Rudolf Elmer bankari ohi suitzarrari 5.500 euroko isuna jarri dio Zuricheko epaitegi batek, lehengo astelehenean eskura bankuetako informazio sekretua emateagatik Julian Assang Wikileaks Internet atariko arduradunari. Londresen eman zizkion, eta datu horietan ustez iruzur fiskala egindako bi mila lagun daude. Gaur egin dute Elmerren aurkako epaiketa.
Suitzako banku sekretua urratzea egotzi dio epaileak. Fiskaltzak zortzi hilabeteko kartzela zigorra eta isuna eskatzen zituen Elmerrentzat.
Zerrendan pertsona aberats eta ezagunen kontuei eta mugimenduei buruzko datuak daudela ziurtatu du bankari izandakoak. Haien artean 40 politikari daude, haren arabera.
Julius Baer banku pribatuko langilea izan zen Elmer (55 urte), hamabost urtean. 2002an lanpostutik bidali egin zuten, barruko dokumentuak bereganatu zituelakoan.
Elmerrek 2008an jo zuen lehen aldiz Wikileaksera. Webgune horrek haren informazioa argitaratu zuen orduan, eta Ameriketako Estatu Batuetako Justiziak behin-behinean itxi egin zuen Interneteko atari hori, Suitzakoak hala eskatu ondotik. Adierazpen askatasunaren aldeko mugimenduak izan ziren, eta AEBek berehala indargabetu zuten neurria.
mundua
5.500 euroko isuna Wikileaksi datu sekretuak emateagatik
Epaiketa egin diote gaur Rudolf Elmerri Zurichen. Honek dio zerrendan pertsona aberats eta ezagunen kontuei eta mugimenduei buruzko datuak daudela. Fiskaltzak zortzi hilabeteko kartzela eskatzen zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu