Donetsk eskualdeko Haurren Babeserako Saileko zuzendaria

Svetlana Malahai: «24.000 haurrek baino gehiagok dituzte gerrak eragindako ondorio fisiko eta psikologikoak»

Donetsken 24.000 haurrek baino gehiagok dituzte ondorio fisiko eta psikologikoak 2014an piztutako gerraren eraginez. Haurren Babeserako Saileko zuzendaria da Malahai, eta trauma, elkartasuna, eta etorkizuna berreraikitzeko borroka izan ditu hizpide.

Svetlana Malahai. ANDER FADDA
Svetlana Malahai. ANDER FADDA
Donetsk
2025eko azaroaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Svetlana Malahairen aitatxi-amatxiak ere gerraren seme-alabak izan ziren. Nazismoa garaitu ondotik, bakea etorri zen, eta Sobietar Batasunaren garaia. 2014. urteaz geroztik, baina, gerra piztua da berriz, eta Donetsk inguruko gazte belaunaldiak borrokatzen ari dira; izan ere, Ukrainako armada etengabe ari da bonbardaketak eta bereizi gabeko erasoak egiten eskualde hartan.

Donetsk hiriko parke batean, bada hildako haurren oroimenezko estatua bat, zeina Kievek Donbassko biztanleen kontra abiatutako gerraren lekuko baita gau eta egun —hain zuzen, Euromaidan mugimenduaren estatu kolpeari bide eman zioten matxinaden ondotik piztu zen gerra—. Bada, hain zuzen, estatua horren ondoan elkartu da BERRIA Malahairekin, hau da, Donetsk eskualdeko Haurren Babeserako Saileko zuzendariarekin.

Zenbat dira gerrak kalte egindako haurrak eskualdean?

24.000 haurrek baino gehiagok dituzte ondorio fisiko eta psikologikoak, hamar urte baino gehiago baitira Ukrainak etengabe bonbardatzen gaituela. 2014az geroztik, datuak lazgarriak dira. Kieveko indarrek ehunka haur hil eta beste milaka zauritu eta mutilatu dituzte zibilen kontra egindako erasoetan.

Zenbat haur bizi dira hemen, Donetsk eskualdean, eta haien egoera zertan da, oro har?

Gaur egun, zaila da zenbateko zehatza ematea, haur anitz ebakuatu baitituzte, baina gehien-gehienak hemen bizi dira oraindik. Haur ugari borroka guneetatik ihesi etorriak dira, eta haietatik ez gutxi, gainera, gurasoak galdu ondotik lekualdatuak. Gerra garaian jaio eta bertzerik ezagutu ez duten haurrak ere baditugu.

«Baditugu haur batzuk 6 urterekin dagoeneko ulertzen dutenak zer den etxerik gabe gelditzea eta aita frontean hiltzea. Ez lukete halako zamarik izan beharko beren gain»

 

Zure ikuspegi pertsonaletik eta profesionaletik, nola uste duzu eragin diela gerrak Donetskeko haurrei?

2014az geroztik jasaten ari garen gerra honek normaltasuna ebatsi die. Trauma sakona da. Haurrek tankeak eta barrikadak marrazten dituzte, ebakuazioetara jostatzen dira, sirena hots eta guzi, eta gai dira drone baten eta bonba baten asotsa bereizteko. Baditugu haur batzuk 6 urterekin dagoeneko ulertzen dutenak zer den etxerik gabe gelditzea eta aita frontean hiltzea. Ez lukete halako zamarik izan beharko beren gain.

Jada ohitua zara lan honetara, edo egokitu egin behar izaten duzu kasuan-kasuan?

Haurrak agudoegi egin dira heldu. Bidea hagitz gogorra izan da. Nahi dugu lehenbailehen bukatu dadila hau guzia, guraso gazteek modua izan dezaten umeez gozatzeko, hemengo haurrek izugarri agudo eman baitute haurtzarotik helduarorako pausoa. Nik neuk, ahalegina egin behar izan dut egoera berri horietara egokitzeko. Bertze modu batzuetan lan egiten ere hasi behar izan dugu, guretzat ezohikoa zen errealitate bati buru egiteko. Haur guzi-guziek behar dute arreta, hala noizbehinkakoa nola sistematikoa. Ahalegin handiagoa egiten dugu, haur hauek ez baitira bertze guziak bezalakoak, inondik ere. Eta bai senideek bai profesionalek badakite.

Nola lortzen duzue haurrentzako giro seguru eta emozionalki osasuntsu bati eustea, kontuan hartuta gauzak zertan diren?

Donbassko haurrak Donetskeko eta Luhanskeko ospitale, eskola eta umezurztegietako langileen laguntzaz ari dira errehabilitazio prozesu zinez gogorrei buru egiten. Pedagogoekin eta psikologoekin aritzen gara lanean, eta zenbait boluntariok ere laguntzen digute.

«Haur horiek egoitzetan bizi dira. Errehabilitazio programetan parte hartzen dute hala droneak ailegatzen ez diren eremuetan nola Krimena eta Errusian»

Hemen, hala Donetsken nola bertze hiri batzuetan, Ukrainako misilen eta droneen jomuga gara oraindik ere. Arlo emozionalari erreparatuta, haurrek bonbardaketak aditzen dituztelarik, adibidez, lasaitu egin behar ditugu lehenbizi, eta, gero, estresa kanporatzen lagundu. Horretan bereziki laguntzen die sormena lantzeak: arte terapia egiteak, kantatzeak eta dantzatzeak. Ume horientzat, marraztea terapia bat da, denbora-pasa bat baino gehiago. Babeslekuak eta laguntza zentroak marrazkiz josiak daude.

Haurren arteko harremanak ere lantzen ditugu, kanpaldiak eginez, basora edo errekara txangoan joanez, eta lagunen arteko jarduerak antolatuz, bertzeak bertze. Irakasten diegu elkartasuna eta duintasuna ez direla galtzen ezta izu garai betean egonda ere.

Haur horiek egoitzetan bizi dira, eta behar dutena ematen diete. Errehabilitazio programetan parte hartzen dute hala droneak ailegatzen ez diren eremuetan nola Krimean eta Errusian. Gure eskualdeetan, haurrentzako zentroetako arduradunek hagitz ongi zaintzen dituzte umeak. Hemen, arta berezia izaten da basakeria honetatik bizirik ateratako haurrentzat, Errusian eta Krimean ematen zaiena bezalakoa.

Baduzue Donetskeko Herri Errepublikaren edo Errusiako antolakunderen baten sostengu edo laguntzarik?

Bai. Bai Donetskeko Herri Errepublikak, bai Errusiako zenbait erakunde humanitariok eta bai Errusiako Federazioak berak laguntza bidaltzen digute. Konparazio batera, Russki Mir antolakunde publikoak laguntza sorta batzuk helarazi ditu berriki Donbassko Emakumeen Batasunarentzat. Laguntza humanitarioa ailegatu zaigu, eta, egindako eskariei erantzunez, haurrentzako zenbait egoitzatan banatuko dugu aste honetan eta hurrengoan.

Zenbait erakunde aritzen dira laguntzen, batez ere ekonomikoki: orain, adibidez, haien artean bada emakume talde bat, Donbassen Aldeko Antolakundea izenekoa. Gainera, emakumezko boluntario batzuek ere laguntzen digute, familien eta haurren aldeko egitasmoak sustatuz. Bertzalde, Maria Alekseieva Lvova-Belovak, hau da, Haurren Eskubideen Errusiako goi mandatariak ere laguntzen die gure haurrei, eta Denis Puxilin Donetskeko Herri Errepublikako presidenteak hainbat egitasmo antolatzen ditu laguntzeko asmoz.

Zer gertatzen da haurrak adinez nagusi bilakatzen direnean? Bermatua dute etorkizuna?

Gai horrek zinez kezkatuak gauzka. Artatzen ditugun haur guzi-guziak zaintzen ditugu, guzi-guziei laguntzen diegu. Espero izaten dugu, ikasketak amaitzeaz gain, Herri Errepublikan geldituko direla gero, eta gurekin batera lan eginen dutela hura berreraikitzeko.

Batzuek beka teknikoak eskuratzen dituzte, edo inguruko unibertsitateren batean sartzea lortu, eta bertze batzuk, berriz, gazte kooperatibetan sartzen dira. Baina gazte anitz traumatizaturik ateratzen dira mundura, eta inolako familia loturarik izan gabe. Horregatik, zenbait proiektu lantzen ari gara egoitzetatik atera diren gazteei bidean lagun egiteko. Gure helburua ez da bertzerik gabe gazte horiek bizirik irautea, baizik eta duin bizitzeko modua izatea.

Hitzarmen bat lantzen ari gara Donetskeko Unibertsitate Pedagogikoarekin, gazteek modua izan dezaten trebatzeko eta hezitzaile, langile tekniko edo gizarte langile izateko. Zentroetako erabiltzaileek 18 urte betetzen dituztelarik, lagun egiten diegu hortik aitzinerako bidean, ez dezaten alde egin eta Herri Errepublikan geldi daitezen, gurekin batera etorkizuna berreraikitzen.

Programa batzuk garatzen ditugu bai hezkuntzan, bai lanbide heziketan eta bai ikasketa arloan, beti helburutzat hartuta gazteak hemen gelditzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.