AFGANISTAN

40 soldadu hil dira gutxienez, talibanek base militar baten kontra egindako eraso batean

Afganistango talibanen bozeramaileak bere gain hartu du erasoa.

Afganistango polizia bat, artxiboko irudi batean. MUHAMMAD SADIQ, EFE
2017ko uztailaren 26a
11:53
Entzun

Gutxienez, 40 soldadu afganiar hil dira, talibanek base militar baten kontra egindako eraso batean. Base militarra Kandahar probintzian dago, Afganistango hegoaldean. Tolo News telebista kateak eta Pajhowk agentziak eman dute erasoaren berri; 1TV kateak adierazi du, berriz, gutxienez 40 militar hil direla.

Jakrez distrituan dagoen basearen kontrako erasoa 01:30ean hasi zen, eta bost orduan iraun duten borrokak eragin ditu. 1TVn adierazi dutenez, beste 40 soldadu daude desagertuta erasoaz geroztik.

Pajhwok agentziari egindako adierazpenetan, Afganistango armadaren bozeramaile Ahmad Sadiq kapitainak baieztatu du baseari astearte gauean eraso egin ziotela, eta hainbat soldadu daudela hilik eta zaurituta; hala ere, ez du kopuru zehatzik eman. Defentsa Ministerioko bozeramaile Dawlat Waziri jeneralak ere erasoa egiaztatu du.

Talibanen bozeramaile Zabihula Muyahidek bere gain hartu du erasoaren ardura. Azken egunotan, milizianoek operazio gehiago egin dituzte, eta hiru distritu dituzte kontrolpean. Hala ere, Afganistango armadak adierazi du asteazken goizean Kohistan berreskuratu duela, Faryab probintzian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.