Al-Bu Ubaid herriska bonbardatu zuten lehendabizi AEBetako hegazkinek: bezperan, larunbatean, erreboltarien lehergailu batek eztandarazi zuen AEBen ibilgailu militar baten hondakinen inguruan bilduta zegoen jende talde handi bat, eta F-15 hegazkinen bidez haiek bonbardatzeari ekin zioten. AEBetako iturri militarren arabera, beste lehergailu bat jartzen ari ziren han bildutako irakiarrak. Herriko jendeak, ordea, hori gezurra dela agertu du, eta hondakinetatik baliagarri izan daitezkeen piezak jasotzera joandako zibilak zirela ziurtatu dute. Guztira 25 bat lagun hil ziren bonbardaketa horretan.
Geroago, Al-Bu Faraj herriska bonbardatu zuten. AEBetako Armadaren arabera, erreboltari tald batek Cobra helikoptero baten aurka egin zuen tiro, eta Cobrak erantzun egin zien hamar bat pertsona hilez. Aipatu iturrien arabera, erasotik bizirik atera ziren erreboltariak ondoko eraikin batean gorde ziren eta borrokako hegazkin batek bonbardatu zituen. Eraikin hori arma biltegia zela diote AEBek. Bigarren bonbardaketa horretan 40 bat pertsona hil zituzten. Estatu Batuetako iturri militarren arabera, erreboltariak ziren den-denak. Kasu honeta ere, herriko lekukoek gezurtatu egin dute militar estatubatuarren informazioa: gutxienez 14 zibilak zirela diote.
Bi herriska horiek Ramadi ondoan daude, Bagdadetik 155 bat kilometro mendebaldera. Erreboltari suniten gotorlekuetako bat da eremu hori.
Iraken okupazioa
70 bat irakiar hil ditu AEBetako Armadak Ramadi inguruan, bonbardatuta
AEBetako Armadako helikoptero eta hegazkinek Ramadi ondoko bi herriska bonbardatu zituzten atzo, eta, ondorioz, 70 bat irakiar hil dira. Estatu Batuetako iturri militarren arabera, erreboltariak dira hildako guztiak, baina lekukoek agertu dute, zenduetatik gutxienez 39 zibilak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu