Boli Kosta

Abidjanen aurrez aurre

Alassane Ouattarak, nazioarteak babesten duen presidenteak, erasoei ekin eta ultimatuma eman dio Laurent GbagboriAbidjanen, bi aldeen arteko borrokak izan dira, eta okerrera egin dezake egoerak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Eraso egiteko ordua da, ez dago-eta su-etenerako arrazoirik. Denbora gehiegi igaro dute alferrik, ez batera ez bestera. Baina orain, Nazio Batuen Erakundeak Laurent Gbagboren kontra hartu dituen zigorrek hauspoa emanda, Alassane Ouattarak egoera iraultzeko helburua hartuta ekinean daramatza egun batzuk, apenas erresistentziarik topatu gabe bidean, momentuz. Gbagbok, nazioarteak iazko azaroko hauteskundeetan galtzailetzat jo zuen presidenteak, ez du-eta boterea uzteko intentziorik. Horregatik, etsi arte gerrari ekitea erabaki du oposizioak, «bakerako bitartekoak amaitu» direlako.

Guillaume Soro ari da gerra mezuak ematen, lehen ministroa. Gbagbori ultimatuma eman zion atzo herrialdea «bakarra eta zatiezina» dela esan eta alde egiteko ordu batzuk baino ez dituela ohartarazita. San Pedro portu estrategikoa eta Jamusukro hartuta, Abidjan bidean, Gbagbori mintzatu zaio, mehatxu eginezelkar ikusiko dutela. Gbagbo han dago gotortuta, berarekin oraindik fidel dira militarrekin, baina poliziek eta jendarmeek bestaldera jo dutela jakinarazi du NBEko ordezkari Kassi Ludovicek. Ouattararen aldean, berriz, Boli Kostako Indar Errepublikanoak daude.

Behin indar guztiak Abidjanen, bandera zuririk ez badago, gatazka izugarriena borrokatuko dute aurrez aurre. Hiriburuaren inguruko auzoetan etengabe entzuten dira tiro hotsak, zentrotik gero eta gertuago Atzo, presidentetzaren jauregitik gertu ere metrailadore eta arma pisutsuen hotsak entzuten hasi ziren.

Egoeraren aurrean Gbagbok hitz egin nahi du, beste behin, auzia luzatu nahian, eta elkarrizketa bidea zabal dezala eskatu dio Afrikako Batasunari. Bilera egingo dute, ABk deituta Addis Abeban (Etiopia), astelehenean, baina ez dago xehetasun gehiagorik.

San Pedro portua atzotik Ouattararena da, mundura kakao esportazio kopuru handiena ateratzen den gunea. Kolpe gogorra dudarik gabe, Gbagbok boterean jarraitzeko ahaleginari, iturri ekonomiko garrantzitsuena etsaiak kontrolpean hartuta. Jamusukro, hiriburu administratiboa ere galera garrantzitsua da, hegoaldetik iparraldera oihana erdibitzen duen zentro politikoa baita. Hiriburua beti izan da sinbolo garrantzitsua, gehiago gerra garaian. Eta horrez gain, herrialdea zeharkatzen duten errepide guztien bidegurutzea da.

NBEren zigorrak

Azkenaldian, mundua Libiara begira dagoenean, gatazka hari jartzen dioten atentzio bera merezi duela leporatzen ari zaio Afrikako Batasuna Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari, hildakoak eta iheslariak barra-barra sortu dituela auziak. Hara bidali dituen 10.000 kasko urdinak dira duten laguntza bakarra bi bandoen erdian, baina euren jarrera pasiboa salatu dute gobernuz kanpoko erakundeek. Gauzak horrela daudela iritsi da, azkenean, NBEren ebazpena: 1975. Boterea ez uzteagatik zigorrak jartzea erabaki du aho batez eta berehala. NBEk han duen misioari baimena ematen dio zibilak babesteko «behar dituen bitartekoak» erabiliz; hori baita lehentasuna. Hori eta haien kontra edozein arma pisutsu erabiltzeko debekua ezartzea.

Gatazka luzea

Gatazkak iragan luzea dauka. Boli Kostan 30 urtez zuzendu zuen herrialdea Felix Houphouet Boignyk, aberriaren aitak, 1993ra arte. Frantziaren aliatu fidelak, politika autoritarioa ezarri zuen, arlo ekonomikoa liberala izanda ere. Bere agintaldian, atzerriko inbertsioei esker esportazioetarako nekazaritza berritu zuten, eta inguruko herritako jendearentzat emigratzeko leku egokia bilakatu zen.

Bera hil ondoren, Henri Konan Bediek bide bera jarraitu zuen, baina estatu kolpe batek egoera nahasiaren garaiari hasiera eman zion. 2000 urteko hauteskundeek itxuraz konpondu zuten aro hori, baina historiaren paradoxak, emaitzak zalantzan jarri zituzten, eta Robert Guei presidenteak uko egin zion irabazleari zegokion lekua uzteari, Laurent Gbagbo izena zuen historia irakasleari. Beste lehiakide bat ere kanpoan utzi zuten, bere gurasoak Boli Kostan jaiotakoak ez zirelako —legeak hori zioen—: Alassane Ouattara.

Hegoaldeko eliteak iparraldeko nekazari pobre eta musulmanari dion ezinikusiak bultzatuta —horietako asko gainera atzerritik etorritakoak edo haien oinordekoak dira—, bizitza politikotik baztertzeko mekanismoak ezarri zituzten. Asaldura 2002an areagotu zen talde gerrillari aliatuek herria bitan banatu zutenean bost urtean.2007ko bake akordioak behin betiko bakerako lehen urratsa zirudien, baina Gbagboren eta Guillaume Sororen arteko liskarren ondorioz —matxinoen buruzagia zen orduan Soro—, eta errolda ezartzeko izan zituzten arazoak direla-eta iazko azarora arte ezin izan zituzten hauteskundeak egin.

Baina orduan ere ezin izan zen akordio bat egin hegoaldearen eta iparraldearen artean, eta herriaren banaketak jarraitzen du, eta buruzagi politikoen bidegabekeria bere forma gordinean agertzen ari da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.