Errefuxiatuen krisia kudeatzeko Europaren estrategiaren lehen zantzuak eman ditu Suediak: errefuxiatuen eta migratzaile ekonomikoen arteko bereizketa argia egin, eta azken horiek kanporatu. Iheslariaren estatusa herrialde bakoitzeko migrazio agentziak ematen du, baina Anders Ygeman Suediako Barne ministroak ez du ebazpena eman arte itxaron, eta dagoeneko iragarri du iaz asiloa eskatutako 60.000 eta 80.000 lagun artean kanporatuko dituztela, eta, beharrezkoa bada, indarrez. «Erronka handi bati aurre egin behar diogu». 163.000 bat lagunek jo zuten iaz Suediara babes eske.
Per capita errefuxiatu gehien jaso duen herrialdea da Suedia, eta mugetan kontrolak jarri dituen Schengengo kideetako bat. Eztabaida eragin du gizartean iheslarien aferak, eta Stefan Lofven lehen ministroaren gobernua kolokan jarri du. Alderdi Sozialdemokratak gutxiengoan gobernatzen du, ekologisten babesarekin. Halere, sozialdemokraten onarpen mailak hondoa jo du, etaazken 50 urteetako baxuena da.
Dagens Industri egunkari ekonomikoari azaldu dizkio Barne ministroak gobernuaren planak.Orain arte kanporaketak hegazkin komertzialetan egiten zituzten, banaka. Prozesua azkartzeko, baina, kanporaketetarako propio prestatutako hegaldiak erabiliko dituzte. Behar izanez gero, indarrez kanporatuko dituzte. «Borondatezko itzulerak izan daitezen baldintzak sortuko ditugu. Baina funtzionatzen ez badute, kanporaketa behartuak izango dira».
Asilo eskatzaileak kanporatzeko EB Europako Batasuneko beste kideekin elkarlanean aritu asmo du Stockholmek, Alemaniarekin batez ere. Jatorrizko herrialdeekin ere deportazio itunak sinatu nahi ditu, Afganistanekin eta Marokorekin, esate baterako. «Afrika iparraldeko herrialdeekin eta Afganistanekin eztabaidak izan ditut, baina zaila da dagozkien erantzukizunak har ditzaten», esan du Ygemanek.
Oposizioak eta errefuxiatuen eskubideen aldeko eragileek gogor kritikatu dute gobernuaren jarrera. Terfa Nisebini abokatuak Expressen egunkarian salatu duenez, gobernua Suediako Migrazio Bulegoaren jardunean eragiten saiatu da. Izan ere, batez beste 299 egun behar ditu agentzia horrek eskaera bati buruz ebazteko. Iazko eskaeren bi herenak udazkenetik aurrera egin zituztenez, hurrengo urte hasieran iritsi beharko litzateke erantzuna.
Iheslariak jaso ahala, errefuxiatu estatusa jasotzeko baldintzak gogortu ditu Suediak. 81.000 asilo eskaera jaso zituen 2014an, eta horien %55 onartu zituen. Gobernuak iritsitako iheslarien kopuruaren arabera banatuko ditu baimenak. «Iaz jende asko jaso genuen, eta, hori dela eta, asilo programaren baldintzak beteko ez dituen jende gehiago egongo da», adierazi dio The Local egunkariari Victor Harjuk, Barne Ministerioaren bozeramaileak.
Gobernuak onartu du «arrisku handia» dagoela asilo eskatzaileek kanporatzeari muzin egiteko eta herrialdean paperik gabe geratzeko. Horregatik, baimenik gabekoak estutzeko neurriak hartuko ditu: 1.000 mugazain gehiago kontratatu, eta paperik gabekoak eskulan gisa erabiltzen duten enpresen aurkako zigorrak handituko ditu. «Legez kanpoko lan merkatu bat badago, Suedian geratzeko akuilua handiagoa izango dute», adierazi du Ygemanek.
Bruselaren balekoa
Europako Batzordearen oniritzia jaso du Suediaren iragarpenak. Natasha Bertaud Europako Batzordeko bozeramailearen arabera, giltzarria da «itzulera politika» migratzaile ekonomikoak eta errefuxiatuak bereizteko. «Noski, herrialdeek eskubidea dute asilo eskubidea ez dutenak kanporatzeko».
Europa erabat gotortu nahi du Bruselak, eta baimenik ez dutenak kanporatzeko prestatzen hasi da. Greziatik iritsitako migratzaileak Turkiara kanporatzeko plan bat dute esku artean Herbehereek —EBko presidentetza dute seihilabeteko honetan—. Trukean, EBk150.000 eta 250.000 iheslari hartuko lituzke Turkiatik. Baina, horretarako, Bruselak herrialde seguru gisa izendatu behar du Turkia.
80.000 asilo eskatzaile indarrez kanporatzeko atea ireki du Suediak
Babes eskubidea ukatutakoak deportatzeko oniritzia eman du Europako Batzordeak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu