munDUA

4,5 graduko lurrikara izan da Haitin

Asteartean izandakoaren erreplika izan dela dio AEBetako Institutu Geologikoak.

2010eko urtarrilaren 16a
20:04
Entzun 00:00:0000:00:00
Beste lurrikara bat gertatu da Haitin: Richter eskalan 4,5 gradukoa, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Institutu Geologikoaren arabera. Ez dute kalteen berririk eman. Haitiko goizeko hamaikak aldera gertatu da, eta Port-au-Prince hiriburutik 25 kilometro mendebaldera izan da epizentroa.

Asteartean izandakoaren erreplika izan dela dio institutuak; ordutik 50en bat izan dira. Asteartean 7 gradukoa izan zen eta, Haitiko Gurutze Gorriaren arabera, 50.000 lagun inguru hil dira. "Horretaz gain, uste dugu hiru milioi pertsona kaltetu direla; zauritu direnak edota etxea galdu dutenak dira horiek". Hamar milioi biztanle ditu Haitik.

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) gaur jakinarazi duenez, Leogane, Gressier eta Carrefour herriak hondatuta geratu dira astearteko lurrikararen ondorioz. Leoganeko etxebizitzen %90ek kalte handiak jaso dituzte, esaterako; 134.000 biztanle ditu eta, NBEren arabera, 5.000-10.000 lagun hil dira.

Gressierren -25.000 biztanle ditu- eta Carrefourren -334.000- eraikinen erdia dago erorita edo kaltetuta.

Haitiko herritarrak amorratzen hasi dira, laguntzarik jaso ez dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.