«Gazako zerrenda Palestinako Estatuaren parte da». Horregatik, PAN Palestinako Aginte Nazionala prest agertu da zerrenda gobernatzeko, baita bertako segurtasuna bermatzeko ere. Hala jakinarazi du PANeko presidente Mahmud Abbasek NBEren Batzar Nagusiaren urteroko bilkuran telematikoki eman duen hitzaldian. Gerra amaitzeko eta Palestinako Estatua eraikitzen hasteko garaia dela azpimarratu du: «Gerra bukatu eta urtebetera hauteskundeak egingo ditugu». Gainera, ziurtatu du Hamas talde islamistak ez duela tokirik izango estatu horretako gobernuan, eta armak entregatzeko deia egin dio.
Bozak egin bitartean, PANeko ministro batek gidatutako administrazio talde bat eratzea proposatu du Abbasek, behin-behinean Gaza gobernatzeko eta zerrenda Zisjordaniarekin batzeko. Gainera, NBEko kideei jakinarazi die tarte horretan herrialde arabiarren eta nazioartearen babesa beharko dutela Gazako herritarrek.
Gaur-gaurkoz, baina, Palestinak estatu behatzaile gisa parte hartzen du NBEn. Gainera, gaur, Abbasek ezin izan du NBEren New Yorkeko (AEB) egoitzan eman hitzaldia, Etxe Zuriak ez baitio baimenik eman herrialdean sartzeko. Horregatik, telematikoki izan bada ere, PANeko presidenteak Palestina «eskubide osoko estatukide» gisa aitortzeko eskaera luzatu die NBEren parte diren 193 herrialdeei.
Azken astean hamar herrialde baino gehiagok aitortu dute Palestina estatu gisa; tartean, Frantziak eta Erresuma Batuak. Horientzako esker hitzak izan ditu Abbasek, baita astelehenean bi estatuen konponbidea gauzatzeko urratsak zehazteko asmoz egindako goi bileran parte hartu zuten guztientzat, palestinarrei «esperantza itzuli» dietelako. Esan du Israelekin «modu baketsuan eta seguruan» biziko den estatu bat eraiki nahi dutela, eta gogorarazi du PANek Israelgo Estatua aitortu zuela 1993an, Osloko Akordioetan. Halere, NBEko estatu kide izateko beharrezkoa da Segurtasun Kontseiluaren onespena, eta, AEBek jarrera aldatzen ez badute, Palestinak ezingo du hori lortu. Izan ere, Frantziak eta Erresuma Batuak Palestina estatu gisa aitortu dutenez, AEBak dira NBEren Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorren artean Palestinako Estatua onartzen ez duten bakarrak; kide iraunkorrek beto eskubidea dute.
Genozidioa eta okupazioa
Israelen erasoaldien harira, honako hau argi utzi nahi izan du Abbasek: «Ez gara gure lurretatik joango». Gogorarazi du Gazako palestinarrek ia bi urte daramatzatela genozidio bat pairatzen, eta Tel Avivek 220.000 palestinar baino gehiago hil eta zauritu dituela: «Israel egiten ari dena ez da eraso soil bat, gerra krimen bat da, gizateriaren aurkako krimen bat». Bestalde, Zisjordanian eta Jerusalemen kolonia gehiago ezartzeko Israelgo Gobernuaren asmoak ere kritikatu ditu, baita kolono israeldarrek palestinarrei egiten dizkieten erasoak ere. Gainera, Hamasek eta beste hainbat miliziek 2023ko urriaren 7an Israelen egindako erasoaldia gaitzetsi du PANeko presidenteak; «ez dute palestinar herria ordezkatzen». Eta Palestinarekiko elkartasuna eta antisemitismoa «nahastea» txarretsi du.