Abortuaren legea indargabetzeko proposamena aurkeztu du Mileiren alderdiak

Proposatu dute hiru urtera arteko espetxealdia ezartzea abortatzen dutenei. Argentinan orain indarrean dagoen arauarekin, haurdunaldia etetea legezkoa da hamalaugarren astera arte.

ARGENTINA ABORTO
Abortua despenalizatzearen aldeko protesta bat, Buenos Airesen, iaz. ENRIQUE GARCIA MEDINA / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko otsailaren 8a
13:00
Entzun

Javier Milei Argentinako presidenteak hamaika neurri proposatu zituen hauteskunde kanpainan. Zeresan gehien eman zutenen artean daude ekonomiaren dolarizazioa eta estatuaren esku hartzea gutxitzea. Baina, motozerra hotsek eta norabide guztietara bideratutako irainek ez ezik, beste proposamen batek ere eragin zuen harrabotsa: abortatzeko eskubidea bertan behera uzteko asmoak. Gaur jakinarazi dutenez, Mileiren alderdiak —LLA Askatasuna Aurrera Doa— abortuaren legea indargabetzeko testu bat aurkeztu zuen Kongresuan joan den astelehenean.

Alde batetik, abortatzen duenari urte bat eta hiru urte bitarteko espetxe zigorra jartzea proposatu du LLAk. Bestetik, haurdunaldia eteten lagundu dutenei urte batetik lau urtera bitarteko kartzelaldia ezartzea proposatu du Mileiren alderdiak; tarte hori sei urtekoa bilakatuko litzateke abortatzen ari dena hilko balitz. Beste aukera bat ere jasotzen du testuak, horrekin zerikusia duena: «Emakumea baimenik gabe abortatzera behartzea»; horretan, espetxe zigorra hiru urtetik hamarrerakoa izan liteke, eta, abortatzen duena prozesuan hilko balitz, hamabost urtera handituko litzateke zigorra.

Are gehiago, LLAk bertan behera utzi nahi ditu duela ehun urte baino gehiago Argentinan abortatzeko eskubidea bermatzen zuten aldagaiak. 1921ean onartutako zigor kodeak bi baldintza jasotzen ditu haurdunaldia eteteko: emakumearen bizitza arriskuan egotea edota haurdunaldia bortxaketa baten ondorio izatea. Lege proposamen berrian ez da arrazoirik zehazten abortatu ahal izateko. Halere, aukera ematen die epaileei haurdunaldia eten duenari zigorra barkatzeko, betiere «delitua egiteko arrazoiak, emakumeak abortuaren ostean duen jarrera eta ekintzen izaera» kontuan hartuta.

Argentinan, gaur egun, haurdunaldiaren lehen hamalau asteetan «era seguru, legal eta doakoan» abortatzeko eskubidea dago; hori 2021eko urtarrilaren 14tik dago indarrean, Haurdunaldia Borondatez Eteteko Legearen bitartez. Gainera, haurdunaldia eteteko arrazoien artean 1921etik ezarrita daudenetako bat egonez gero, denbora tarte hori luzatu egiten da.

Mileiren alderdiak proposatu du indarrean dagoen legea indargabetzea eta abortua delitu gisa sailkatzea, eta sei artikuluz osatutako testu bat osatu du horretarako. Horrekin batera, haurdunaldia eteten laguntzen duen mediku, erizain, emagin eta botikari oro espetxean sartzeko eskatzeaz gainera, LLAk proposatu du haiek inhabilitatzea, eta inhabilitazio horrek espetxean emango duten denbora halako bi irautea.

Espero gabe

Argentinako Diputatuen Ganberak Omnibus Legea atzera bota eta biharamunean plazaratu dute testua. Presidenteak sustatutako neurri sorta nagusia da lege proiektu hori, eta hutsetik hasi beharko du tramitazioa ostera, oposizioak hainbat artikuluren aurka egin ostean. Mileiren lehen porrota izan da hori. Hortaz, abortuaren legea indargabetzeko plana horren ondoren plazaratu izana ezustean hartu dute herrialdean.

Milei abortuaren aurkakoa dela jakina da herrialdean. Joan den hilabetean, Davosen (Suitza) egindako Munduko Ekonomia Foroan, argi utzi zuen bere jarrera, «feminismoaren agendaren» aurka eginda; «abortuaren agenda odoltsua» zela esan zuen. Ez zirudien, baina, haurdunaldia eteteko eskubidearen aurkako etengabeko jarrera hori parlamentura helduko zenik berehala; izan ere, iragan hilabetean, Manuel Adorni Presidentetzako bozeramaileak baztertu egin zuen aukera hori, behin-behinean: «[Abortuaren legea indargabetzea] Ez dago gure ibilbide orrian gaur egun».

Urratsa egitea erabaki dute, ordea, argudiatuta abortuaren egungo legea konstituzioaren aurkakoa dela. «Konstituzioaren eta Argentinako herriaren nahi orokorraren aurkakoa da, eta ez du barne hartzen gizakien duintasuna», esan dute proposamenean.

Proiektuak hautsak harrotu ditu Argentinako mugimendu feministan. Abortua legezkoa izatearen aldeko plataformak, esaterako, adierazi du legea indargabetzeak «ezkutuko abortuetara» itzultzea eragingo lukeela: «[Mileiren alderdiak] Ezkutuko abortuengatik hildakoak zenbatzen hasi nahi du berriz». X sare sozialean, «ez gara inoiz berriz hasiko ezkutuko abortuak egiten» aldarria plazaratu dute. Azken oldarraldia ikusita, hainbat eragilek —Ni Una Menos eta Socorristas En Red, besteak beste— Martxoaren 8an aldarri hori hartu eta kalera ateratzeko deia egin diete Argentinako herritarrei.

Ultraeskuina Argentinarako presidentetzara heltzeak feminismoari kalte egingo ziola ohartarazi zuen ekintzaile feminista andana batek hauteskunde kanpainan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.