Kosovorako Auzitegi Bereziak 25 urteko kartzela zigorra ezarri dio Hashim Thaciri, Kosovoko gerran (1998-1999) gerra krimenak egitea egotzita. UCK Kosovo Askatzeko Armadaren buru ohietako bat da Thaci, Kosovoren independentziaren sinboloetako bat. Epai hori kaleratu du gaur auzitegi horrek, Hagan (Herbehereak).
Thaci Kosovoko presidentea izan zen (2016-2020), baita lehen ministroa ere (2008-2014). Hilketak, tortura eta, besteak beste, legez kanpoko atxiloketak leporatzen dizkiote Serbiako indarren aurkako gerran. Gizateriaren kontrako krimenengatik ere bazegoen akusatuta, baina kasu horretan absolbitu egin dute
Charles Smith epaileak irakurri du sententzia Thaciren aurrean, eta hark isilik entzun du, zutik, aurikularrak belarrietan. Kargu guztiak ukatu ditu prozesuan, eta azkeneko auzi saioan, joan den otsailean, nabarmendu zuen «Kosovoko herriaren ondoan» egon dela beti, eta «Mendebaldearen idealek» gidatu dutela bere egitekoa: «Demokraziak, berdintasunak eta justiziak». Haren defentsaren arabera, ez dago frogarik krimen horiek egozteko. 58 urte ditu.
Ebazpenak dioenez, oposizioko 96 politikariren eta Serbiako indarren kolaboratzailetzat jotako pertsonen hilketaren erantzulea da. Gainera, beste hiru gerrillari ohi ere epaitu dituzte, eta hirurak zigortu: 25 urte Jakup Krasniqiri, hemezortzi Kadri Veseliri, eta hamahiru Rexhep Selimiri. Laurak 2020ko azarotik zeuden behin-behineko atxiloaldian, Hagan, eta, epaiak dioenez, «asmo kriminal» bera zuten, eta plan bat landu zuten UCKren helburuetarako «oztopo» izan zitezkeenak atxilotzeko, haiei eraso egin eta tratu txarrak emateko.
Erabakiak ikusmina piztu du Kosovon, eta milaka pertsona atera dira kalera Pristinan, plataforma baten bueltan bildutako hainbat elkartek deituta. Heroitzat dute Thaci. Joan den larunbatean ere manifestazio jendetsu bat egin zuten hiriburuan —Askatasunaren aldeko martxa deitu zioten—, eta 100.000 lagun inguru bildu zituen. Gaur, epaiaren berri izan ondoren, ehunka pertsonak harriekin eraso egin diote Eulex Kosovorako EB Europako Batasunaren misioko Poliziak Pristinan duen egoitzari.Â
Hagatik kilometro batzuetara, zelaigune batean, ehunka kosovar bildu dira pantaila erraldoi batzuetan epaiaren irakurketa ikusteko. Istiluak izan dira kosovarren eta Herbehereetako Poliziaren artean, hango hedabideek argitaratu dutenez.Â
Auzitegian egon da Glauk Konjufca Kosovoko Atzerri ministroa, eta saioa bukatu eta handik ateratzean kazetariei esan die epaia «izugarria eta bidegabea» dela. «Zalantzarik gabe, kalte handia eragingo dio bai gure kontakizunari, bai gure estatuari».
Kronologia
- 2015eko abuztua. Kosovo ez zegoen gerrako gehiegikeriak ikertuko zituen nazioarteko auzitegi bat sortzearen alde, baina, AEBek eta EB Europako Batasunak estututa, konstituzioari zuzenketa bat egitea onartu zuen parlamentuak, eta, hala, bide eman zion auzitegi horri.
- 2020ko ekaina. Kosovorako Auzitegi Bereziak gerra krimenak eta gizateriaren kontrako krimenak egotzi zizkien Hashim Thaci UCK Kosovo Askatzeko Armadaren buru ohiari eta beste hiru gerrillariri.
- 2020ko azaroa. Thaci auzipetu egin zuten. «Estatua babesteko», presidente karguari uko egin zion azaroaren 5ean, eta nabarmendu Hagara bidaiatuko zuela bere burua entregatzeko. Ez dago argi hala izan ote zen, baina ordutik behin-behineko atxiloaldian egon da Hagan.
- 2023ko apirila. Ahozko epaiketa hasi zen formalki.
- 2026ko otsaila. Fiskalek eta defentsak azken hitza izan zuten.
Hainbat iturrik diotenez, Kosovoko gerran 13.000 pertsona inguru hil zituzten, militarrak, milizianoak eta zibilak kontuan hartuta; milioi bat inguru desplazatu ere eragin zituen. Gerra bukatu eta ia hamar urtera lortu zuen independentzia Kosovok —etnikoki gehiengo albaniarra zuen eta orain ere hala du—.
Krisi instituzional betean
Epaia heldu da noiz eta krisi instituzional batean daudenean herrialdean. Urte eta erdian hirugarrenez hauteskunde parlamentarioak egin zituzten ekainaren 7an, VV Vetevendosje (Autodeterminazioa) nagusitu zen, eta Albin Kurti alderdi horretako liderra herrialdeko lehen ministro izendatu zuten aurreko igandean, laugarrenez.
53 aulki lortu zituen Vetevendosjek ekainean, baina beste batzuen babesa behar zuen Kurtik gobernuburu aukeratua izateko, Parlamentuan 61 eserleku behar baitira gehiengo osoa lortzeko. Eta gutxiengo ez serbiarrek babestu zuten: bosniarrek, turkiarrek, eta erromaniek.
Serbiarrek inbestidura saioan parte hartu zuten; ez, ordea, oposizioko indar nagusiek: PDK Kosovoko Alderdi Demokratikoa  —alderdi horretako da Thaci—, LDK Kosovoko Liga Demokratikoa eta AAK Kosovoren Etorkizunerako Aliantza. Boikotatu egin zuten, argudiatuta prozedura konstituzioaren kontrakoa zela. Haien arabera, parlamentua osatzeko epea abuztuaren 7an iraungi zen. Gainera, Albulena Haxhiu behin-behineko presidenteari egotzi zioten prozesuari bide ematea, nahiz eta ganberako bost presidenteordeetako bat aukeratu gabe zegoen artean.
Oposizioak helegitea jarri du Auzitegi Konstituzionalean. Iaz, antzeko egoera batean, Konstituzionalak ebatzi zuen parlamentua osatu behar zela emaitzak ofizial egin ondorengo 30 eguneko epean. Hain zuzen, epe hori abuztuaren 7an iraungi zen.