Abortua zigortzea konstituzioaren kontrakoa dela ebatzi du Mexikoko Gorenak

Orain arte abortatu ezin zen 28 estatutan zuzenean eragingo du erabakiak.

Talde feminista bateko kideak, Coahuilan abortua onartu zutenean, ekainean. DAVID MARTíNEZ PELCASTRE, EFE
2021eko irailaren 8a
08:07
Entzun

Mexikoko Auzitegi Gorenak konstituzioaren kontrakotzat jo zuen atzo abortatzeagatik zigortzea, iparraldeko Coahuila estatuko lege baten artikuluak ezabatzea erabaki zuenean. Hala, ebazpenak soilik estatu horri eragingo dio, baina, aldi berean, «nahitaezko irizpide bat» finkatu du antzeko kasuez ebatzi beharko duten epaile guztientzat, Gorenak azaldu zuenez.

«Gaur egun historiko bat da», esan du Luis Maria Aguilar Morales magistratuak. Gaineratu du aurrerantzean ez dutela haurdunaldia eteteagatik inor epaituko Mexikon, eta espetxe mehatxua eta estigmatizazioa desagerrarazi dituztela.

Gaur egun, soilik Mexikoko lau estatutan abortatu liteke, hamabigarren astera arte. Ondorioz, Gorenaren erabakiak beste 28 estatuetan eragingo du zuzenean. Margarita Rios Farjat epaileak adierazi du abortua zigortzea giza eskubideak mugatzea dela: «Inork ez du erabakitzen haurdun geratzea gero abortatzeko». Farjatek ohartarazi zuen ezin litekeela diputatu baten eskumena izan haurdunaldia borondatez eteten duen inor zigortzea, giza eskubideak jokoan daudenean. Goreneko epaileak gogorarazi zuen Mexikon urtero 750.000 eta milioi bat abortu artean egiten direla ezkutuan, eta ezin direla erabaki hori hartzen dutenak baztertu.

Gorenaren erabakiaren ostean, aldeko eta kontrako herritarrak atera dira kalera. Talde feministek ere historikotzat jo dute erabakia.

Mexikoko 32 eskualdeetatik soilik lautan dago legez abortatzeko aukera: Mexiko Hirian, Oaxacan, Hidalgon eta Veracruzen. Baina atzoko erabakiak mugarri bat ezarriko du, eta aurrerantzean, hala nahi dutenek, abortuaren kriminalizazioaren aurka egin ahal izango dute beste estatuetan ere. Baina bestelako ondoriorik ere ekar lezake erabakiak; izan ere, ugari dira Coahuila estatuan abortatzeagatik espetxean dauden emakumeak, eta horien zigorra berrikusteko aukera eskaintzen du epaiak. Horrez gain, Mexikon bertan eta mugaz iparraldera, Texasen (AEB), abortua debekatua dagoenez, emakumeek horra jo dezakete haurdunaldia etetera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.