750.000 lagun askatasun eske

Oso presente izan dituzte presoak, manifestazioan. QUIQUE GARCíA, EFE
Oihana Elduain Uranga
2017ko azaroaren 11
08:30
Entzun

Udaltzaingoak eman du zifra: 750.000 lagun elkartu dira gaur Bartzelonako Marina kalean, preso politikoen askatasuna eskatzeko. Agusti Alcoberro ANCko bozeramaileak esan du ibilbide osoa bete dutela jendez: "Marina kalea gurea izango da beti, itsasotik mendiraino". Honela kontatu du BERRIAk.

Ohitu ere egin dira protestara ateratzera, baina ez dute etsi. Jendeak ozen egin du oihu: "Puigdemont, lehendakari" esan dute, baita "independentzia" edo "prentsa espainiarra, manipulatzailea" ere. Hala ere, bat da gehien entzun den aldarrikapena: "Askatasuna". Askatasuna preso dauden kontseilarientzat, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixartentzat; askatasuna erbestean dauden agintarientzat, eta askatasuna Kataluniarentzat berarentzat.

Bi pankarta eraman dituzte manifestazioaren buruan. Som republica(Errepublika gara) jartzen zuena bat, eta Llibertat presos politics (askatasuna preso politikoetzat) zioena bestea. Gizarte zibileko eragileek eraman dute aurrena, eta presoen senitartekoek bigarrena. Hainbat irudi eraman ditu jendetzak, eta, haien artean, presoen argazkiak hainbat euskarritan. Motel-motel egin dute ibilbidea, eta bete-bete eginda egon da kalea. Une batean, sakelakoen argiak piztu dituzte manifestariek, elkartasun seinale gisa.

Manifestazioaren bukaeran hainbat hitzaldi izan dira. Anna Fornek hartu du hitza besteak beste, Joaquim Forn Barne kontseilariaren arrebak. Haren izenean, esan du: "Eskerrik asko zuen babesagatik. Gure itxaropena zuen askatasuna da. Erabateko batasuna behar dugu".

Preso guztien eskutitzak irakurri dituzte haien senitartekoek, eta erbestean diren gobernukideek bideoz bidali dituzte mezuak. Badira guztiek egin dituzten eskaera batzuk: batasunari eutsi, eta bide zibiko eta baketsuekin jarraitu.

Carles Puigdemont gobernuburuak ere bidali du mezua. "Ezin gara kikildu askatasunak kendu nahi dizkigutenen aurrean". Batasunerako deia egin du Puigdemontek ere, eta, berriz ere, erreakzionatzeko eskatu dio Europari.

ANC eta Omniumeko bozeramaileek ere hitz egin dute. Marcel Maurik salatu du Espainiak ez duela arrazoitzen, baina azpimarratu du beren helburuak beteko dituztela: "Eskubideak gureak dira, instituzioan gu gara". "Sentitzen dugun tristuraren, ezinaren eta amorruaren gainetik, irribarre egingo dugu, bake herri bat gara. Herri bat ez da egiten gorrotoz. Ez dugu gorrotorik, askatasun gosea baizik". 

Biek azpimarratu dute preso guztiak aske izan arte ez diotela mobilizatzeari utziko, eta lortuko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.