Hamabost urteren ostean, Al-Fatahk eta Hamasek urtarrilean iragarri zuten maiatzaren 22an egingo zirela Palestinako Parlamenturako hauteskundeak. Bart gauean, baina, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek iragarri zuen atzeratu egingo zituztela bozok, Israelek Jerusalem ekialdean bozkatzea ahalbidetzen zien arte.
Palestinarrek euren hiriburu dute Jerusalem ekialdea, baina baita Israelek ere. Han bizi diren 350.000 palestinarretatik 150.000k zuten bozkatzeko aukera. Horietatik 6.000k nahitaez posta bidez eman behar zuten botoa, baina Israelek ez du baimendu halakorik egitea. Ezezkoa emateko, Tel Avivek argudiatu du erabakia hartuko duen gobernurik gabe dagoela —martxoaren 23an egin zituzten parlamenturako bozak, baian oraindik ez dute gobernurik osatu—.
Atzeratzeak haserrea eragin zuen bozetan parte hartzekoak ziren 36 alderdietan. Horietako bat da Hamas. «Erabakiak alderdien arteko adostasuna urratzen du, eta talka egiten du herritarren borondatearekin», salatu zuen alderdiko kide batek: «Kairon adostutakoaren aurkako estatu kolpea da Abbasen erabakia».
Atzeratzea iragarri eta ordu gutxira lehertu dira protestak Gazan eta Zisjordanian. Kritikak ugariak izan dira, batez ere lehen aldiz bozkatzeko aukera izatekoak ziren gazteen artean. «Bozkatzeko eskubidea dut, eta gure herria ordezkatuko duten hautetsi berriak nahi ditut», zioen Wale Deysek, Hebronen bizi den gazte palestinarrak.
Oposizioak Abbasi kritikatu dio Jerusalem ekialdean bozkatu ezin izana baliatzea bozak atzeratu eta denbora irabazteko; izan ere, aurreikuspenen arabera, Al-Fatahk nabarmen egingo zukeen atzera maiatzerako deitutako bozetan. Ez dago argi gauza bera gertatuko ote den ekainerako deitutako presidentetzarako hauteskundeekin.
Zatiketak Al-Fatahn
Ahulduta dago Abbasen alderdia, eta horren froga da preso dagoen alderdiko buruzagi ohi Marwan Barghutik eta alderdiaren sortzaile Yasser Arafaten biloba Nasser al-Qudwak euren zerrendak iragarri dituztela. Abbasen alderdiaren gainbehereak Hamasen gorakada ekarriko duela uste dute adituek, eta horri egozten diote Israelek Jarusalem ekialdean bozkatzeko baimena ukatu izana.