Abenduko bozei dagokienez, CUPek ez du aterik itxi

Oriol Junqueras presidenteordeak iragarri du datozen egunetan "ulertzen zailak" izan daitezkeen erabakiak hartu beharko dituztela. Catalunya en Comuk ez du baztertzen abenduko bozetara aurkeztea. 

Nuria Gibert, CUPeko bozeramailea. CUP
2017ko urriaren 29a
15:20
Entzun

Egoera "horren konplexua" izanik inolako aukerarik baztertzea "arduragabea" litzatekeela iritzita, ate guztiak zabalik ditu oraindik CUPek. Hala jakinarazi du Nuria Gibert bozeramaileak, Sabadellen egindako hautetsien batzarraren ostean. Dena den, zehaztu du bozekin lotutako edozein erabaki batzarrean hartu beharko dela. Datorren larunbatean bilduko da, hain zuzen ere, alderdiko Kontseilu Politikoa. 

Era batera edo bestera, Gibertek berretsi du ez dutela onartuko 155. artikuluarekin lotutako neurri bakar bat ere, eta desobedientziara deitu ditu herritarrak. "Gure lehentasuna errepublika eraikitzea da, eta hori udaletatik egingo dugu, horiek baitira gure indarguneak". Alde horretatik, baina, kritikatu egin du Generalitateak egin asmo dituen urratsen inguruko azalpenik eman ez izana. 

Josep Lluis Trapero mossoen buruak bere kargugabetzea onartu izanaz ere aritu da Gibert, eta adierazi du norberaren araberakoa dela Espainiako Estatuaren "errepresio lazgarriaren aurrean" zein jarrera hartu erabakitzea. 

Hauteskundeekiko izango duten jarreraren inguruko azalpenik ez du eman Oriol Junquerasek ere El Punt Avui egunkarian argitaratu duen artikuluan. Nabarmendu du, ordea, ezin zaiela hautetsontziei uko egin errepublika berresteko bide gisa. Orain, alderdi subiranisten arteko aliantzak "berreraikitzeko unea" dela dio, eta Podemeko buruari dei egin dio "estrategia bateratu bat" eraikitze aldera. 

Azkenik, gogorarazi du agintean jarraitzen dutela bai Carles Puigdemontek presidente gisara eta baita Carem Forcadellek ere parlamentuko lehendakaritzan, eta "Kataluniaren aurkako estatu kolpea" egitea egotzi dio Rajoyri. 

En Comu, bozetara aurkeztearen alde

Elisenda Alamany alderdiko bozeramaileak ziurtzat eman du alderdia aurkeztu egingo dela abenduko bozetara: "Ikusi behar dugu nola egiten diegun aurre hauteskundeei, baina irudikaezina egiten zait indar progresista eta subiranistek statu quo-aren aldeko taldeen esku uztea horiek". 

Aldiz, baztertu egin du alderdi subiranistek zerrenda bakarra osatzeko aukera, nahiz eta zehaztu ez dutela erabaki sendorik hartu.

Alderdiek hamazazpi eguneko epea dute bozetara aurkeztu ala ez erabakitzeko, baina, koalizioan aurkeztu nahi izanez gero, hamar egun baino lehenago erregistratu behar dute eskaera. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.