zaurituak edo atxilo hartuak direla.
Afganistango gatazka unerik latzenetako batean dago egun, duela hamahiru urte AEBek herrialdea inbaditu eta talibanen gobernua erorarazi zutenetik. 2011n nazioarteko tropak alde egiten hasi ziren pixkanaka, eta herrialdeko segurtasunaren eskuduntza Afganistango Poliziari eta Armadari uzten. NATOk Afganistanen martxan duen misioa urtearen bukaeran amaituko da, baina AEBek jakinarazi dute 9.800 soldadu han utziko dituela 2016. urtera arte.